Udalbiltza. Berrantolatze batzarra

Ezina ekinez egina

1999ko irailean sortu zenetik, ez du bide erraza izan Euskal Herriko udal hautetsien biltzarrak, lehen instituzio nazionalak. Zatiketari, polizia operazioei eta epaiketari egin behar izan die aurre.

Gasteizko egoitza itxita, 2003ko polizia operazioaren ondoren. J. RUIZ / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2013ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ia hamalau urte igaro dira 1999ko irailaren 18an zazpi lurraldeetako ia 2.000 hautetsik Udalbiltza sortu zutenetik. Han onartutako printzipioek argi adierazten zuten lehen erakunde nazionalaren xedea: «Euskal Herria nazio da, eta egituraketa politikoa eraikitzen lagundu behar zaio, nazio eraikuntza bultzatzeko. Horretarako, beharrezkoa da esparru administratibo ezberdinetan banatuak diren herrialde guztietako udalen arteko harremana sustatzea, baita nazioartean nazio gisa agertzea ere». Euskalduna jauregiko irudiak erakutsi zuen printzipio horiek indar politiko anitzak batzeko zuten gaitasuna.

Baina Lizarra-Garaziko akordioa haustearekin batera hautsi zen batasun hura ere. Garaiko gertaeren eta egoera politikoaren ondorioz, ez zen denbora asko behar izan zatiketa azalarazteko. 2000. urteko udan Biltzar Nagusia datarik gabe atzeratzea erabaki zuten EAJko eta EAko hautetsiek, Batzorde Eragilean zuten gehiengoa baliatuta. Gainontzekoek, aldiz, Udalbiltzaren Aldeko Hautetsien Mugimenduan batuta, biltzarra deitzearen aldeko sinadura bilketari ekin zioten.

2001eko otsailaren 24an egin zen biltzarra azkenean, Donostiako Kursaalean, EHko eta ABko —independenteak ere baziren— 1.000 hautetsi ingururen babesarekin. Printzipioak berretsita, Euskal Herriaren oinarrizko diagnostikoa onartzea, Batzorde Eragile berri bat osatzea eta Udalbiltza Partzuergoa sortzea erabaki zuten, besteak beste. Batzar hartan hartu zuten Euskal Herriko Naziotasun Agiria ere, eta hainbat ekimen bultzatu zituzten ondoren: Euskal Garapen eta Kohesio Fondoa—Zuberoa Garatzen lagundu zuena—, Euskal Herriko eskubideen agiria, Euskal Herria Demokrazia eta Bakerako Bidean proposamena, Euskal Curriculuma... EAJko, EAko eta EBko hautetsiek, berriz, beste bide bat jarraitu zuten Udalbiltza-Udalbiderekin.

Kolpea, auzitegien eskutik

Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduak moztu zuen, ordea, Euskal Herriko instituzio nazional bakarra egiten ari zen bidea. Baltasar Garzon epailearen aginduz, zortzi lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak, eta Udalbiltzaren egoitzak miatu eta itxi zituen. Operazioa egin baino hiru egun lehenago, apirilaren 26an, ezohiko batzarra egin zuen Udalbiltzak; Espainiako Gobernua hasia zen hamarkada osoan zehar mantendu duen legez kanporatzeen dinamikarekin.

Espainiako auzitegien kolpearen ondoren etorri zen bi Udalbiltzen lehen hurbilpena: bilera bat egin zuten, operazioaren aurrean elkarlana sustatzeko. Dena den, gaur gaurkoz inoiz ez da lortu Euskalduna Jauregiko sorrera batzarrean irudikatutako batasuna. Bilboko kaleek irudikatu zuten milaka herritarren salaketa, atxilotuak espetxean zeudela. Geroago, beste batzuk ere kartzelatu zituzten; tartean, Loren Arkotxa Udalbiltzako lehendakaria. Pixkanaka handik irteten hasi ziren, milaka eurotako bermeekin, atxilotuetako batzuk. 2004ko abuztuan, baina, beste hamaika lagun inputatu zituen Garzonek, «talde terroristarekin harremana izatea» egotzita. Irailean, berriz, 21 kide auzipetu zituen, ETAkoak izatea leporatuta.

Guztira, 240 urteko espetxe zigorra eskatu zuten 2007ko epaiketan, 22 auzipetuentzat. Operaziotik zortzi urtera iritsi zen behin betiko epaia: absoluzioa. Errugabetzat jo zituzten guztiak, «froga faltagatik».Tarte horretan guztian, ordea, etenda izan zuten Udalbiltzaren jarduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.