Espainia. Pedro Sanchezen gobernua. Fernando Grande-Marlaska

Polizien buruzagia, susmopean

Auzitegi Nazionalean egon den denboran, torturak ez ikertzeagatik Estrasburgok Espainiari jarritako bederatzi zigor kasuetatik seitan bera zen instrukzio epailea

JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
jokin sagarzazu
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin eskuz esku lan egindakoa da Fernando Grande-Marlaska (Bilbo, 1962). Haien ezinbesteko kolaboratzaile izan da, eta, orain, berriz, poliziak egongo dira haren aginduetara. Horrez gain, eta espetxe politika Justizia Ministeriora itzultzen ez badute behintzat, horren ardura ere izango du. 2014ko azaroan, EITBn eginiko elkarrizketa batean, euskal presoen sakabanaketaz galdetu zioten, eta erantzun zuen «gai politikoa» zela eta epailea zela bera. Orain, politikaria da.

Dena den, ezin da esan Barne Ministerioaren barrunbeak —eta estoldak— ez dituenik ezagun. Bereziki, Auzitegi Nazionaleko epaile izan den urteetan (2004-2013) esku artean izan dituen gaiengatik harreman zuzena izan baitu horko arduradunekin. Eta, bereziki, euskal gatazkarekin loturiko auziengatik egin delako ezagun, horien instrukzioetan hartutako —eta ez hartutako— erabakiengatik, eta, zehazki, inkomunikazio aldian bere esku zeuden atxilotuek eginiko tortura salaketengatik.

Eta hori azpimarratu du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ere. Izan ere, Grande-Marlaska Madrilgo auzitegira iritsi zenetik, bederatzitan zigortu du Estrasburgok Espainiako Estatua, eta horietatik sei kasutan berak zuen atxilotuak zaintzeko ardura: Oihan Ataun, Xabier Beortegi, Patxi Arratibel, Beatriz Etxeberria, Igor Portu eta Mattin Sarasolarenean.

Aurreneko lauren kasuan, auzitegi bereko beste epaile batzuek hartzen zituzten neurriak ez hartzeaz gain, ondoren eginiko tortura salaketak ez zituen dagokion auzitegira bidali Grande-Marlaskak, eta horregatik zigortu zuen Estrasburgok Espainia. Eta Portu eta Sarasolarenean, berriz, frogatutzat eman zuen atxiloaldian tratu anker eta iraingarriak jasan zituztela. Kasu horretan ere, ez zien bide eman salaketei —Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak hartu zuen gero—. Eta ez zuen hori egin, tortura zantzuak idatzita utzi bazituen ere; Sarasolaren espetxeratze autoan, hain zuzen, onartu zuen bi atxilotuen kontakizunetan antzekotasunak zeudela jasandako tratuari buruz, biak bananduta eta inkomunikatuta zeuden arren.

Baina, Estrasburgok ez ezik, Espainiako auzitegiek ere jarri dute susmopean epailea. Ruben Villaren kasuan, Auzitegi Konstituzionalak agindu zuen artxibatutako tortura salaketa zabaltzeko. Kasu horretan ere bera izan zen instrukzio epailea. Beste hainbeste gertatu zen Mikel Beunzaren eta Eneko Conpainsen salaketekin. Eta jaso zuen bere auzitegiko kideen abisua ere. 40 gazteren epaian, epaimahaiak zalantzan jarri zuen atxiloaldian eginiko adierazpenak askatasun osoz eginak eta borondatezkoak izan zirela, eta Grande-Marlaskak zaindu behar zituen.

Hori 2014an izan zen. Polizia operazioa, 2011n. Eta, 2012an, Auzitegiko Nazionaleko Zigor Aretoko presidente izendatu zuten. Urtebete geroago, Botere Judizialeko Kontseilu Orokorreko kide izendatu zuten, PPk proposatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.