Zidakos ibaiak euriteekin gainezka egin du, eta kalte handiak egin ditu Tafallan

Uholdeetarako plana indarrean jarri du Nafarroako Gobernuak. N-121 errepidea txikitu egin du ibaiak Puiu aldean. Iruñean, zezenketarik ez

Erredakzioa
Iruñea
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Euriteek eta uholdeek desmasia handiak eragin dituzte Nafarroa erdialdean, batez ere Tafalla eta Puiu aldean. Bart arratsaldean lainoek beren zama guztia hustu zuten Tafalla inguruko herrietan; minutu gutxian euri jasa handiak bota zituen, baita trumoi eta tximistekin ere, eta kazkabarra bota zuen hainbat herritan. BERRIAk erredakzioa ixteko orduan goizegi zen oraindik kalteen balorazioa egiteko, baina Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen ordu horretan ez zela kalte pertsonalen berririk. Zidakos ibaiaren uholde eta larrialdietarako plana martxan zeudela ere azaldu zuen.

Larrialdi zerbitzuak etenik gabe aritu dira lanean azkeneko orduetan. Iturri batzuen arabera, herritar asko beren etxeetatik atera behar izan zituzten atzo, arriskuarengatik; bart gaueko hamaiketan, zabaldutako irudi eta bideoak ikusita, nabarmena zen ondasun asko kaltetu dituztela uholdeek. Gaur eguna argitzearekin, garbiketa lanak hasiko dituzte, eta uholdeek eragindako kalteen bilan zehatzagoa egingo dute. Dena dela, atzo gauean Tafallako herritar asko hasiak ziren hondatutako eta zikindutako kaleak garbitzen. Lohiz beteta utzi zituen uraldeak.

Gipuzkoa ekialdean eta Nafarroan arratsaldean hasi ziren ekaitz indartsuak, eta Zidakos ibaiak Tafalla parean azkar batean egin zuen gainezka. Ibaia itsaso bihurtu zen, eta aurretik eraman zituen dozenaka ibilgailu, jostailuzkoak balira bezala. Lantoki askotan ere sartu zen ura. Lekuko batzuek zabaldutako bideoetan Mercadonako supermerkatua ere ageri zen, urez inguratua. Barrura ere sartu zen, eta txikizioa eragin zuen.

Inguruko herrietan ere kalte handiak eragin zituzten euriteek eta uholdeek. Puiun, adibidez, jatetxe batean sartu zen ura, uharka. Orbaibarren ere kalteak egin zituen ibaiak. Hegoalderago, Azkoien aldean ere gainezka egin zuen errekak. Lizarrerrian ere sentitu zituzten ekaitzaren ondorioak: San Adrianen herriko hogei bat kale itxita eduki zituzten ur errekengatik, eta herritar askoren etxeetara sartu zen ura.

Herrietan eta komertzioetan ez ezik, errepideetan ere kalte handiak egin zituen eguraldiak. N-121 errepidea Puiu aldean itxi egin behar izan zuten arratsaldean. Zidakos ibaia gainetik pasatzen ari zen, eta errepidearen zola zeharo apurtu eta txikitu zuen leku batzuetan.

Zezenketa, bertan behera

Iruñean ere utzi zituen ondorioak euriteak, baina ez horren kaltegarriak. Arratsaldean euria indartsu ari bazuen ere, eta begiak ibaietan jarrita bazeuden ere, ez zen kalte larririk sortu. Zezen plazan, ordea, larri zebiltzan eguraldiaren itxura ikusita, eta azkenean arratsaldeko zezenketa bertan behera uztea erabaki zuten. Antolatzaileen esanetan, hogei urtean aurreneko aldia da sanferminetako zezenketa bat bertan behera utzi dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.