Zaldibarko hondamendia

30 milioi euro, eta goraka

Zaldibarko luiziaren faktura zenbatekoa izango den argituz doa apurka. Kontratu nagusia 26 milioi eurora iritsi da azken eguneraketan. Epaileak ebatziko du nork ordainduko duen.

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
<i>Bilbo</i>
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Zaldibarko (Bizkaia) hondamendiak kalte pertsonal eta ekologiko kalkulaezinak eragin ditu. Datuetan islatu ezin daitezkeen oinaze eta ondorioak dira horiek. Haien alboan, kalte ekonomikoak ere oso handiak dira; horiek, baina, kalkulagailu eta fakturekin azaleratu daitezke. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak emaniko datuen arabera, erakundeek 30 milioi eurotik gora gastatu dituzte orain arte Verter Recyclingen zabortegia amildu izanak eragindako kalteak konpontzen, eta litekeena da kopuru hori gehiago handitzea. Gero, epaileak erabaki beharko du zeinek ordaindu beharko duen faktura.

Gastu horien artean handiena, alde handiz gainera, zabortegi gaineko lanena da. Iazko udaberrian presazko prozeduraz esleitu zitzaizkion Eitzaga enpresa elkarketari. Moyua eraikuntza enpresak hartu zuen bere gain lanen pisurik handiena. Kontratu horretan sartzen dira, besteak beste, desagerturikoen bilaketaren lan mekanikoa, mendi magala egonkortzea eta zaborrak hartzeko biltegi berria eraikitzea. Kontratu hori ziklikoki berrituz joan da, lanak luzatu ahala. Jaurlaritzak publiko eginiko agirien arabera, urtarrilaren 31n berritu zen azkenekoz, Javier Agirre Orkajo ingurumen administrazioko zuzendariaren sinadurarekin. Azken eguneratze horretan, Jaurlaritzak 3,5 milioi euro gehiago bideratu zituen lan horietara, eta, ondorioz, enkarguaren kostua 25.878.404 eurokoa da, BEZa barne. Enkargu hori, baina, maiatzaren 31n amaituko da, eta, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak atzo azaldu zuenez, oraindik Ā«bizpahiruĀ» hilabete beharko dira lan horiek bukatzeko. Beraz, berriz ere eguneratu beharko dute datu hori.

Autobideko harresia

Zabortegiko magaletik kanpo, lanen beste zati handi bat A-8 autobidearekin zerikusia dutenak izan dira. Horiek Bizkaiko Aldundiak hartu ditu bere gain, Interbiak autobidea kudeatzen duen enpresa publikoaren bitartez. Autobidetik harresi handi bat ikus daiteke Ermua parean, baina lanak hura eraikitzea baino gehiago izan dira. Jaurlaritzaren agirietan harresiarekin zerikusia duten bi kontratu ageri dira, 373.000 eta 174.000 eurokoak, hurrenez hurren. Imanol Pradales Bizkaiko Aldundiko azpiegitura diputatuak, baina, iazko ekainean esan zuen aldundiak ordura arte bere gain harturiko lanen kostua 3.359.525 eurokoa zela. Ordurako lanak bukatuta zeuden, eta, ia urtebete pasatu den arren, litekeena da kopurua asko handitu ez izana.

Bi gastu horiekin bakarrik ia 30 milioi euro dira, eta horiei zabortegi inguruan eginiko beste lan batzuen gastua gehitu behar zaie: esaterako, Saitec ingeniaritza bulegoarekin sinaturiko 863.000 euroko kontratua hark egin zuen biltegi berriaren diseinu teknikoa, eta ingurumen eskaerekin zerikusia duten hainbat ekintzagatik Iragaz Waitinekin sinaturiko 575.000 euroko beste bat. Kontratazio publikoko atarietan Jaurlaritzaren agirietan ageri ez diren beste kontratu txikiago batzuk daude: uren kontrola, langileen amianto garbiketa... Jarduna erabat bukatu arte ezingo da jakin zenbat izango den guztira. Gero etorriko dira abokatuak, kalte ordainak, desjabetzeak, ertzain eta suhiltzaileen despliegea... Epaiketan jakingo da zenbatekoa izango den hondamendiaren kostua, baina oraindik zertxobait handituko da kopurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.