Venezuela. Krisi politikoa

Mertzenario talde bat prestatzea egotzi diote Blackwaterren sortzaileari

Erik Princek plan bat antolatu du Venezuelan oposizioaren aldeko «gertakari dinamiko bat» eragiteko, Reuters berri agentziaren arabera

Blackwater enpresaren sortzaile Erik Prince, 2017an. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
mikel rodriguez
2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Erik Prince AEBetako soldadu ohi eta Blackwater enpresa militar pribatuaren sortzaileak plan bat prestatu du 5.000 mertzenarioko armada bat Venezuelara eramateko, Reuters berri agentziaren arabera. «Princeren mugimenduari buruz jakintza zuzena duten bi iturri» aipatu ditu Reutersek, eta, haien arabera, Donald Trump AEBetako presidentearen «eragin handiko jarraitzaileek» eta Venezuelako «erbesteratu aberatsek» babestu dute plana. Reutersek eta AEBetako hedabide batzuek Princeren Frontier Services Group enpresari eta Etxe Zuriari galdetu diote argitaratutako informazioaren inguruan, baina ez dute azalpenik eman nahi izan.

Reutersek atzo argitaratu zuen berri hori, ezin une adierazgarriagoan. Izan ere, 07:00 aldera jarri zuen berria webgunera, esklusiba gisa, eta oraindik ez zuen Juan Guaido Venezuelako oposizioko liderraren agerraldiaz berririk idatzita. Twitter eta Facebook sare sozialetako kontuetara ere Guaidoren agerraldiaren inguruko lehenbiziko berriak aipatu baino lehenago jarri zuen.

Reutersek aipatu dituen iturri horien arabera, Princek «hilabeteak» eman ditu plana prestatzen. Lehen pausoa «inteligentzia operazioak» egitea zen, eta, gero, 5.000 mertzenario Venezuelara bidaltzea. Mertzenario horiek Kolonbiakoak eta «Latinoamerikako bertze nazioetakoak» dira, betiere Reutersen arabera, eta «borroka eta egonkortze operazioak» egitea litzateke haien ardura. Iturrietako batek dioenez, Princek nahiago zuen mertzenario latinoamerikarrak kontratatu estatubatuarrak baino, «politikoki engaiatuagoak» egonen liratekeelako.

Finantzaketaz ere mintzatu dira iturri horiek. Diotenez, Princek 36 milioi euro lortu nahi zituen «inbertsore pribatuetatik», eta helburua zuen Venezuelako Gobernuari bertze hainbat gobernuk hormatu dizkioten milaka milioika euroetatik «finantzaketa» lortzeko. Reutersen arabera, AEBetako militar ohiak «apirilaren erdialdean» egin zituen planaren inguruko azken bilerak. Guaidok boterea hartzeko egin duen ahalegina «trabatuta» ikusten zuen Princek, eta «gertakari dinamiko bat» eragin behar zela uste zuen.

Etxe Zuriaren azalpenik ez

Reutersek Garrett Marquis Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko Kontseiluko bozeramailearengana jo du azalpen bila, baina hark ez dio erantzun. Agentziak Etxe Zuriko iturri anonimo bat aipatuta erran du Trumpek ez lukeela onartuko halako esku hartze bat. Guaidoren bozeramaile Edward Rodriguezek, berriz, erran du ez dutela eztabaidatu Princerekin «segurtasun operaziorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.