Pilota. Binakako Txapelketako finala

«Altxorra dugu familian»

Jokin Altunak lehengusua izan du botilero azken buruz burukoan eta lau eta erdikoan: Gorka Altuna. Binakakoan, ordea, ez dago botilerorik. Halere, egunero hitz egin dute elkarrekin, eta partida guztiak aztertu dituzte: «Inoizko binakako onena egin du. Baina erne! Aurkaririk arriskutsuena dira Laso eta Imaz».

Gorka eta Jokin Altuna, hizketan, 2021eko Banakako Txapelketa hasi aurretik, Miribillako pilotalekuan. ASIER IMAZ / ATARIA-TOLOSALDEKO HITZA.
Julen Etxeberria.
2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Jokin Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) ikusle eta lekuko pribilegiatua izan du irabazi dituen azkeneko bi txapelketetan: buruz burukoan eta lau eta erdikoan. Pribilegiatua, eta oso gertukoa, familiakoa: Gorka Altuna lehengusua (Alegia, Gipuzkoa, 1998). Hura izan du ondoan, botilero lanetan. Hark eman dio aurreneko besarkada txapela irabazi berritan.

«Gozamena da Jokinen botileroa izatea. Batzuetan, ikusle soila naiz, ikusle pribilegiatua: hura ikusi, eta pentsatzen dut sekulako altxorra dugula familian», aitortu du. Zehaztapena egin du aurrera egin aurretik: «Oso argi dut enpresek ez bazioten Ekaitzi [Saralegi] debekatu Jokinen botilero izatea, ni ez nintzela aulkian eseriko». Altuna III.ak herrikide, lagun eta pilotari ohia izan zuen botilero haren kirol ibilbideko aurreneko lau urteetan, 2018an, Eskuzko Pilota Enpresen Ligak (EPEL) enpresatik kanpoko pertsonei botilero izatea debekatu zien arte. Gerora, ia hiru urtez aritu zen Altuna banakako txapelketetan enpresako norbaitek lagunduta; baita bakarrik ere, COVID-19ak eragindako osasun egoerak hala behartuta.

Botillerorik gabe ari da binakakoan. Bikotekidea du ondoan, Julen Martija, eta Aspeko teknikari bat gertu: Jokin Etxaniz zuzendari teknikoa edo Jon Apezetxea intendentea. Lehengusuak, beraz, etxeko, gurasoen tabernako edo pilotalekuko aulkiarekin aldatu du kantxako jesarlekua. Falta sumatzen du: «Jendeak esaten dit lasaiago ibiliko naizela, baina izugarri gustatzen zait pilota, eta oso gustura aritzen naiz Jokinekin. Botilero izan edo ez, haren partida guztiak ikusten ditut: hamasei jokatu ditu, eta zazpi bertatik bertara ikusi ditut, eta beste guztiak, telebistaz. Gaizki pasatzen dut. Asko bizitzen dut. Baina presioa askoz txikiagoa da».

«Plazera, gozamena...»: halako hitzekin azaldu du nolakoa den lehengusuaren botilero izatea. Eta erraza? «Jendeak esaten dit oso erraza izan behar duela Jokinen botilero izatea, eta nik esaten diet oso erraza dela harekin emaitza onak lortzea. Beste kontu bat da haren botilero izatea erraza ote den. Hor egonda, zerbait esan behar diozu. Baina zer esango diozu zuk baino askoz gehiago dakien bati? Askotan pentsatzen dut hori. Errazagoa da gutxien dakien edo gutxiago jokatzen duen bati gauzak esatea, errazago antzematen baitizkiozu gabeziak. Baina Jokini zer esango diot? Hain da azkarra. Horregatik, babesa eman besterik ez dut egiten. Ez diot matrakarik ematen. Lasai uzten dut».

Haren ustez, lehengusuak izateak «mesede» egiten dio haien arteko harremanari: «Txiki-txikitatik oso harreman estua izan dugu. Beti diogu gure harremana lehengusuen artekoa baino gehiago anaien artekoa dela. Nire gurasoek taberna bat dute Amezketan, eta, lan egiten zutenean, Jokin eta biok elkarrekin egoten ginen beti: pilotan, erraketekin... Konplizitate handia dugu, eta horrek mesede egiten digu; adibidez, gauzak garbi esateko edo zerbait modu txarrean esanez gero jakiteko ez dela ezer pertsonala. Horrek beste lasaitasun bat ematen digu».

«Gozatzen» ari dira lehengusua egiten ari denarekin: «Sekulakoa da». Ez zuten espero: «Aitak eta osabek [Imanol eta Garikoitz Altuna erremontistek] zioten pilotan jokatzeko dohain ikaragarriak zituela. Itxaropena genuen familian: 'Gorputzak laguntzen badio...', esaten genion geure buruari. Bada, asko indartu da. Halere, ez genuen espero halakorik. Gauza izugarriak lortzen ari da».

Anaien arteko harremana

Berezkoari erreparatu dio lehenbizi: «Aurrena, berezkoa izan behar da; jaio egin behar da. Eta Jokin pilotari jaio da». Baina berehala zehaztu du berezkoa izateaz gain «lana» egin beharra dagoela, eta «pilota gustuko» izan: «Ni segituan konturatzen naiz nori gustatzen zaion pilota, nork ikusten dituen partidak, eta nork aztertzen dituen zehatz-mehatz aurkariak. Jokin pilotazale amorratua da; gaixo dago».

Binakakoan botilero lanak egin ez arren, «elkarrekin» aztertu dituzte partida guztiak: «Egunero hitz egiten dugu, eta, tarteka, elkarrekin afaldu ere bai, bere etxean. Halakoetan nahi gabe ateratzen da gaia. Bakoitzak bere iritzia azaltzen du, eta, gehienetan, ados gaude. Jokinek oso argi ditu gauzak: partida bukatu bezain laster badaki zer egin duen ondo eta zer egin duen gaizki».

Hala ere, «aldaketa» sumatu dio: «Nik ez nion nabaritu, baina berak dio lehen gehiegi itsutzen zela asteburuko partidarekin, ez zuela gozatzen eguneroko lanaz. Orain, beste patxada batekin dabil, lasaiago. Baina ez lasai. Langile ikaragarria baita. Bete-betean ari da beti. Kirolari oso gutxi ezagutzen ditut hark 26 urterekin duen buruarekin».

Horregatik, ez du inoiz «itsututa» ikusi binakako finala jokatzearekin: «Gogoa zuen finala jokatzeko, noski. Lortu du, baina lortu izan ez balu ere ez litzateke ezer pasatuko. Beste bederatzi final jokatu ditu jada, eta 26 urte egin berri ditu [herenegun]. Ibilbide osoa du aurretik, eta berak badaki lehenago edo beranduago irabaziko duela binakako txapela».

Igandean du lehenbiziko aukera. Final «oso gogorra» espero du: «Jokinek eta Julenek behetik gora egin dute. Nire ustez, inoizko binakako onena egin du Jokinek». Baina ez da fio: «Bikote arriskutsuena dira Laso eta Imaz». Familia osoa egongo da Miribillan: «Segituan erosi genituen sarrerak; kantxako errebotean egongo gara». Begiratuko dio lehengusuak gomendio eske? «Bai zera! Ez du horren beharrik. Oso azkarra da».

Ustez, buruz burukoan ariko dira berriz ere elkarrekin. Ustez, txantxa baitute horren harira: «Ni prest nagoela esaten diot, baina hark esaten dit erne ibiltzeko, agian nitaz nazkatu eta aulkitik botako nauela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.