Donostiako 67. Zinemaldia

Kursaalaren estreinaldia

Urte berezia izan zen 1999a Donostiako Zinemaldiarentzat, urte hartan bilakatu baitzen Kursaala jaialdiaren gune nagusi. 'C'est quoi la vie? filmak irabazi zuen Urrezko Maskorra.

C'est quoi la vie? filmak jaso zuen Urrezko Maskorra 1999an. BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Irailaren 16a. 1999. urtekoa. Donostiako Zinemaldiak egun horretan egin zuen lehendabiziko ekitaldia, inaugurazio gala, gaur egun bere egoitza nagusia den eraikinean, Kursaalean. Horregatik beragatik, inportantea izan zen 47.a, handik aurrera Rafael Moneok diseinatutako kuboetan egingo baitzituen Zinemaldiak bere ekitaldi nagusiak.

Lehiaketa ofizialari dagokionez, zinema frantziarraren urtea izan zen 1999a. Bertrand Tavernier zinemagilea buru zuen epaimahaiak Urrezko Maskorra François Dupeyron zuzendari frantziarraren C'est quoi la vie? filmari ematea erabaki zuen. Ez zen Dupeyronena faborito argiena, baina ez zegoen gaizki kokatua kritikarien kinieletan. Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorrarekin konformatu behar izan zuten, euren aldetik, urte hartako film txalotuenek, Michel Devillefrantziarraren La maladie de Sachs-ek eta Zhang Yang txinatarraren Xizhao-k.

Urrezko Maskorraz gain, C'est quoi la vie?-k gizonezko interpretazio onenaren saria eraman zuen (Jacques Dufilho), eta emakumezko aktore onena, berriz, Aitana Sanchez Gijonentzat izan zen Volaverunt filmagatik (Bigas Luna). Epaimahaiaren Sari Berezia, bestalde, Antonio-Pedro Vasconcelosek jaso zuen Jaime-gatik.

Horiez gain, lehiaketan izan ziren, besteak beste, Cuando vuelvas a mi lado (Gracia Querejeta), Jonas et Lila, à demain (Alain Tanner), Miss Julie (Mike Figgis), Orfeu (Carlos Diegues), The Red Ribbon (Ebrahim Hatamikia), Under the Sun (Colin Nutley) eta La lengua de las mariposas (Jose Luis Cuerda).

Talentu berriak deskubritzeko plaza ere bada Zinemaldia, eta urte hartan geroago zeresana emango zuen zinemagile batek, Laurent Cantet frantziarrak, irabazi zuen Zuzendari Berriak saria Ressources Humaines filmarekin.

Donostia sariek, bestalde, Fernando Fernan-Gomez, Vanessa Redgrave eta Anjelica Hustonen ibilbideak aitortu zituzten. Azken horrek Agnes Browne aurkeztu zuen Zabaltegi-Zinemaldien Gailurrak sailean —gaur egungo Perlak—, eta Gazteriaren saria eraman zuen.

Sariak emateko galan izan zen ezustekorik; izan ere, gazte bat «Euskal presoak Euskal Herrira» zioen zapiarekin igo zen oholtzara. Telebistan apenas ikusi zen, Canal Plusek agertokiaren plano finkoa ezarri baitzuen. Berehala atera zuten gaztea, eta galak bestelako sorpresarik gabe jarraitu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.