«Salbuespenezko» legedia amaitzea, espetxe politika «normalizatzeko»

Jaime Tapiak, Amaia Izkok eta Emilio Olabarriak espetxe politika berri bat eskatu dute Foro Sozialak antolatutako mahai inguruan

Edurne Begiristain.
<i>Gasteiz</i>
2018ko urriaren 11
00:00
Entzun
Euskal presoen aurka «salbuespenezko» espetxe politika ezartzen da, eta beharrezkoa da egoera berrira egokituko den politika «normalizatua» abian jartzea. Ideia horretan bat datoz Jaime Tapia epailea, Emilio Olabarria Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko kide ohia eta Amaia Izko abokatua. Garai berrietan espetxe politika berria izenburupean Foro Sozialak Gasteizen antolatutako mahai inguruan parte hartu zuten atzo hirurek, eta bat egin zuten eskaera batean: egungo espetxe politika «premiaz» aldatu behar da.

«Normaltasunera itzultzea». ETA desagertu ostean hasi den garai berrian horixe da urgentziazkoa, Tapiaren ustetan. Normalizazioa lortzeko bide horretan egin beharreko urratsak zerrendatu zituen epaileak. Haren hitzetan, presoen eskubideak errespetatuko dituen espetxe legedia beharrezkoa da, eta presoei erraztu egin behar zaie «gizarteratzea». Biktimek egun betetzen duten egitekoaz eta bete beharko luketenaz ere mintzatu zen Tapia: «Biktimek ez lukete zertan erabaki nolakoa izan behar duen espetxe legediak; ez lukete presoen egoeraren inguruan erabakitzeko ahalmenik izan behar».

Tapiaren iritziz, euskal presoek egun urratuak dituzten eskubideak berreskuratu beharko lituzkete. Horien artean daude, haren esanetan, espetxe barruko komunikazioei ezarritako mugak kentzea, eskatutako baimenak erraztea eta gradu aldaketak ahalbidetzea. Urrunketa amaitzea ere galdegin zuen epaileak, «oinarrizko elementua» delako normaltasuna berreskuratzeko. Gaixotasun larriak dituztenak eta adinez nagusiak direnak ere gogoan izan zituen; aske beharko luketela esan zuen Tapiak. «Kartzelak betetzen ari dira hirugarren adineko presoekin eta preso gaixoekin. Ezin dugu utzi hilotzak izatea».

«Mendeku politika da»

Amaia Izko abokatuak, berriz, euskal presoei ezartzen zaien espetxe politikaren «argazki erreala» azaldu zuen. Argi mintzatu zen: «Garai berri batean gaude, baina espetxe politika zaharra da, oso». Presoen oinarrizko eskubideak urratzen dituen politika dela salatu zuen, «zigorrean» eta «mendeku politikoan» oinarrituta dagoela eta Europan ez duela lekurik. Horren adibide sakabanaketa politika dela azaldu zuen, gogoratuta gaur egun oraindik euskal presoen %70 jaioterritik 600-1.000 kilometrora daudela. Halaber, gogoratu zuen sistematikoa dela gradu aldaketen eskariak atzera botatzea, erabaki «politikoak» direla medio.

Hori hala izanik, «ezinbestekotzat» jo zuen parametro horietatik at dagoen espetxe politika bat martxan jartzea, hori delako bidea normalizazioa eta bizikidetza lortzeko.«Salbuespen neurriak» amaitzea premiazkoa dela azpimarratu zuen Izkok, eta ezinbestekoa dela politika hori printzipio humanitarioetan oinarritzea, horrela bermatuko delako presoen eta haien senitartekoen eskubideak errespetatzea.

Olabarriak, berriz, esan zuen beharrezkoa dela «normaltasunera» bueltatzea, behin ETA desagertu dela. «Bakea lortu dugu, baina bizikidetza eskuratzea falta zaigu». Horretarako hainbat urrats egitea proposatu zuen: lehenik, euskal presoen aurkako «salbuespenezko legedia» amaitzea, eta, gero, «justizia konpontzailearen» alde lan egitea. Hala ere, aitortu zuen zail ikusten duela Espainian urrats horiek egitea, espetxe politika «estatu eta gobernu politika» bat delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.