KRITIKA. Zinema

Egunkariari, maisutasunez

The Post filmeko fotograma bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko otsailaren 3a
00:00
Entzun

'The Post'

Zuzendaria: Steven Spielberg. Aktoreak: Meryl Streep, Tom Hanks, Bruce Greenwood, Bob Odenkirk, Tracy Letts, Sarah Paulson, Matthew Rhys, Alison Brie. Herrialdea: AEB. Iraupena: 116 minutu.

Steven Spielbergen gainean esaten ahal dira gauza txar (gutxi) batzuk. Dena den, nagikeriak ez luke horien artean egon behar. Jardunean dauden zinemagile gutxik dute hark duen filmografia zabala, kopuruz zein eremuz.

Salbuespenak salbuespen, are harrigarriagoa da haren pelikula gehienek izan ohi duten kalitatea, eta horren adibide ezin hobea da The Post hau. Garai batean zabaldu zen informazioaren arabera, ez zen aurreikusitako proiektua, eta sorterriaren egoerak bultzatu omen zuen Spielberg premiazko film hau egitera.

Ezin luzatuta, The Post-ek dituen bertute ugarien artean batek aipamen berezia merezi du: baliabideen ekonomiarena. Izan ere, film honek ederki aski erakusten du nola garatu behar den narrazio bat, plano bat bera ere soberan izan gabe. Ez da betelanik, plano bakoitza kontatu nahi den horren zerbitzura dago, eta hori oso zuzendari gutxik —are gutxiago garaikideek— egiten ahal dute.

Jakinduria metatuta, Spielbergek beste lezio bat eman du. Dena ez da guztiz biribila; zerbait leporatzen hasita, bukaerako sekuentzia pare bat aipatu behar dira, sobera diskurtsiboak direnak eta filmaren ordura arteko norabidearekin bat egiten ez dutenak.

Gainerakoan, prentsa askatasunaren aldeko filma dela esan izan da. Emakumeen ahalduntzeaz ere hitz egiten du, jakina. Baina, horien gainetik, informazioa zabaltzeko era jakin bati buruzko begirada bat dago The Post-en —izenburua ez da kasualitatea—; opera bat, egunkari bat egiteko prozesuari. Hortik dator pelikulak duen fisikotasuna, prozesu osoa begiekin ukitzen ahal baita.

Azkenik, zinema egiteko modu baten omenaldia da film hau. Klasikotasun garaikide horretan sentitzen da Spielberg erosoen, eta ez da kasualitatea berea beste pelikula erraldoi bat hasten denean amaitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.