mikel p ansa
HIZPIDEAK

Epaien askara

2023ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Txerri janari ozalea ere esaten zitzaion garai batean. Askan botatzen zitzaien txerriei. Galduko dira hitz horiek: ozalea, aska. Eta beste asko. Baina Espainiako eta Frantziako auzitegiei eta epaileei ez die axola handirik. Hizkuntza baten inperioa daukate, ez dute euskararen beharrik justizia arloan lan egiteko; gaztelania zein frantsesa inposatzen duten konstituzioak dituzte; hizkuntza horiek eta haiei lotutako kultur erreferentziak inposatzen dituzten era guztietako baliabideak. Ez dute ozalearen eta asken beharrik: zilarrezko plateretik jaten dituzte kutixiak.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ozalearen gisa tratatu ditu euskaldunen hizkuntza eskubideak, behin berriro. Erabaki du ez dela zilegi langileak kontratatzeko euskara eskatzea baldintza gisa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendeko Uliazpi Fundazioari tokatu zaio orain —34 lanpostu betetzeko deialdi publikoan B2 maila eskatu zuen 32rentzat—, baina Irungo eta Laudioko udaltzainetarako deialdiak izan ziren lehenago, eta Barakaldoko Udalaren kultura zerbitzuen lehiaketa. Eta batzuen eta besteen artean, euskararen aurkako giro kezkagarria ari dira sortzen epaileak: euskara eskakizunak erabat zilipurdikatzeko atea irekitzen ari dira, eta euskara normalizatzeko politikak mugatzeko asmo bat usaintzen da. Helegitea jarriko du Gipuzkoako Aldundiak, baina arazoa da gaztelania inposatzen duten lege eta auzitegiek izango dutela azken hitza, Madrilen. Eta han ez dute ozale eta asken berririk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.