Zegama-Aizkorri mendi maratoia

Ikuskizuna hasteko zain

Bihar jokatuko dute Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Jornet da faborito gizonezkoetan, eta lehia estua espero da emakumezkoetan

Ikuskizuna hasteko zain.
Unai Ugartemendia.
2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Iritsi da eguna. Bihar jokatuko da Zegama-Aizkorri mendi lasterketaren hemezortzigarren ekitaldia. 2002an estreinakoz jokatu zenetik, munduko mendi lasterkaririk onenak izan dira han irabazteko asmoz. Biharko ere aurrez izenaemandakoetan 10.000 korrikalarik baino gehiago zeuden arren, 550 lasterkari besterik ez dira abiatuko 42 kilometroak egiteko asmoz —2.736 metroko desnibel positiboa du probak—. Lasterketa irabazteko faboritoen zerrenda gero eta luzeagoa izaten da urtetik urtera. Hala ere, irteeran izango diren korrikalarien izenak kontuan hartuta, aurtengoak inoiz jokatu den lasterketarik onena izateko itxura du.

Bi urteotan egon ez den arren, denen gainetik izen bat nabarmentzen da, Kilian Jornet kataluniarrarena. Aste batzuk igaro dira Jornetek aurten jokatuko dituen mendi lasterketen egutegia aurkeztu zuenetik. Hiru ziren zerrenda horretan gorriz azpimarratuak zituen lasterketak: denboraldia hasteko, Zegama-Aizkorri; eta abuztuan, Sierre Zinal (Suitza) eta Pikes Peak (AEB). Hiru lasterketa horiek Salomon bere babesleak antolatutako Golden Trail Series zirkuituko probak dira.

Hiru lasterketa horiek badute ezaugarri komun bat: horietako errekorrak ez dira Jornetek eginak. Askok bitxikeria modura hartu zuten, baina badirudi kataluniarra hiru markak bereganatzeko ahaleginean ibiliko dela. Zegama-Aizkorrirako dituen xedeez galdetuta, esan du «barruan daukan guztia» emango duela.

Baina Jornetek aurkari bikainak izango ditu bihar. Adibidez, lehian izango dira azken bi ekitaldietako irabazleak: batetik, Stian Angermund-Vik norvegiarra, duela bi urte, irabazi ez ezik, marka hobetu zuena ere (3.45,08); eta bestetik, Remi Bonnet suitzarra, iazko garailea. Beraz, asko desiratutako lehia ikusteko aukera paregabea izango da. Sasoi betean egonez gero, lehia ikusgarria eskainiko dute hirurek. Kataluniarrak irabaziz gero, bederatzigarren txapela jantziko luke.

Besta kontrario bat izan dezakete hirurek: eguraldia. 30 gradu inguru egin ditzake eguerdian, baita hezetasun handia ere. Beraz, arranpak izateko arriskua egongo da. Lokatza ere izango da. Horretaz harago, ezustekoa emateko moduan dauden beste izen asko abiatuko dira 09:00etan Zegamako plazatik (Gipuzkoa): Bartlomiej Przedwojewski poloniarra —hirugarren iaz—, Manuel Merillas espainiarra —bigarren 2015ean—, Karl Egloff ekuadortarra —hainbat mendi ospetsutako markaren jabe da— eta Oriol Cardona eta Jan Margarit kataluniarrak, besteak beste. Euskal lasterkarien artean, berriz, Aritz Egea urretxuarra nabarmentzen da. 2017an egin zuen denborarik onena Zegaman —3.55.41—, eta podiumetik oso gertu gelditu zen. Arantza ateratzeko asmoz lehiatuko da. Egeaz gain, Ander Iñarra —17. postuan sailkatu zen iaz— eta Oier Ariznabarreta —Espainiako Txapelketa irabazi du aurten— euskal selekzioko korrikalariak lehen hamarren artean sailka daitezke.

Ez da ariko Nilsson

Gizonezkoen lehia bezain ikusgarria eta estua izan daiteke emakumezkoena. Ez da ariko Ida Nilsson suediarra, iazko irabazlea. Askorentzat, ezustea izan zen Zegama-Aizkorrin bikain aritu izana, baina jarraian lortutako emaitzek munduko onenen zerrendan sartu zuten. Nilssonena kontuan hartzeko hutsunea da, baina irabazle izan daitezkeenen zerrenda ez da nolanahikoa. Hasteko, berriro Aizkorriko mendietan barrena izango da 2017ko irabazlea, Yngvild Kaspersen norvegiarra. Baina kontu handiz ibili beharko du, huts egiten badu, gertu izango baititu aurkariak: Megan Kimmel estatubatuarra —lehena da Munduko Kopan, eta bigarren izan zen iaz Zegaman—, Eli Gordon kataluniarra —zortzigarren iaz—, Elisa Desco italiarra —seigarren izan zen 2016an—, eta Maite Maiora —irabazle 2017an— eta Oihana Azkorbebeitia —seigarren iaz— euskal herritarrak. Aurtengo ekitaldia izan daiteke inoizkorik onena Euskal Herriko emakumezko korrikalariei dagokienez. Izan ere, Maiora eta Azkorbebeitiaz gain, Oihana Kortazar ere lehiatuko da, 2011ko eta 2012ko irabazlea. Lesioengatik, elgetarrak ezin izan du parte hartu Zegama-Aizkorrin azkeneko bi urteetan. Baina osatu egin da, eta gogotsu dago biharko lasterketari begira. Gogotsu dira, halaber, Maite Etxezarreta, Uxue Fraile eta Mayi Mujika. Lan ona egin nahi dute hirurek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.