Haizea Ziluaga. Abokatua

«Auzia ez da leku aldaketa soilena; eskubideak daude jokoan»

Presoak Euskal Herriratzeko eskaeren gaia lantzen dabilen abokatuaren hitzetan, ez da egia auzia ez dagokiola Espetxe Zaintzarako Epaitegiari. Eskubideak haren ardura direla dio.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
EPPK-ko presoen defentsa lanetan ari diren abokatuek ez dute irakurketa publiko sakonik egin nahi oraindik; epaiak ondo aztertu ondoren egingo dute balorazio zehatza. Oporretan harrapatu du Ziluaga BERRIAk, baina tarte bat hartu du galderak erantzuteko.

Sakabanaketak presoen eskubideak urratzen dituela argudiatuta aurkeztu zenituzten kexak Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ez dituela eskubideak urratzen diote epaiek.

Egia esan, jaso ditugun autoak ez dira sartzen guk salatu genituen giza eskubideen bortxaketa horiek aztertzera. Epaileak esaten du ezetz; ez dagoela eskubide urraketarik, baina modu orokortuan egiten du. Ez ditu eskubideak eta salatutako urraketak sakonean aztertzen.

Lekualdatzeen inguruko eskumena ez dela Espetxe Zaintzarena ere adierazi du. Ados zaude horrekin?

Hori esaten du, bai. Eta noski lekualdatzeen gaia Espetxe Zuzendaritzaren Idazkaritza Nagusiaren eskumena dela eta hori bide administratibotik landu behar dela. Hori badakigu. Baina eskubideak urratzen ari direlako egin ditugu kexak Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako Epaitegian. Bere eskubideak bermatu daitezela eskatu dute presoek eta hori bere eskumena da.

Gaia administratiboki landu behar dela eta Espetxeetako Zuzendaritzara jo behar dela esan du epaileak. Hori da presoek nork bere espetxeetan Zaballara eramateko eskatuta hasi zuten bidea?

Bai, hori da. Espetxeari egin zioten eskaera presoek, Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiari. Ezezkoa jaso zutenean jo zuten Zaintza Epaitegira, berak baitu presoen eskubideak bermatzeko ardura.

Ez zegoen bide administratibo an jarraitzeko aukera?

Bai, jarraitu ahal genuen bide hori eta erabakiari helegiteak jarri administratiboki. Baina ezezkoa jasotzean argi geratu zen gaia ez dela leku aldatzeen eremura mugatzen. Argi geratu zen erabakia bestelakoa dela eta sakabanaketarekin eskubideak bortxatzen ari direla. Auzia ez da leku aldaketa soilena; eskubideak daude jokoan. Horregatik jo genuen Zaintza Epaitegira. Ez delako bestelako arrazoirik gabe erabaki lekuz aldatu behar den norbait edo ez. Euskal presoei sakabanaketa beste arrazoi batzugatik ezartzen zaie eta giza eskubideak urratzen ari dira.

Zein bide jarraituko duzue hemendik aurrera?

Erreforma helegitea aurkeztuko dugu eta bide horri eutsiko diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.