Migratzaileak. Moria. Irene Redondo. Ikerlaria

«Europak oinarritzat duen indarkeria sistemaren parte da gertatu dena»

Redondoren iritziz, «izugarria» da urteotan Europan «sufrimendu gehien» eragin duen gunea desagertzea: «Eta, hala eta guztiz ere, egoerak okerrera egin du. Hau ez da behingo gertaera bat».

IÑAKI AGIRRE.
Iñaki Agirre Perez.
Moria
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Moriako kanpalekuak ingurugiro torturatzaile gisa pertsona errefuxiatuengan izan duen inpaktua aztertzen ari da Irene Redondo ikerlaria (Madril, 1990). Uste du kanpalekua kiskali berri duen sutea bertan bizi zirenek urteetan zehar jasandako biolentzia egoeraren ondorioa dela.

Nola iritsi gara puntu honetara?

Astearte gaueko sutea Morian bizi diren asilo eskatzaileen sufrimenduaren puntu gorenean heldu zen. Hainbat aldiz salatu izan da leku honetan giza eskubideak modu sistematikoan urratzen direla, eta kanpamentuan bi urtez bizi izan den jendea dago hemen. Edateko urarekiko heltzea ez dago bermatuta, ezta elikadura eta higiene egokiak ere ez. Hemen topatzen genituen bizi baldintzak kontuan hartuta, kanpamentuan bizi ziren pertsonentzat Moria ingurugiro torturatzaile bat zela ondorioztatu dezakegu.

Ustez sutearen jatorri izan ziren protestak gobernuak Morian birusari aurre egiteko hartu zituen neurrien aurka piztu ziren.

COVID-19aren aitzakiarekin, martxotik hona administrazioak behin eta berriz luzatu den itxialdi bat ezarri dio dagoeneko zapalduta sentitzen zen biztanleriari. Morian bizi ziren pertsonek ezin zuten botikara ere joan, eta hilabetez hilabete haien eskubideak nola mugatzen ziren ikusi dute, kanpamentuan birusaren hedatzea saihesteko benetako neurririk hartzen ari ez zen bitartean.

Birusa Moriara heldu zen unetik autoritateek hartu zituzten neurriak guztiz arduragabeak izan dira: testak egiteko teknika okerrak, prestatu gabeko pertsonala, osasun irizpideak betetzen ez zituzten isolamenduak... Isolamendu hauek, hain zuzen, atxilotze irregularren itxura zuten jendearen begietara, gauerdian pertsonak dendetatik atera zitzaketelako inori inolako azalpenik eman gabe.

Isolamendu guneetan, berriz, positiboak oraindik testaren emaitza jaso ez zuten pertsonekin nahasten ari ziren, haien arteko distantziak mantentzeko aukerarik eman gabe eta sekulako informazio hutsunearekin. Biolentziak, beldurrak eta kontrolik ezaren sentsazio horrek sutearen aurretiko protestak azaltzen dituzte.

Zein egoeratan geratu da jendea sutearen ostean?

Erabateko zaurgarritasun egoera batetik atera eta are egoera okerrago batera zoazela ikusten duzunean, zure osasunean eta osasun mentalean jasotzen dituzun inpaktuak agerikoak dira. Itxaropen falta ikusten dugu, etsipena, bizitzarekiko gaitzustea, antsietatea, depresioa eta, zenbait kasutan, trauma osteko estresaren areagotzea. Kale gorrian geratu dira, haien ondasunak erre egin dira, eta administrazioak oinarrizko beharrak ase ditzakeen lekua izateko aukera ukatzen die.

Sutearen ostean, gobernuak segurtasun indarrak berehala mobilizatu ditu uhartean, baina errefuxiatuentzako laguntza medikoa GKEek eskaini dute.

Morian ez da ebakuazio planik egon. Ez dago kalean geratu diren pertsonei irtenbide azkar bat emateko proposamenik. Ez dago hemendik aurrera haien prozesu administratiboen garapena bermatuko duen estrategiarik. Eta, nola ez, giza eskubideen etengabeko urratzearen aurka eginiko salaketa guztiei erantzuteko asmoa duen planik ere ez dago. Agintarien neurri nagusia pertsona errefuxiatuen euste plana izan da, haien helburua Moriako jendea uharteko herriguneetatik urrun mantentzea delako. Haien jarrera diskurtso xenofobo batean oinarritzen da. Greziako Gobernua ez da gai 12.000 pertsona hauek kontinentera eramateko erabakia hartzeko.

Egunotan pertsona hauen egoerak soilik okerrera egingo duela pentsatu behar dugu?

Izugarria da urteotan Europan sufrimendu gehien eragin duen espazioa desagertzea eta, hala ere, egoerak okerrera egitea. Hau ez da behingo gertaera bat. Ez da krisi humanitario baten kudeaketa txarraren ondorio bat. Europak oinarritzat duen indarkeria eta desparekotasun sistemaren parte da. Errefuxiatuekiko ardura zuzen bat dugu, haien jatorrizko herrietan, trantsito migratorioan zehar eta baita hona heldu eta gure legediak babesten duen asilo prozesu bat abiatzen dutenean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.