Inigo Astiz
Durangoko 57. Azoka. Ikasle Goiza. DA DA!

Irakasle ezjakinak

2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Rockaren urteak ziren, metalarenak, Nafarroako gure txokoan. Eskandinaviako black metal taldeak trukatzen genituen, bagenekizkien sekula izango ez genituen gitarren distortsio pedalen izenak, eta nortasun egarri eta nerabezaroko ezinegon hori guztia euskaran ainguratzen asmatu zuten Latzen, Berri Txarrak, Buitraker eta beste hainbat taldek.

Eta hau dena diot, transmisioaz ari garenean, maiz, ahaztu egiten dugulako jakintza truke hori goitik behera ez ezik, alboz albo ere gertatzen dela. «Entzun duzu Kornen azkena?». Eskolako eskaileretan halako galdera bat nahikoa zelako beste gela batean, beste maila batean eta, are, beste eredu batean ikasten ari zen norbaitekin kidetzeko. Eta orduan, orain bezala, neurrigabeko lorpen bat zelako euskal erreferentzia batek berdinen arteko solasaldi horietan tokia topatzea.

Eta alboz alboko transmisio horren froga da Durangoko Azokako Ikasle Goiza, bere zarata, korrikaldi eta likidotasun guztiarekin. Eta horregatik da garrantzitsua: lagungarri delako, neurrian, baina lagungarri, euskarazko lanak hartu-eman horretan ere egon daitezen.

Jacques Ranciere pentsalariak Joseph Jacotot pedagogoaren teoria berreskuratu eta berraztertu zuen Le maître ignorant liburuan (Irakasle ezjakina). Jacototen ustez, irakaslearen figura ezabatuta ere, posible baitzen ezjakinen arteko jakintza trukea, eta ezjakin batek zekienik ere ez zekiena erakutsi ahal baitzion beste ezjakin bati. Frantsesik jakin gabe elkarri frantsesa irakatsi zioten flandriar batzuen kasua aipatzen zuen adibidetzat. Rancierek liburuan gogoratzen duenez, eskandalua sortu zuen proposamen hark XIX. mendearen hasieran, eta hamarkada gutxiren buruan erori zen ahanzturan. Baina polita da proposamena, egoerek eta baldintzek jakintza trukeetan duten rolaren garrantziaz pentsatzeko.

Eta bi urteko etenaldiaren ostean, horixe da Durangoko Azokak Ikasle Goizarekin transmisioari egin diezaiokeen ekarpenik handiena, bere sinplean, eta bere handian: aldeko egoera bat eta aldeko baldintza batzuk.

Ez da hori bakarrik. Entzutera geratuz gero, Landako guneko Ikasle Goizeko zarata erdi entusiasta eta erdi aspertu horrek guztiak erakusten duelako transmisioa behetik gorako ere izan daitekeela. Duela bi hamarkada, ardiak larrez aldatzera egindako bidaietan, gure aitari metal estiloen arteko ñabardurez ematen genizkion azalpen bihurri haien guztien kasuan bezala. Edota, duela hilabete gutxi batzuk bezala, Aitor Bizkarra bertsolariak Euskal Herriko txapelketako mikrofonoaren anplifikaziotik Mec de la rue eta Flow 2000 erreferentziak jaurti zizkionean Landako gune honetan bertan publikoaren gehiengoaren isiltasun harrituari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.