Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Finala

Ziurtagiria eta harrera ziurra

Atzerapen boladaren ondoren, jokatu da jada Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala. Osasun neurriak hartuta, zaleek gozatu dute, txaloek eta burrunbek iradoki dutenez.

Zaleak txaloka atzo, Bilbo Arenako harmailetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun

Bostetan da, baina jendea dagoeneko badator». Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala hasteko ordu erdi baino gehiago falta zen, eta bertsozaleak trumilka ari ziren hurbiltzen Miribillako Bilbo Arena kiroldegira, bai pareko aldatzetik, bai gertuko tabernatik, ondo baitzekiten atzo inoiz baino gehiago komeni zela denborarekin heltzea.

Edonola ere, leihatilen alboan Bertsozale Elkarteko kide bat ari zen behin eta berriro errepikatzen, denbora gutxiago galtzeko: «COVID-19aren pasaportea eskura eta aurrera, mesedez». Eskuan sarrera eta txertoen ziurtagiria zutela hurbiltzen ziren ikusleak sarreretan zeuden elkarteko kideengana, zintzo; jendea bazegoen, baina arin joan ziren ilarak: erakutsi beharrekoak erakutsi, eta agudo igarotzen ziren barrura zaleak.

Ezin egoera kanpoan utzi, ordea; Bilbo Arena lepo zegoen, eta jendetzaren artean nabarmendu egiten zen musukoen kolore urdin argia, zuria, beltza... Hainbatetan iragarri zuten ateak zabalduko zituztela lantzean behin egurasteko, eta ikusleetako askok saio erdira gogoratu zuten ohartarazpena, haize bolada hotz batek uzkurtu, eta berokiak jarrarazi zizkienean.

Hasierako harreran, Itxaro Juaristi Olaetxeak pandemiak eragindako buruhausteak izan zituen hizpide, halaber. «Ezin ukatu gorabeherak egon direnik». Eta horiek gainditzeko gakoak aletu zituenean entzun zen arratsaldeko lehen txalo zaparrada. «Bertso eskolak, antolatzaileak, gai jartzaileak... Denen lana, oso beharrezkoa; zorionak».

Juaristi Olaetxeak finalistak aurkeztu zituen, baita gai jartzailea ere: Idoia Anzorandia Kareaga. Jendea hasi zen haiek bilatzeko ahaleginetan, orain sarreretako bati begira, orain besteren bati, baina ez zen inor agertu; bat-batean, txaloak entzuten hasi ziren; batzuek begiztatu zituzten finalistak nonbait, eta txaloak azkarragoak, biziagoak eta indartsuagoak izaten hasi ziren segizioa C sarreratik sartzen zen heinean.

Bertsoak, apalki kutsatuta

Agertokira heldu zirenean, bertsolariek aurrean topatu zituzten zaleek eskegitako kartelak. Animoak ematekoak, gehienak: «Xabat, disfruta», «Aupa, Etxahun!», «Gora, Onin, gora! Lili artean, señora»; baten bat ez zihoan bertsolariei zuzendua: «Osasun neurri bat ez delako. Ziurtagiriari ez».

Hain justu, pandemiaren ingurukoak izan ziren lehen bertsoak. Xabat Galletebeitia eta Onintza Enbeita bi preso ziren, birusaren ondorioz euren familiarekin ia aurrez aurrekorik eduki gabeak. Eguneroko beste gaiei ere heldu zieten: Korrika, AHTa, eraso homofoboak, pentsio duinen aldeko elkarretaratzeak, eutanasia...

Aitor Etxebarriazarragaren euskal musikaren inguruko ondorioak txalo bereziki zaratatsuak eta txistuak eragin zituen: «Kalitatezkoa da, ta anitza ere bai». Burrunba entzun zen, are, isiltasuna baino eragin ez zuen liburu baten autorearen larruan jartzeko adierazi ziotenean Nerea Ibarzabali, eta Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik hartu zuenean oinarri; baita Jone Uria Olentzero bilakatu eta pandemiak zigortutako umeen alde egin zuenean ere. Bestela ere animatu zituen publikoak, orokorrean: bertsoen bukaerak abestu zituzten hainbatetan, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.