Donostiako. 71. Zinemaldia. Kritika. Horizontes Latinos

Ama baten borroka

Carolina Markowiczen Pedágio filmaren irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun

'Pedágio'



Zuzendaria: Carolina Markowicz. Herrialdea: Brasil-Portugal. Iraupena: 101 minutu.

Suellen oraindik ere ilun dagoela esnatzen da goizero. Muino batera igo eta kandela bat pizten du. Ondoren, lanera joaten da; hara iristeko, errepide ertzean jarri eta pasatzen diren autoei eta kamioiei eskatzen die laguntza. Suellenek ordainleku bateko kabinan lan egiten du, errepidean. Bere lankide eta konfidente den Telmarekin bazkaltzen du egunero, bertako kafetegian, eta etxera itzultzean afaria prestatzen du bere bikotekide Arauto eta seme Antoniorentzat.

Antonio 17 urteko gaztea da, eta etxean bideoak grabatzen ditu produktuak saltzeko. Horretarako, amaren makillajea hartu, kolorezko argiak sortzen dituen bonbilla jarri, eta musika show txikiak sortzen ditu. Suellenek, lotsatuta, dirua bilduko du, semea gay izateari uzteko ikastaro garesti batera bidaltzeko, guru antzeko atzerriko apaiz ospetsu batek zuzentzen duena.

Bere semearengatik edozer egingo lukeen ama baten istorioa kontatzen du Pedágio filmak. Carolina Markowicz brasildarrak idatzi eta zuzendu duen bigarren film luzea da, eta Torontoko jaialdian aurkeztu zuen.

Interesgarria da Markowiczek nola orekatu dituen filmaren bi alderdiak: batetik, umorea erabili du «erresignifikazio bioenergetikoko prozesua» deitzen dioten ikastaroaren zentzugabekeria erretratatzeko. Seriotasun osoz ikus ditzakegu ikasleak plastilinazko genitalak eraikitzen (goizero egin behar duten ariketa), mezetan egongo balira bezala erakarri behar dituen generoaren «zukua» edaten, edo kasu arrakastatsu baten lekukotza entzuten. Hori guztia, kanpoaldean lamina erraldoi bat duen eta paretetan era guztietako hegazti exotikoen marrazkiak dituen espazio batean.

Bestalde, erridikulua den erabakia hartuta ere, errespetu osoz erretratatzen du Suellen. Bere borroka lotuta dago ezberdina izatea zigortzen duen gizarte batean txoko bat aurkitzearekin, eta nahikoa ezberdina sentitzen da jada senarrik ez duen ama izanda. Bere desesperazioa guztiz identifikagarria bilakatzen du zinemagile brasildarrak, eta, hartutako erabakiak eztabaidagarriak badira ere, ez diogu gaitzik opa. Suellen, hasieran hala dirudien arren, ez da filmeko etsaia; Markowiczek enpatiaz begiratzen dio, baita Antoniok ere, eta horrek ama baten eta seme baten arteko kontakizun intimoago bat bilakatzen du Pedágio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.