«Umea bisitara sartu dugu lehen aldiz; bera hunkitu egin da»

maddi ane txoperena iribarren
Dueso
2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Duesoko espetxearen kanpoaldean, hondartzarantz doan errepidea gurutzatu eta berehala dago aparkaleku bat. Geldirik dagoen auto ilara baten erdian, maletategia irekita, gizon bat eta emakume bat daude zutik, eta bi urteko haur bat autoaren barnean eserita, gurasoek ematen dioten janaria ahora ahal bezala sartzen. «Lehenengo bisita dugu hemen», azaldu du Eider Balerdi hernaniarrak.

Imanol Miner herrikidea bisitatzera etorri dira, Granadako espetxean hemeretzi urte pasatu dituena (855 kilometro, Andaluzia, Espainia). «Kuadrillakoa da», zehaztu du Iñaki Belategik. Bi orduan egin dute Duesorainoko bidaia. «Bi ordu, lasai etorrita». 170 kilometro. «Lehen bederatzi ordu jarraian ziren, pixa egiteko bakarrik geratzen, eta...». Eta, orain, haurrarekin etorri ahal izan dira: «Umea bisitara sartu dugu lehenengo aldiz», nabarmendu du Balerdik. «Bera hunkitu egin da». Belategik berretsi duenez, poz handia hartu du lagunak: «Kuadrillakoek lehen ez zituzten umeak eramaten, ze, azkenean, urruti dago. Nik uste dut ikusi duen kuadrillako lehenengo umea dela». Haientzat egingarria izan da orain bidea: «Atzo umearen bazkaria prestatu, gaur goiz esnatu, dutxatu, gosaldu, eta bi orduan hemen. Eta, bazkaltzeko, dena prest utzi, eta etxean bazkaldu. Guztiz desberdina da». Ados dago Belategi: «Lehen, senitartekoei abisatu behar zitzaien iritsi ginela; bestela, bera ez zen lasai geratzen. Ea bidaia zer moduz egin genuen, eguraldiarekin, beti istorio horiekin kezkatuta».

«Arraina, beroa»

Aldaketa «asko» izan dira presoarentzat, baina «ondo» dagoela erran die; baldintzak hobeak direla. Belategi: «Jan hobeto, askoz hobeto. Arraina, beroa!», dio, irriz. Balerdik dolutu du harremanek mugatuta segitzen dutela, halere: «Bisita berdina da; kristala daukazu, 40 minutu dira, eta ezin duzu ezer gehiago egin hor. Berdin-berdina da». Eta itzultzean gelditzen den zapore garratza: «Badakizu, zu joaten zarenean, bera orain beste toki batean, baina hor geldituko dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.