Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Macron euskararen errepublikan

Jose Mari Pastor -

2023ko urtarrilak 21

Barkatzeko eskatu beharko luke Macronek Frantziak Euskal Herrian mendeetan ezarri duen errepresio linguistikoagatik? Horixe adierazi du Joan-Lluis Lluis-ek Frantziako presidenteak herenegun Bartzelonara egindako bidaia ofizialaren harira.

Ipar Kataluniako idazleak Frantziako Errepublikak Hexagonoaren barruan bultzatutako jazarpen kultural eta linguistikoa arbuiatu du Vilaweb hedabide digitalean argitaratutako elkarrizketan. Macroni zer eskatuko liokeen galdetu dio kazetariak. Idazlearen erantzuna: «Barkamena eskatzeko esango nioke. Katalanez hitz egiten dutenei barkatzeko eskatzeko esango nioke, bretoieraz, okzitanieraz, euskaraz hitz egiten dutenei, Frantziak gutxienez Iraultza Frantsesetik erakutsi duen errepresio eta suntsitze gogo guztiagatik. Lehengo garaiak kontuan ez onartzea ulertzen dut, baina iraultzatik aurrera, moralki, onar lezakete. Eta Macronek inork baino areago?». Zergatik Macronek inork baino gehiago? «Oso jakobinoa delako. Jakobinoa 2.0».

Presidente jakobino batek Errepublikaren ikurretako bat, frantsesa, ez den hizkuntzaren kontra egindako politikagatik barkatzeko eskatuko du? Zail-zaila, jokabide hori ondo dokumentatua bada ere. Lapurdin agindu eta bortxaz egindako deportazioen, hizkuntz-debekuen eta toponimia aldaketen bidez, esaterako.

Espainiak ez du samurrago jokatu. Juan Carlos I.ak kopeta izan zuen espainiera indarrez inon inposatu ez dela esateko. Lotsagorritu barik. Ez da Ameriketara joan behar gezur horren kontrako frogak aurkitzeko. Euskal Herrian bertan badugu horren testigantzarik, eta ez XVII. mendekorik. Oraindik bizirik dauden euskaldunen ahotik jasotzeko modukoak dira. Borboikoari penintsulako periferiatik oldartu zitzaizkion herritarrak. Meseta demokratiko kosmopolita elebakarretik inork ez zion «¿por qué no te callas?» esan Francoren oinordekoari. Are gutxiago barkamena eskatzeko.

Parisen politika salatu du Joan-Lluis Lluisek. Analisi zorrotza egin du: «Estatu frantsesak, jakin beharra dago, presioaren aurrean erreakzionatzen du. Azaldu egingo dut: biolentzia erabili duten lurralde frantsesek kontzesio gehiago lortu dituzte hizkuntzaren arloan. Batez ere, korsikarrek. Eta gero euskaldunek eta bretoiek. Ez naiz biolentziaren apologia egiten ari, argi gera bedi. Azaldu egiten dut. Guk, biolentzia inoiz erabili ez dugunok, gutxiago lortu dugu».

Ñabardura interesgarria. Biolentzia hitza erabili du Lluisek, ez terrorismoa. Funtsean, Jordi Pujolek esan zuena errepikatu du, modu finago batez. «Hil egin behar dugu sinpatikoagoak izateko?», bota zuen Generalitateko presidenteak. Modu baketsu eta demokratikoan dena lortu daitekeela esaten zuten Madrilen. Denborak bazter utzi du kopla hura, batean zein bestean: Espainiako monarkian eta Frantziako errepublikan.

Beste errepublika bat, euskararen errepublika, izango dugu hizpide udazkenean. Euskal Herrian Euskaraz-ek Euskaltzale Independentisten Topaketak antolatu ditu horretaz hausnartzeko. Hitzordu egokia, hizkuntzari dagokionez, zer errepublika mota nahi dugun argitzeko. Besteen zain egon gabe. Izan ere, Macron errepublikazaleak ez du barkatzeko eskatuko. Ondo legoke, baina horretaz gain, zer? Euskarak politika benetan eraginkorrak behar ditu. Eta hori ez Espainiak, ez Frantziak dute ezarriko. Macronek ez du euskararen errepublika bultzatuko. Ez Parisen, ez Baionan. Joan-Lluis Lluisek ere badaki.

Beste Lluis batek, Llach abizendunak, País petit abestia kaleratu zuen 1980an, Verges 50 lanean. Denbora igaro arren, haren hitzek ez dute indarrik galdu: «Nire herria hain da txikia/ non eguzkia lotara doanean/ inoiz ez baikara seguru hura ikusi izanaz». Gure herria ere txikia da. Hain da txikia, ezen bihotzaren barruan sartzen den beti, biziak hemendik urrun bagaramatza eta, Llachek kantan dioen legez, kontrabandista bihurtzen bagara. Ilusio-kontrabandistak —zer da euskararen errepublika, ilusioa ez bada?—. Amets-kontrabandistak eguzkia sartzen denean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat Donostian, artxiboko irudian ©Gorka Rubio/ Foku

Gizonezko bat atxilotu dute Donostian, sexu eraso bat egitea egotzita

Berria

Emakume bati ukituak egitea leporatuta atzeman du Ertzaintzak.

Ganaltoko gurutzea, iazko ekanean eraitsi baino lehen ©Basotxerri (Wikipedia)

Olarizuko gurutzearen eraisketari buruzko ikerketa berriz irekitzeko agindu du Arabako Auzitegiak

Berria

Auzitegiak aintzat hartu du Abogados Cristianos elkarteak auzia artxibatzeari jarritako helegitea. Ezezagun batzuek eraitsi zuten gurutzea, iazko ekainean.

Gaur goizean egin dute aurkezpena Bilbon ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Ikastetxean ezkaratza eraikitzeko eskatu diote hamazazpi eskolak Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari

Javi West Larrañaga

Sare publikoko eskolen herenek bakarrik daukate sukaldea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Justizia administrazioko letraduek togak eskegi zituzten Gasteizko epaitegian protesta gisa ©L. Rico / EFE

Letraduek bertan behera utzi dute greba, hileko 450 euroko soldata igoera onartuta

Berria

Espainiako Justizia Administrazioaren menpeko letraduak urtarrilaren 24tik ari ziren greban Hego Euskal Herrian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.