Albistea entzun

Gizakien objektuek gehiago pisatzen dute jadanik Lurreko biomasak baino

Gizakien zama ez da biomasa osoaren %0,01 besterik, baina haren objektuen pisuak gaina hartu dio jada biomasarenari. 2040rako, naturako gaien pisua halako hiru izango da material artifizialena
AHTko <em>euskal Y</em>-aren zubibide bat, Bergaran. Hormigoia da gizakiak sortutako objektuetan pisutsuena munduan.
AHTko euskal Y-aren zubibide bat, Bergaran. Hormigoia da gizakiak sortutako objektuetan pisutsuena munduan. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2021eko urtarrilak 17

2020a historikoa da zentzu askotan. Mundua astindu duen COVID-19aren pandemiaren urtea izateagatik gogoratuko da gehienbat. Baina beste marka batzuk ere ezarri ditu: 2016arekin berdinduta, inoiz Lur planetan izandako batez besteko tenperaturarik beroena izan zen, industria aurreko aldian baino 1,25 gradu beroagoa. Ekologiaren arloan, etorkizunean eragin handia izan dezakeen beste marka bat ere ekarri du: lehenengo aldiz, gizakiak sortutako objektu artifizialen pisua handiagoa da Lur planetaren biomasarena baino. Hau da, 2020a amaitzerako naturak sortutakoak baino gehiago pisatzen zuten gizakiak egindako objektuek. Hau da, objektu artifizialek 1,1 bilioi tona edo teratona (Tt) baino gehiago pisatzen dute jada.

Israelgo Weizmann Zientzia Institutuko ikertzaile talde batek egindako lan batek eman du ondorio horien berri, Nature-n argitaratutako Global human-made mass exceeds al living biomass izeneko artikuluan (gizakiak sortutako masa globalak biomasa gainditu du). Eta zeintzuk dira ikertzaileek masa antropogenikoa deitu dioten hori osatzen duten objektuak? Ohikoenak zerrendatu dituzte: hormigoia, hondarra, legarra, adreiluak, asfaltoa, metalak, egurra, plastikoa, papera eta beira. Haiekin sortutako autoek, eraikinek, errepideek, ontziek, gailu elektronikoek, arropek, komuneko paperak, plastikozko ontziek eta gainerakoek zama handiagoa dute landareek, animaliek, onddoek, arkeoek eta protistoek baino.

Datu ugari eman dituzte egileek, gizakiek ekoitzitakoaren eragina zenbaterainokoa den ulertzen laguntzen dutenak. Gaur egun munduan dagoen plastikoak zortzi gigatonako (Gt) zama dauka, planetan bizi diren animalienaren bikoitza, lau gigatona pisatzen baitute haiek.

Gizakien zama biomasa osoaren %0,01 besterik ez da, baina haren objektuek biomasaren pisua gainditu dute jadanik. Beste ondorio bat, gogoan hartzekoa: eraikinek eta azpiegiturek —errepide, ubide, trenbide eta abarrek— zuhaitzek eta zuhaixkek baino gehiago pisatzen dute jadanik. Datu horien esanahia argitu dio BERRIAri ikerketako egileetako batek, Ron Milo biologo, ikerketaren koegile eta Weizmann Institutuko ikertzaileak. «Eman dugun datu hau historikoa da, lehen aldiz gertatu baita, eta uste genuen baino bizkorrago gertatu baita, gainera. Halaber, garrantzi sinbolikoa du, gizakien ekintzen ondorioak espezie menperatzaile batenak baitira».

Mende bateko bilakaera

Gizakiek egindako objektuen hazkundeak bilakaera indartsua izan du mende batean. Duela 120 urte, biomasaren %3 ingurura iristen ziren objektu artifizialak. Bigarren Mundu Gerraren ostean, Azelerazio Handia hasi zen munduan, eta, geroztik, 30 gigatona hazi da urtero objektu artifizialen pisua. Hau da, urtero %5 handitu da masa antropogeniko horren ekoizpena. 1900etik hona, objektu artifizialen zama bikoiztu egin da 20 urtean behin, eta pisu horren erdia hormigoiak, legarrak eta eraikuntzarako beste materialek osatzen dute. Adreiluei, asfaltoari, metalei, plastikoei eta beste material batzuei zama osoaren %19 dagokie.

Prozesua gero eta azkarragoa da, gainera. Gaur egun, astero gizakiek sortzen dituzten material berrien pisua planetan bizi diren gizakiena (7.700 milioi inguru) bezainbestekoa da. «Gaur egungo joerari eusten bazaio, masa antropogenikoak —hondakinak barne— hiru teratonako pisua gaindituko du 2040rako; hau da, gaur egungoaren eta Lurreko biomasarenaren hirukoitza izango da».

Ikertzaileek ohartarazi dute ezen, etorkizunean hazkunde hori baieztatzen bada, ondorioak izango direla naturaguneetan, biodibertsitatean eta ziklo klimatiko eta biogeokimikoetan. Halaber, hondakinekin sortuko den arazoa ere azpimarratu dute, zeren hazkunde erritmo horren arabera, ikertzaileek ondorioztatu dute hurrengo 20 urteotan azken 110etan bezainbeste hondakin sortuko direla Lur planetan.

Aditu batzuen arabera, produktuen ekoizpenaren hazkunde horrek talka egin lezake material batzuen produkzioaren gailurrarekin edo ekoizpenaren gehieneko kantitatearekin. Esate baterako, Antonio Aretxabala geologo nafarrak tesi hori babestu du: «2015etik ezin dugu baliabide gehiago sortu ez bada energia gehiago xahutuz. 2017tik, beherakada etengabea da; 2018an, goia jo zuen; eta, 2020an, birusaren laguntzarekin, %10 inguru uzkurtu da».

Ikerketaren koegile Ron Milo sinesgaitz dago tesi horrekin: «Material gehienei dagokienez, oraindik ere Lurreko gordailu ugaritan atera ditzakegu nahi beste baliabide. Gainera, gizakiak burutsuak izaten gara material gehiago edo antzekoak egiteko moduak aurkitzen, lehengai jakinen bat amaitzen zaigunean».

Etorkizun hurbilean izan daitekeen arazo bat ere aipagai dute txostenean. Izan ere, munduan eraikitako azpiegitura eta eraikin gehienak 1960tik hona altxa zituzten. Orain, haietako asko euren bizitza baliagarriaren amaierara iristen ari direla azpimarratu du Fridolin Krausmann Vienako Unibertsitateko Ekologia Sozialeko irakasle eta lanaren binakako aztertzaileak The National Geographic aldizkarian. Ideia horri heldu dio Aretxabalak ere: «Garapen handiari ekin zioten lehen herrialdeak, AEBak kasurako, mantentze lanen borrokan murgilduta daude jadanik. Azpiegituren zati handi bat euren gain hartu ezin duten kostuarekin berritu behar dute, ubideak huts egiten ari dira, 60.000 zubibidek bizitza baliagarriaren muga gainditu dute». Krausmannek egitura horiek guztiek sortuko dituzten hondakinen jario «handiez» ohartarazi du.

«Antropozenoaren marka»

Lehen nekazaritza iraultzaren arotik, duela 12.000 urtetik hona, Lurraren biomasa erdira gutxitu da. Oihanetan izan da eraginik kaltegarriena, deforestazioaren ondorioz. Hala ere, oraindik ere materia bizidun osoaren %90 zuhaitzek eta zuhaixkek osatutakoa da. Gainerakoa animaliek, laboreek eta elikadurarako hazitako abereek osatzen dute. Nekazaritza eta abeltzaintza garatu zen garai hori bat etorri da Holozeno deitu izan zaion epoka geologikoarekin.

Alabaina, geologo askok uste dute azken hamarkadetan gizakiak eragindako aldaketa horiek izan dutela ondorio geologikorik ere, eta arrasto horren ondorioz Lurra epoka geologiko berri batean sartua dagoela jadanik, Antropozenoan. Izan ere, geologo horien ustez, gizakiek erregistro geologikoa aldatu dute jadanik. Aldaketak eragin dituzte kliman, atmosferan, biosferan, ekoizpen berriko materialetan, erradioisotopoetan... Haien ustez, espezieen galerak eta nahasketak ere erakusten du Antropozenoko erregistro geologikoa eta Holozenokoa oso ezberdinak izango direla. Oraintxe, geologia estamentuetan aztertzen ari dira epoka geologikoari izena aldatzeko proposamena, eta ofizialki indarrean dagoen Holozenoarena ordezkatzea.

Weizman zientzia institutuko ikertzaileek egin duten ikerketaren ondorioek ere pisua ematen diote Antropozenoaren proposamen horri. «Hau adibide giltzarri bat da alor horretan», adierazi du Ron Milok.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Hainbat armeniar errusiarren laguntzaz kamioi batean Karabakh Garaitik ihes egiten. / ©ROMAN ISMAYILOV / EFE

Karabakh Garaiko errepublika 2024ean disolbatuko dela iragarri dute

Isabel Jaurena

Samvel Xahramanian presidenteak adierazi du lehentasuna «herritarren segurtasun fisikoa» dela. 65.000 armeniar inguruk utzi dute lurraldea.

Mahsa Aminiren hilketaren urteurreneko protesta bat Berlinen, hilaren 16an. ©CLEMENS BILAN / EFE

Protesten errautsak, iraultzarako ongarri

Lide Iraola

Urtebete pasatu da Mahsa Aminiren heriotzaren ondoren Iranen emakumeen askatasunaren aldeko mobilizazio jendetsuak hasi zirenetik. Errepresioak markatu zituen ondorengo hilabeteak. Ikusi beharko da aldaketarako atea zabalik gelditu ote den.

Emmanuele Macron Frantziako presidentea, Italiako presidente izandakoaren Giorgio Napolitanoren hiletan, atzo, Erroman. ©Riccardo Antimiani / EFE

Macron marra gorriak planteatzekoa da Korsikako Asanblean

Maddi Iztueta Olano

Frantziako presidentea ostiralera arte izango da Korsikan. Hitzaldi bat emango du uharteko asanblean, eta espero da mugimendu nazionalistak eskatutako autonomia legegilearen inguruan mintzatzea.

Iaroslav Hunka SSetako kide ohia hunkituta, Kanadako legebiltzarkideen txaloak jasotzen, joan zen ostiraleko saioan. ©BERRIA

Kanadako Parlamentuko buruak kargua utzi du, Ukrainako nazi bati omenaldia egin ostean

Edu Lartzanguren

SSetako Galitzia Dibisioan aritu zen 98 urteko ukrainarra, eta Ottawako parlamentura gonbidatu zuten Volodomir Zelenski Ukrainako presidentearen bisitaren harira. Txaloka hartu zuten han nazi beteranoa, eta Parlamentuko buruak «heroi» gisa aurkeztu zuen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.