Noiz sortua: 2020-02-15 00:30:00

Baionako suprefeturako ustelkeria aferari lotuta, 47 lagun galdekatu dituzte

Diru edo opari berezien trukean gidabaimenak faltsutu izana leporatu diote suprefeturako langile bati. Libre utzi du Paueko Dei Auzitegiak
Herve Jonathan Baionako suprefeta.
Herve Jonathan Baionako suprefeta. ISABELLE MIQUELESTORENA Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2020ko otsailak 15
Hautetsiak, nazioarteko kirolariak, goi funtzionarioak, jendarmeak, baita informazio agenteak ere: gutxienez 47 pertsona galdekatu dituzte Baionako suprefeturako ustelkeria aferarekin lotuta. Orain dela hilabete bat, 49 urteko gizon bat atxilotu zuten, suprefeturako funtzionarioa, eta behin- behinean preso sartu zuten. Kontrol neurriekin libre uztea erabaki zuen Paueko Dei Auzitegiak herenegun.

Gidabaimenen fitxategiaren manipulazioa dago ustelkeria kasuaren erdian. Diru edo opari berezien truke gidabaimenean galdutako puntuak berrezarri edo ezeztatutako gidabaimenak baliodun egin izana leporatzen diote suprefeturako langileari. Joan den urrian abiatu zuen afera, Herve Jonathan Baionako suprefetak berak emandako abisu baten ondotik.

Emmanuel Zapirain auzipetuaren abokatuak epaileari eskatu zion instrukzio denboran aske uzteko, eta asteartean deklaratu zuen Baionako presondegitik, bideokonferentzia bitartez. Libre uztea erabaki du, azkenean, epaileak.

Notableak jomugan

Oraingoz ez dute jakinarazi zein izan izan diren gidabaimen manipulatuen onuradunak, baina Ipar Euskal Herriko notableak lirateke gehientsuenak. «Nola nahi duzu ezetz erran diezaien halako jende batzuei?», galdetu du Zapirainek.

Miarritze eta Baiona errugbi taldeko jokalari eta jokalari ohiak aferarekin lotuak direla argitaratu zuen Rugbyrama kazetak, baina Marc Marie prokuradorearen arabera, ustelkeria kasua ez da soilik errugbi munduarekin lotua. Michel Poueyts Miarritzeko hautetsiaren izena agertu zen zenbait hedabidetan, eta pentsatzekoa da ondoko asteetan izen gehiago ere aterako direla argitara. Herriko hauteskundeetarako kanpaina hastear dela, hautagaitza batzuetan eragina izan dezake.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna