EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia. Iñigo Urrutia. Legelaria eta EHUko irakaslea

«Epai horren bidez, epaileek legeria aldatu nahi dute»

EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak, Irungo Udalaren euskara eskakizunak ez ezik, Euskal Herriko erakundeen autogobernua ere kamusten du, Iñigo Urrutiaren ustez. Haren iritziz, botere judizialaren egitekoa arauak interpretatzea da, «baina ez hizkuntza politikak ezartzea».

GORKA RUBIO / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun

Irungo udaltzain izateko euskara eskakizunak baliogabetzen dituen epaia «politikoa» dela uste du Kontseiluak. Iñigo Urrutia legelari eta EHUko irakasleak (Jatabe, Bizkaia, 1966) «burugabea» dela dio.

Ikuspuntu juridikotik epaiak «akats nabarmenak» dituela esan duzu. Zeintzuk dira?

Sententzia ez da juridikoki zuzena, eta ez du ondo aplikatzen legeria. Alde batetik, epaileek erabili duten jurisprudentzia oso zaharra da; Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epai bat aipatzen dute, baina auzitegi horrek berak kontrako irizpidea erabili izan du ondoren, eta hori ez dute aintzat hartu. 1991. urteko ebazpen batean, adibidez, Konstituzionalak esan zuen zilegi dela lanpostu publikoetan hizkuntza eskakizunak ezartzea. Kasu horretan, zehazki, Kataluniako funtzio publikoko lanpostuetan katalana eskatzeari buruz ari zen. Beste alde batetik, Auzitegi Nagusiak oinarritzat hartu dituen datu linguistikoak ez dira egokiak.

Zergatik ez?

Euskararen erabilerari buruzkoak direlako. Gure araubidearen arabera, erabilerari ez, ezagutza datuei erreparatu behar zaie hizkuntza eskakizuna zehazteko garaian. Horretan oinarritzen da euskara eskakizunen sistema bera, eta arautua dago 86/2097 dekretuan. Hala ere, horri guztiari aipamenik txikiena ere ez zaio egiten Auzitegi Nagusiaren sententzian.

Auzitegiak dio herritarren eskubidea bermatzeko ez dela beharrezkoa udaltzain guztiek euskaraz jakitea...

Eta hori ere bada sententziaren gabezia bat: hamabi udaltzain posturen deialdi jakin bat bakarrik hartzen du kontuan, baina hizkuntza eskakizunen sistemak beste era batera funtzionatzen du: kontuan hartu behar dira, batetik, Irungo Udalean dauden postu guztiak, eta, bestetik, udalerriko euskaldunen kopurua: Irungo herritarren %40 euskaldunak badira, eta %20 ia euskaldunak, bigarren portzentaje horren erdia gehituko zaio euskaldunen ehunekoari: %50, guztira. Horren arabera zehazten da zenbat postutan eskatu behar den euskara jakitea: Irunen, udal lantalde osoaren %50etan. Betebehar hori lan deialdietan nola gauzatzen den, ordea, udalak erabaki beharreko zerbait da. Hortaz, hor paradoxa bat sortzen da: ez dago sententzia hori betetzerik legea urratu gabe: epaia beteko balitz, ez lirateke beteko legean ezarritako euskara eskakizunak. Epaileek errotik aldatu nahi izan dute legeria sententzia horrekin.

Hori ez al da botere banaketa bihurritzea?

Bai. Eta larria da: epaileei dagokiena da botere legegilearen arauak eta botere exekutiboaren dekretuak aplikatzea. Interpretatu ditzakete, baina aldatu? Hori ez da zilegi. Botere legegilearen funtzioetan sartzea da hori, botere banaketa perbertitzea. Tamalez, Auzitegi Nagusiko 3. Sekzioa ezagun bihurtu da azkenaldian, COVID-19aren aurkako neurri murriztaileak atzera bota zituztenez geroztik, eta badirudi beren irizpide propioak jarri nahi dituztela osasun irizpideen eta hizkuntza irizpideen gainetik.

Zer egin daiteke horren aurrean?

Euskalgintzan nagusitzen ari den sentsazioa da gure oinarri juridikoak ahul geratu direla. Aurreko epaiak ezagututa eta, batez ere, Irungoaren ostean, martxan jarri beharko litzateke ekinbide legegile indartsu bat. Erakundeek bultzatu beharko lukete eta, bereziki, Eusko Legebiltzarrak. Egungoa baino lege adierazpen argiagoa behar dugu: zurian beltz gera dadila funtzio publikoan lan egiteko bi hizkuntzak jakin behar direla, euskara eta gaztelania.

Aurreko legealdian, euskara administrazioan arautzeko dekretua onartu zuen Nafarroako Gobernuak, baina hori ere atzera bota zuten epaileek...

Bai, fenomeno bera da, eta uste dut gogoetarako kontua dela. Gure botere publikoei dagokie hizkuntza politika arautzea, ez epaileei. Epaile batek esan behar al dio Irungo Udalari zer postutan jarri behar duen euskara eskakizuna? Hori izugarria da. Hortaz, auzi honi maila politikoan eta instituzionalean heldu behar zaio, gure autogobernuaren zutabeetako bat baita hizkuntza araubidea, eta, uneotan, oso oinarri hauskorrak ditu: edozein epailek atzera botatzen ahal du. Autogobernuaren flotazio lerroaren kontrako torpedo bat da, eta gure erakundeei erantzun irmo bat eskatu behar diegu, eta legebiltzarrari, berriz, hizkuntza araubideak blindatzea. Hori egin ezean, epaile izar gehiago ikusiko ditugu beren irizpide ideologikoak inposatzen, hizkuntza eskubideen gainetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.