«Beltza izate hutsagatik gelditzen naute»

Bilboko kale saltzaileek presio polizial handia jasaten dute, eta ohikoa da sarekadak egotea zenbait lekutan; Martzanako Kaia da horietako bat. Afrikar asko batzen dira bertan.

Bilbon, Martzanako Kaian ohikoak dira afrikarren aurkako sarekadak. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Urteak eman zituen Bamba Sambek kale saltzaile moduan, eta oraindik Mbolo Moye Doole kale saltzaileen elkarteko kide da. Euskal Herrian bederatzi urtez egon eta gero, oraintsu lortu du bere egoera administratiboa erregulatzea, eta etxeko langile bezala ari da. Samberen arabera, «paper» horiek ez dute haren irudia hobetu Poliziaren aurrean. Kale saltzaile lana utzi zuenetik gelditzen eta identifikatzen ote duten galdetuta, argi erantzun du haren ustez ez dela saltzeagatik izaten: «Gelditzene naute, noski; joan den astean gelditu ninduten, eta beltza izate hutsagatik da».

Sambek uste du Espainiako Atzerritarren Legeak kanpotarren bizitzak «jasanezin» egiten dituela. «Hiru urtez egon behar zara hemen paperak eman diezazkizuten, eta garbi egon behar zara denbora horretan: ezin duzu aurrekari penalik izan», adierazi du. Zeregin zaila da, Samberen aburuz, lanik egin ezin dutenez, kalean saldu behar izaten dutelako logela bat ordaindu ahal izateko. «Baina hori egiten baduzu, Poliziak harrapatuko zaitu, eta aurrekariak izango dituzu». Azpimarratu du senegaldar batzuek hogei urte daramatzatela egoera horretan.

Inpunitatea eta bidegabekeria judizialak dira «amorragarrienak» harentzat. «Poliziarekin arazo bat izatean epaitegietara jotzen baduzu, zuk galduko duzu». Lagun baten istorioa du gogoan, eta azaldu du lekukoak izanda ere epaileak poliziei sinetsi ziela. Tentsioa eguneroko ogia da Samberentzat, baina «normala ez den» gauza batera ohitu dela aipatu du: «Oso zaila da kalean egun oso bat egitea Poliziak zu miatu barik, edo zeozerren bila dabiltzala esan gabe».

Besteak, zorigaiztokoago

Sarekada asko egiten dira Martzanako Kaian. Bertan egoten diren gehienak senegaldarrak dira, gizonak. Badaude maliarrak, marokoarrak eta aljeriarrak ere bai. «Papergabeak» dira gehienak. Horietako bat Amdy ezizenez da ezaguna. 2006tik darama Bilbon, baina oraindik ez du lortu egoera administratiboa erregulatzea.

Amdyren arabera, Bilboko udaltzainek askotan jotzen dute Martzanara: «Poliziak bi egunean behin etortzen dira, gu molestatzera. Hormaren kontra jartzen gaituzte; niri esan izan didate 'beltz zikin hori' eta 'trafikatzaile'».

Ez da 36 urteko Mamadouren kasua. «Inoiz ez didate halakorik esan, baina bai miatu naute, baita barrabilak ere». Arotza izateko ikasketak dituen arren, CDak eta pultserak saldu behar izaten ditu, eta jaietan zerbezak eta tabakoa. «Poliziak badaki beltzak ez garela lapurrak. Poliziak Martzanara datozenean marihuanaren bila datoz», azaldu du. «Nik bost euro saltzen baditut, jateko da; jan beharra daukadalako». Ez da hautuz egiten duen gauza bat. «Izugarri gustatuko litzaidake lan egitea eta arratsaldeetan bakarrik etortzea Martzanara. Apur baterako lagunekin egon, eta etxera joan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.