'Brexit'-a. Nazioen egoera

Eskozia. Galdeketetako bat lehenetsi beharko du Sturgeonek

Lehen ministroa independentziaz eta 'brexit'-az berriz galdetzearen alde agertu da, nahiz eta lehenaz jarrera lausoagoa izan duen

Nicola Sturgeon Eskoziakolehen ministroa. EFE.
ander perez zala
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak dilema bat du. Brexit-a aukera ezin hobea bilakatu da independentziaz bigarren galdeketa bultzatzeko, eta hainbatetan aritu da aukera horretaz; joan den astean, esaterako, jakinarazi zuen «datozen asteetan» emango duela bere asmoen berri. Baina beste erreferendum batek, zehazki beste bigarren erreferendum batek erabat alda liezaizkioke plan guztiak: brexit-az berriz galdetuz gero, eta EBn geratzeko aukerak irabaziz gero, independentziari buruzkoa egiteko leihoa itxi egingo zaio. Sturgeonek bi galdeketen aldeko jarrera erakutsi du, baina laster bietako bat lehenesteko erabakia hartu beharko du. Eta, zeregin horretan, presioak ez zaizkio faltako, ez Londresen eta ez Eskozian.

2014ko independentzia erreferendumean, Erresuma Batuan geratzearen aldekoak izan ziren garaile (%55,3-44,7). Argudiatu zuten baiezkoak irabaziz gero Eskozia Europako Batasunetik (EB) aterako zela, eta, hein batean bada ere, emaitza beldur horren isla izan zen. Bi urteren ostean, eskoziarrek brexit-ari buruzko galdeketaren aurrean ikusi zuten euren burua: tarte handiz EBn geratzearen alde bozkatu zuten arren (%62-38), Erresuma Batuak talde komunitariotik ateratzea erabaki zuen. Eskoziak, beraz, 2014an saihestutako bidea hartu zuen.

Brexit-aren prozesua abiatu zenetik, ezer aurreikustea ia ezinezkoa da. Sturgeon horretaz ohartu da, eta hondar higikorretan ari da mugitzen bigarren erreferendum baten auzian. Eskoziako independentisten sektore baten presioa du gainera, baita SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko alderdikideen sektore batena ere. Tartean dago Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohia; 2014ko galdeketaren bultzatzailea izan zen, eta independentisten artean oraindik ospe handia du. Salmonden eta Sturgeonen arteko harremana, ordea, ez da oso ona.

Horiek horrela, Eskoziako lehen ministroaren erabakia datozen asteotako gertakarien menpe dago. Mike Russel Eskoziaren brexit-erako ministroak asteon adierazi du bere gobernuak «ahaleginak indartuko» dituela brexit-az bigarren galdeketa behartzeko, baina erabaki hori ere datozen asteotako gertakarien menpe egongo da.

Balizko aukeren artean dago brexit-ari buruzko bigarren galdeketa bultzatzea, independentziari buruzkoa egiteko bermeen truke. Iazko urrian egin zuen proposamen hori SNPren Westminsterreko lider Ian Blackfordek, baina litekeena da hori lortzeko gobernu aldaketa bat behar izatea Londresen.

Independentziari buruzko bigarren galdeketarako leihoa ireki da brexit-ari esker, eta Sturgeoni dagokio unea baliatu ala ez erabakitzea. Horrek esan nahi du, besteak beste, orain arteko lausotasuna alde batera utzi beharko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.