HILBERRIA. Ermanno Olmi

Zinemagile sainduaren kondaira

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Berrogei bat film labur eta hogei bat luze utzi dituen autodidakta, dokumentalgintzan aitzindaria, bere kezka sozialak filmatu zituen zuzendari katolikoa. 1978an aurkeztu zuen Ermano Olmik (Treviglio, Italia, 1931) L'albero degli zoccoli (Eskalapoien arbola), 25 urtetik gorako lanaren ondoren. Ordurako, hainbat film luze aurkeztuak zituen: Il tempo si è fermato (Denbora gelditu da, 1959), Il posto (Lanpostua, 1961), I fidanzati (Ezkongaiak, 1963) eta Un certo giorno (Egun jakin batean, 1968). Lanpostua-rekin jaso zituen lehen txaloak eta Veneziako zinemaldiko Kritikaren saria. Neorrealismo italiarrarekin bat egiten zuen pieza horretan, Olmik «mirari ekonomikoa» deitu ohi zenaren satira egin zuen, lan bila zebiltzan bi gazte protagonisten bitartez. Behargin jendearen errealitatea agertzen tematu zen Olmi. Ez zuen alferrik izan Edison Volta enpresan egindako lehen filmaketen osteko telebistarako dokumental laburren eta filmen eskola. 1957an, esaterako, Pier Paolo Pasolini lagunaren gidoiarekin filmatu zuen Grigio (Grisa). Haren sentimendu erlijiosoak, haren katolikotasuna, 1960ko hamarkadako hainbat lanetan hasi zen agertzen.

Novecento-k (1977an estreinatua) Bernardo Bertolucciren ideologia komunista islatu bazuen, Eskalapoien arbola-k Olmiren ikuspegi demokrata kristaua agerrarazi zuen. Maisulan baten bidez agerrarazi ere, benetako baserritarrak aktore bihurtuta, Bergamoko hizkeran filmatuta, Italiako eskualde horretako nekazarien XIX. mende amaierako bizi baldintzak agerrarazita. Emaitza: dokumentala beste poetikoa zen filma. Eta Cannesko Urrezko Palma

1982an, Ipotesi Cinema eskola ireki zuen, zinemagile berriak sortzeko. 1987an, Veneziako Zilarrezko Lehoia eskuratu zuen Lunga vita alla signora! (Andrea bizi dadila urte askoan!) lan klaustrofobikoarekin. Hurrengo urtean, Urrezko Lehoia jaso zuen Joseph Rothen testuan oinarritutako La leggenda del santo bevitore (Edale sainduaren kondaira) filmarekin. Ordurako, gaitz degeneratiboak joa zegoen. Gaitz horrek depresioan murgildu zuen. Filmatzen segitu zuen, hala ere. Egin zuen azken film luzea da Il villaggio di cartone (Kartoizko herria, 2011). Bertan, paperik gabeko etorkin talde bati laguntzea erabakitzen duen apaiz bat da protagonista. «Intelektual sakon bat zen», zioen atzo Italiako Kultura ministro Dario Franceschinik, Olmiren heriotzaren berri izatean. «Pertsonaren misterioak aztertu eta jorratu zituen, eta ohikoa izan duen poesia lagun, gizakiaren eta naturaren arteko harremana, lanaren duintasuna eta espiritualtasuna kontatu zituen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.