Rodrigo Cuevas. Musikaria

«Herrixkan kantuan eta dantzan gabiltzanean, gizartea eraldatzen ari gara»

Galiziako eta Asturiasko herri kantuak lehengaitzat hartu, eta haien berrinterpretazioa eginez osatu du musika ibilbidea, espiritu kabareteroz eta hurbil duenarekiko miresmenez eta aitortzaz. Gaur aurkeztuko du 'Trópico de Covadonga' ikuskizuna, Gasteizko Principal antzokian.

LACOSA STUDIO.
gorka erostarbe leunda
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Harritu egin da euskaraz egunkari bakarra dagoela jakitean: «Asturieraz bakar bat ez dugu, baina uste nuen zuek gehiago zenituztela...». Oviedon (Asturias, Espainia) jaio zen Rodrigo Cuevas, 1985ean. «Nire familian gaztelaniaz hitz egin da batez ere, baina gero eta gehiago hitz egin eta kantatzen dut asturieraz. Nire sormena osotasun bat da, eta hor sartzen da musika tradizionala, gertukoarekiko aitortza, lengoaia, janzkera...». Egun, Vegarrionda herrixkan bizi da. Hamasei auzokide dira. Txakurra, katua, astoa eta oiloak ditu bizikide. Eta baratzea. Aurrez, musika ikasketak modu klasiko samarrean egin zituen. Pianoa eta tuba jotzen ikasi zuen aurrena. Bartzelonako ESMUC Kataluniako Musika Goi Eskolara joan zen hurrena, musika ikasketak osatzera. Hiriak eta eszena undergroundak berebiziko garrantzia izan dute haren zailtze prozesuan. Kabaret artista eta DJa da, musikari eta kantugile izateaz gain. Duela hamar urte inguru umetan ezagututako landagunera egin zuen —aitona-amonen herrixka mendialdekoa baitzen—. 2012an plazaratu zuen Yo soy la maga, Galiziako kantu tradizional zenbaiten berrikuspena eginez. 2016an Prince of Verdicio kaleratu zuen, Asturiasko musika tradizionala erritmo garaikideekin uztartuz. 2019ko Manual de cortejo-rekin jo du publiko zabalarentzako aldaba, Raul Refree musikari eta ekoizle kataluniar entzutetsuarekin ondutako diskoarekin. Kantutegi tradizionala, elektronika, eta garaiotan galdua den soseguzko entzunaldirako gonbita.

Herri kantua aldarrikatzea, birbaloratzea edo berrinterpretatzea da zurea?

Nik uste dut aldarrikatu eta berrinterpretatu egiten dudala, biak ala biak, dudarik gabe.

Denbora luzean, kultura instituzionalak fosilizatu egin izan du musika tradizionala, baina kultura alternatiboak ere alboratu egin du, edo ez ikusiarena egin...

Bai, erabat gainera, baina orain haizea aldeko dugula dirudi. Krisi garaiok lagundu dute gertuko dugun hori beste begirada batez ulertzen, estimatzen.

Noiz sortu zitzaizun folklorearekiko, herri kantuarekiko interesa?

Interes hori aurrenekoz piztu zitzaidan Bartzelonan musika ikasten ari nintzenean. Irakasgai bat genuen Munduko Musika Tradizionalak izenekoa. Ordura arte, soinuaren ikasketetan murgildurik nintzen batez ere, baina ez zitzaidan hain interesgarri. Kantua nahiago nuen, eta musikologia hautatu nuen. Irakasle batek gidaturik, Mallorcara joan ginen, hango herri musika ezagutzeko asmoz; taberna batean izan ginen mallorcar tonadak entzuten, adibidez, eta erabateko errebelazioa izan zen niretzat. Orduz geroztik, ez nuen besterik ikasi eta egin nahi: musika tradizionala.

Landa ikerketa abiatu zenuen, Galizian aurrena eta Asturiasen hurrena... Batez ere emakumeak izan dira istorioak kontatu eta kantatu dizkizutenak?

Bai, nagusiki bai, nahiz eta gizon bakarren batek ere kantatu eta kontatu izan dizkidan. Batez ere pandereteiren errepertoriotik hasi nintzen; panderoa emakumeek jotzen zuten, eta haren erritmoan kantatu ere bai. Izan ere, pandereteira ez zen protagonista. Protagonistak ziren dantza egin eta dibertitzen zirenak, eta horiek nagusiki gizonezkoak izaten ziren. Jakina, gizon gazte galaia ez zen jarriko panderoa jotzen beste batzuek ligatu zezaten!

Panderoa. Hain gauza soila eta...

Eta hain bizitzaren aldekoa. Bizitzaren erritmoa darama panderoak, baita istorioen kontaketarena ere. Istorioak, ipuinak, erromantzeak, herriko gauzak kantatzen zituzten, oso hurbileko kontuak nolabait, dantza egitea eta ondo pasatzea helburu. Tonadek, aldiz, beste joera eta prestigio bat izan dute: ondo kantatzearena. Hori tabernetan egiten zen. Emakumeak ez ziren tabernetan sartzen ia; beraz, gizonezkoek kantatzen zituzten.

Pentsamendu estandar hegemonikoan ezarririk dago hiria landagunea baino irekiagoa dela. Zure esperientziatik, zer esan zenezake?

Bada, ezetz. Hirian badira espazio batzuk landagunekoak baino irekiagoak direnak, baina dena dago askoz ere mailakatuago, estratifikatuago, bananduago. Eta hori bera muga handia da besteekiko irekieran, harremanen moldean. Pluraltasuna galdu egiten da, perspektiba galdu egiten da, denborarena, belaunaldi desberdinena, gertutasunarena. Herrixkak perspektiba ematen dit. Ez dut sailkatzen jendea ez nola bizi den, ez nola janzten den, ez zein lekutara doan... Denok ibiltzen gara leku eta une komunetan.

Zure herrixkan eta inguruetan egiten dituzu musika emanalditxoak, akordeoiarekin, perkusioarekin, eta baita antolatu ere; bestetik, musikaria zara, eta joaten zara herri eta hiri handiagoetara kontzertuak ematera, zirkuitu komertzialago batean. Zer ematen dizu eremu bakoitzak?

Musika bizi eta sentitzeko modu desberdinak izan daitezke itxuran, baina antzeko gauzak ematen dizkidate. Herrian kantuan eta dantzan gabiltzanean, gizartea eraldatzen ari gara, eremu poetiko eder bat sortzen baita, elkar ezagutzarena, partekatzearena, humanismoa azaltzearena. Hori da elkarrekin kantatu eta dantza egitea. Eta saiatzen naiz filosofia hori bera eramaten nire emanaldietara, hirietara, antzokietara, aretoetara. Herrian egiten duguna da gure arteko lotura ospatzea eta autoestimua indartzea, eta autoestimu, poesia hori agertokietara eramaten saiatzen naiz.

Zure ikuskizun-emanaldietan, oraingo Trópico de Covadonga honetan adibidez, hain zuzen ere, saiatzen zara publikoarekin elkar hartzea izaten.

Bai, hori izugarri interesatzen zait. Orain ezin dut egin horrenbeste, ez behintzat lehengo gertutasunarekin, COVID-19a dela eta, baina agertokiaren eta publikoaren artean komunikazioa egotea gustatzen zait, ez soilik emozionala, baita fisikoa ere...

Komunitatea elkarrekin sortu eta ospatzearen hori galdu egin da pop kulturaren aldaera jakin batzuekin?

Izan dira lehen ere herri kantutegian eta folklorean arreta jarri dutenak, baina egun indartu egin da joera hori. Ez hori bakarrik, folkloretik edaten duten taldeek oso modu desberdinean egiten dute. Oraintxe, folkloreak eta haren aldaerek islatzen dute pluraltasun handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.