MIRA

Ontzigintza

PASAIA (GIPUZKOA), 2021-07-22.- Albaola itsas museora bisita gidatua. GORKA RUBIO / FOKU.
Paul Beitia Ariznabarreta.
2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Argazkia horrela, soil eta testuingururik gabe ikusita, zail da asmatzen hartaz ezer. Behe lainoak eta berde ilunkara indartsuak gure kostatik haragoko parajeren bat dakarkigute, tropikalagoa agian, harrietan hazitako zuhaitzik ez baita bereizterik. Errio baten zatia dela ikus daiteke, baina ezin jakin itsasoratzera al doan ala kilometrotan jarraituko al duen, harik eta itsasora edo iturburura ailegatu arte. Egurrezko ontzia ikusita, izan zitekeen Ilunbeen bihotzean nobela gogoangarriko Marlowren mira, ezin garairik asmatu, argazkiaren izkinako zementuzko hormagatik eta zutabeengatik ez balitz.

Ikuslearen irudimenak nahi adina jolastuko du argazkiarekin, baina ezingo du inoiz bere jatorria aldatu, bat eta bakarra da. Pasaiako badian aterea da argazkia, Albaola ontziolaren ondoan, non XVI. mendeko baleontzi bat ari baitira berreraikitzen.

Eta bati Sarrionandiaren Untzigintza hura etortzen zaio burura, itsasontzi baten eraikuntzaren kronika poetiko hura. Irudimenaren pentsalaria da iurretarra, euskarazko poesian norbait izatekotan, baina «txalupa bat egiteko, lehendabizi zura aukeratu behar da», dio zehatz, «eta ababor estriborreko toletak, eta lema on bat». Itsasoa bera «asmatu beharko» den zerbait da, poetak irudimenetik atera dezakeena, bertan nahinola abiatzeko. Ez da posible izango, ordea: itsasoa «boteretsua eta zitala ere izanen da», eta marinelak ezinbestean hautatu beharko du bertan zer egin. «Haurrek bezala tolesturiko paperezko untzian ere abia zaitezke», «bitakora moduan izkiriatzen ari zaren orri horretan bertan». Izan ere, itsasoaren krudeltasuna saihetsezina da, baina haren aurrean egin beharrekoa geuk idatz genezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.