Felix Zubia.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Txertoaz

2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Zuetako gehienoi ezezaguna egingo zaizue Maria Elena Botazzi-ren izena, baina, une honetan, gizateriaren heroi izan zatekeen bera eta Houstongo Medikuntza Tropikalerako Baylor Eskolan zuzentzen duen lantaldea. Koronabirus berria, edo SARS-CoV-2a, ez delako munduan bat-batean agertu. 2002an haren anaia izan zen SARS-CoV birusak 8.000 gaixo eta 800 heriotza inguru eragin zituen, gehienak Asian. Eta 2012an beste koronabirus larri baten agerraldia izan zen, MERS-CoV izeneko bere lehengusuak eragina, eta ehunka heriotza eragin zituena. Koronabirusak mundu mailako infekzio larrien eragile zirela, eta larriagoen eragile izango zirela ikusirik, hainbat zientzialarik txertoak garatzeko lanak abiarazi zituzten, eta Botazziren taldeak lehen txertoa garatua zuen. Baina 2016an, gizakietan txerto honen lehen probak egitera zihoazenean, inork ez zien dirurik eskaini. Finantzaketa bila joan zirenean, eta hiru milioi euro behar zituzten (gutxiagorekin ere moldatuko omen ziren), lehentasun handiagoak zirela esan zien begi eta buru zoliko norbaitek. Dirua ukatu, eta proiektua tiradera batean geratu zen.

Gure artean ere, zientzian ikertzaile direnek antzerako erantzunak jasotzen dituzte egunero. Ikerketa hitzarekin ahoa bete bai, baina kopuru oso murritzak eskaintzen dizkiete gure erakundeen aurrekontuek. Pentsa, goi mailako ikasketak egin dituen norbaiti, askotan doktore tesi bat ere bai, beka ziztrin bat eskaintzen zaio, hutsaren hurrengoa, lan-denbora moduan balio ez duena, Gizarte Segurantzan kotizaziorik gabea, eta langabeziarako modurik ematen ez duena. Bai, gure gizartean, 2020. urtean. Herrialde aberats izan gintezke, baina herrialde aurreratu ez. Benetan, lotsaren arrastorik bagenu, krisi honetatik guztitik egin beharreko lehen aldaketa hau litzateke: ikerketari eta ikertzaileei aurrekontu duinak eskaini, eta haien lan baldintzak normaldu.

Otsoa iritsi zenean, berandu genbiltzan. Hasi ziren enpresa eta ikerketa taldeak lanean, gaitzaren presiopean. Sekula ez du ikerketak hainbeste aurreratu, eta zientziaren ikuspegitik, benetan interesgarriak dira txertoak garatzeko erabiltzen ari diren bideak. Batzuk, birusaren material genetikoan oinarrituak, edozein mikroorganismoren aurkako txertoak garatzeko bidea emango luketenak. Beste batzuk, arriskurik gabeko adenobirus bati koronabirusaren zatitxo bat gehitu diote, gure gorputzak defentsak garatu ditzan. Eta hirugarrenik, betiko bideak daude, birusa bera indargabetuz.

Txertoak emango digu gaixotasun hau gainditzeko aukera. Hilabete gutxitan banatuko da, edo dira. Orain borroka komertzial bizian dabiltza, zientziaren ordez tratante teknikak erabiliz. Koronabirusa pasatuko da, baina ez ditzagun ikertzaileak ahaztu. Izango direlako erronka berriak, eta zientziaren erantzuna beharko dugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.