Koronabirusa

Malkartsuago egin zaie bidea

Izurriaren bigarren olatuak areagotu egin ditu urritasunen bat duten pertsonen arazoak, oztopoak eta premiak. Koronabirusak «mendekotasun» handiagoa sortu die, eta bizi kalitatea «okertu». Egoitzetan dauden mendeko pertsonak «salbuespen egoeran» bizi direla ohartarazi dute.

Osasun krisiak nabarmen okertu du elbarritasunen bat duten pertsonen bizi kalitatea. LUIS JAUREGIALTZO/ FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Guri koronabirusak mendekotasun handiagoa sortu digu. Aurrera joan beharrean, atzeraka goaz». Aitor Bedialauneta gorra da, eta, bere esperientzia pertsonalari buruz ez ezik, elbarritasunen bat duten pertsonen izenean ere mintzo da —Euskal Gorrak elkarteko eleduna, eta Edeka desgaitasunak dituzten pertsonen koordinakundeko presidentea da—. Osasun krisiak azaleratu egin ditu urritasunak dituztenen eguneroko trabak eta gabeziak, eta lehen mailan jarri haien aldarrikapenak. Martxoko konfinamendu zurrunera moldatzeko astirik izan gabe iritsi da izurriaren bigarren olatua, eta egoera ez da larregi aldatu desgaitasunen bat dutenen kasuan. «Berdin jarraitzen dugu, edo okerrago, zenbait kasutan». Bedialaunetak gorren kasuari erreparatu dio «oztopo» berrien inguruan adibide bat jartzeko: «Beti esan dugu ezpainen irakurketa ez dela zuzenena komunikazio egoki baterako, baina orain maskarak derrigorrezkoak dira, eta oztopoa bikoiztu egin da».

Pandemiak sortu duen egoera bere gordinean azaldu du Bedialaunetak: «Gizartea pertsona normalentzat pentsatuta dago; hau da, arazorik ez duten pertsonentzat, eta urritasun ezberdinak ditugunak sistema normalizatu horretan apenas tokirik ez duen talde txiki bat gara». Izurriak agerrarazi egin ditu urritasunak dituztenek lehendik zituzten arazoak, eta, neurri batean, sakonago ere egin ditu arazook. Haatik,lehentasunak beste eremu batzuetan jarri direla uste du Bedialaunetak: «Asko hitz egiten dute pandemiak munduan sortu dituen barrera eta oztopoez, baina, gure kasuan, aurretik genituenak ez ezik, berri batzuk ere baditugu. Eta horretaz ez da hitz egiten».

Izurriak elbarritasunen bat duten pertsonen egunerokoan duen eraginaz mintzo denean, oztopo hitza maiz erabiltzen du Bedialaunetak. Trabaz beterikoa izaten ari baita mendekotasuna dutenak jorratzen ari diren bidea: haien zaintza sendien gain geratu da ia osotasunean, errehabilitazio eta antzeko arretak gutxi egin zaizkie, egoitzetan ezarritako murrizketa zorrotzek nabarmen okertu dute bertan bizi direnen bizi kalitatea...

Pandemiaren lehen astinalditik hona apenas aldatu den urritasunak dituztenen egoera. Eta, aldatzekotan, okerrera egin du kasu ugaritan. Malkartsua zen haien bizitza pandemia baino lehen. Are aldapatsuagoa da orain. Instituzioen aldetik ez da indar berezirik jarri haien arta hobetzeko, eta, atzera,«ahaztu» egin dituzte. Mikel Malkorrak elbarritasun bat du, eta Gipuzkoako Elkartu elkarteko eleduna da. Etsita eta atsekabetuta mintzo da: «Orain egoera ez da oso ezberdina. Hilabete dezente pasatu dira udaberriko konfinamendu zorrotzetik eta normaltasun berrian gaudenetik, eta, egia esanda, ez da gehiegi aurreratu».

Izurria Euskal Herrira iritsi zenean, kolpe batez desagertu ziren aparteko artara bideratutako zerbitzu asko, eta urritasunak dituzten lagun ugariri euren bizitzen gainean «erabakitzeko eskubidea» ere murriztu zitzaien. Gauroraindik ez dira eskubide horiek berreskuratu. Malkorra: «Konfinamendu garaian eten egin ziren arreta zerbitzu guztiak, eta arintze fasean berriro berreskuratu ziren, baina ez %100ean». Osasun artan dauden gabeziak jarri ditu adibide gisara: «Beldurra dago aurrez aurreko arta eskaintzeko, eta telefonoz egiten da; guk uste dugu aurrez aurrekoari berrekin behar zaiola».

Iritzi bera dauka Bedialaunetak. Arreta telefonikoa gorrentzat, adibidez, «traba handia» dela adierazi du: «Guk presentzialki joan behar dugu osasun zentrora, baina ez digute uzten, eta horri konponbide bat bilatu behar zaio». Izurriak gorrei eragin dien albo kalteez argi mintzo da Euskal Gorrak elkarteko bozeramailea: «Beti bilatu izan dugun independentzia dependentzia handiagoa bilakatu digu koronabirusak».

Instituzioen jarrerarekin gaitzituta dago Malkorra; uste du ez dutela baliatu denbora hau guztia mendekotasunak dituzten pertsonen bizi kalitatea zaintzeko. Pertsona asko artatzen dituzte Elkartun, eta bigarren olde honetan kezka nagusi bat atzeman du Malkorrak: «Beste itxialdi bat etor daitekeen beldur dira». Izu horren atzean, bereziki, zaintza dago. Izan ere, familia askok hartu behar izan dute bere gain mendekotasunak dituzten senideen ardura, eta baliabide oso gutxirekin egin behar izan diote aurre egoerari.

Autonomia murriztuta

Beldurra hitza ere ahotan dauka Sandra Ibarrondo ATECEko langileak. Burmuinean kalteren bat duten pertsonak eta haien sendiak artatzen dituzte elkartean, eta azken hilabeteotan ikara sumatu dute erabiltzaileen artean. «Batzuek beldur handiz bizi dute bigarren olatu hau, eta, beldur horren ondorioz, utzi egin diote hainbat ekintzatan parte hartzeari». Ondorioa ezin kaltegarriagoa da haien osasunerako: «Bizi kalitatea okertzen ari zaie, bai kaltea dutenei, bai haien senideei». Azaldu du burmuinean kalte bat izan duten pertsonei bat-batean «errotik» aldatzen zaiela bizitza, eta egun batetik bestera «egoera zaurgarrian» ikusten dituztela euren buruak. Pandemia «mehatxu erantsi» bat da haientzat: «Egoera izugarri zaurgarri batean ikusten dituzte euren buruak,eta izu horrek ezinbestekoak zaizkien ohiko errutinak alboratzera eramaten ditu». Eta egoera honek guztiak zuzen-zuzenean eragin du pertsona horien autonomian: «Atzera egin dute, izugarri».

Egoera antzekoa izan zen udaberriko itxialdiarekin ere, baina, arintze faseekin, ohiko errutinetara bueltatzeari ekin zioten pertsona askok, eta besteak beste, errehabilitazio zerbitzuak-eta erabiltzen hasi ziren berriro. Bigarren olatuarekin, baina, berriro egin dute atzera: bai osasun arreta murriztu delako eta itxaron zerrendak handitu direlako, bai beldurragatik elkartetik antolatzen diren zerbitzuetara ez doazelako. Ibarrondok azaldu du elkartean saiatzen direla ahalik eta inguru erosoena eta abegikorrena sortzen, hara doazen pertsonak seguru sentitu daitezen, baina ez dutela beti lortzen kezkak uxatzea.

Izurria hasi zenetik, gaixo askorekin arta psikologikoa lantzen ari dira ATECEn, bai baitakite lehen olatuko itxialdi zurrunak psikologikoki kalte egin diela gaixo askori, eta prebentzioan ari dira indar berezia jartzen. «Bigarren itxialdi zurrun bat etorriko balitz, etxean lantzeko moduko ariketak erakusten dizkiegu, kolpea udaberrian bezain gogorra izan ez dadin».

Elbarritasun fisikoren bat duten pertsonekin lan egiten duteArabako Eginarez Eginez elkartean, eta bertako arduradun Elena Avalosek ere aitortu du kezkatuta daudela egoerarekin. Avalosek bizitza autonomo baterako tresna eta baliabide eskasetan jarri du fokua: «Ez dago bizitza independente baterako eredu egokirik elbarritasun fisikoa duten pertsonentzat». Dioenez, izurriak are gehiago zaildu die bizitza autonomo bat izateko aukera, babes eta baliabide nahikorik ez dutelako jasotzen instituzioen aldetik. Administrazioaren jarrera deitoratu du, eta salatu ez diela arretarik jartzen elbarrien behar espezifikoei. «Esaterako, etxea egokitzeko erosi behar dituzten baliabideak diruz laguntzeko eskaera abuztuan atera zuen Arabako Aldundiak, eta irailean itxi zuen. Modu subliminal batean egiten die kalte».

Egoitzen eredua

Bizitza autonomo bat egiteko baliabide nahikorik ez duten elbarri askok egoitzetan bizi behar izaten dute. Avalosek ohartarazi du izurriak egoiliarren eskubide ugari «murriztu» dituela, eta, aldi berean, egoitzen ereduaren gabeziak azaleratu. Salatu duenez, urritasun fisikoak eta psikikoak dituzten pertsonek «bizitza independente» bat izateko eskubidea dute, baina ez zaie horretarako aukerarik ematen: «Urritasunen bat duten pertsonek eskubidea izan beharko lukete euren bizitza proiektua aukeratzeko, baina, baliabide nahikorik ez dutenez, sarritan egoitza batean bizitzera kondenatuta daude». Gasteizko egoitza batean dagoen mendeko emakume baten kasua aipatu du, libertate gabezia zer den erakusteko: «Sexu harremanak izan nahi ditu, baina egoitzako arduradunek ez diote uzten. Emakume hori kartzelatuta bizi da, inolako eskubiderik gabe».

Egoitzetan arreta jarri du, halaber, Malkorrak. Eta bertan bizi diren mendeko pertsonen eskubide urraketan ere bai. Itxialdi zorrotzenean jarraitzen dutela salatu du: «Haientzat ez da egon arintze faserik, apenas izan dutelako aukerarik kalera ateratzeko. Salbuespen egoera batean bizi dira oraindik». Malkorraren ustez, egoitzen egungo ereduak «segregazioa» sustatzen du, osasun krisiak areagotuta: «Biztanle guztientzat neurri batzuk hartzen dira, baina askoz mugatuagoak eta gogorragoak dira egoitzetan bizi diren mendeko pertsonentzat hartzen direnak. Osasuna babesteko aitzakiarekin, berdintasun eskubidea urratzen ari zaizkie». Egoitzentzat oso bestelako eredu bat aldarrikatu du Elkartuko arduradunak: «Egoitzen eredua eraldatu behar dugu. Ezinbestekoak dira erabiltzaileen iritziak, eta gizartearen parte hartzea bermatuko duen eredu bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.