Elkarbizitza eraikitzeko

Miarritzen adierazi dute beharrezkoak direla iraganaren kontakizun askotarikoak eta biktima guzientzako «egia, justizia eta erreparazioa»

Brancon, Lasa eta Garcia Arrizabalaga, atzo arratsean, Miarritzeko Bellevue aretoan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Miarritze
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Elkarbizitza hartu zuten helburu atzo arratsean Miarritzeko Bellevue aretoan Bake Bideak eta bakegileek antolatuta egin zuten bake konferentzian. Adierazpen anitzen bidez, parte hartzaileek iragana begiratu eta parekoa ulertzeko prozesuaren beharrezko urratsak eta zailtasunak aletu zituzten. Bakegileen izenean Mixel Berhokoirigoinek hartu zuen hitza, eta gizartean dagoen kontsentsu zabala azpimarratu zuen: «Parisen badakite ez dela alderdi baten ahotsa, herri oso batena baizik». Alde guzietako minei ahotsa emanez, elkarbizitzan oinarritutako Euskal Herri bat eraikitzeko «konbentzimendua» dutela erran zuen. Bide horretan, «ezinbestekotzat» jo zuen salbuespeneko neurriak bukatzea, euskal presoen egoerari aipamena eginez.

Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohiak ere hartu zuen hitza. Azken urteetakoari begira, lurraldetasunaren auzia «konpondutzat» eman zuen, «kontsentsu» batean, eta gogora ekarri zuen armagabetzea ere konpondu zela. Orain justizia trantsizionalaren bidea hartu behar dela nabarmendu zuen; «marko» bat sortzea «egiaren eta justiziaren bidez». Etapa determinantea dela ziurtatu zuen, «mobilizazio asteburu honekin: estatuak haien ardura politikoaz ohartaraziko ditugu». Brandon Hamber ikerlariak Irlanda eta Hego Afrikako prozesuak hartu zituen eredu. Biak «hauskorrak» direla erran zuen, baina ez dela iraganera itzultzeko «arriskurik». Azaldu zuen iraganari buruzko datuak biltzeaz gain aztertu behar dela gatazka ekarri duen testuingurua ere. Halaber, beharrezkoak direla askotariko kontakizunak eta prozesu bat baino gehiago.

Egia eta justizia

Biktimek ere hartu zuten parte. Komando Autonomoek bahitu eta hil zuten Iñaki Garcia Arrizabalagaren aita. Gorrotoan bizitzeari utzi eta 1986tik Euskal Herriaren baketzean parte hartu duela kontatu zuen. Biktima gisa, egiarako eskubidea aldarrikatu zuen; oroitarazi zuen bere aitaren kasua ez dela epaitua, eta estatuaren biktima anitzentzat «oso zaila» dela egia jakitea jasandako krimenez. «Biktima batek eskubidea beharko luke egia jakiteko». Justizia ere eskatu zuen. «Aita hil zutenak epaitegi baten aitzinera eramatea nahi dut, eta zuzenbide estatuak epaitu ditzala». Prest agertu zen kondena «sinboliko bat» onartzeko.

GALek bahitu, torturatu eta hil zuen Joxean Lasa. Axun Lasak, bere arrebak, behin eta berriz biktima izan zela kontatu zuen: desagertzean, gorpua agertzean, jaso zuten tratua ezagutzean, Hondarribiko harreran eta Tolosako hiletan (Gipuzkoa). Mina, haserrea, amorrua eta gorrotoa aipatu zituen, ohar batekin: «Ez gara sentitzen dugunaren erantzule, baina bai sentitzen dugun horrekin egiten dugunarena». Estatuaren biktimek instituzioetatik duten babes falta salatu zuen. «Oso triste sentitzen gara». Adierazi zuen erreparazioa dela denen mina konpontzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.