KRITIKA. Dantza

Elkar hiltzearen poza

Agus Perez.
2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun

'Double Murder'

Konpainia: Hofesh Shechter. Koreografia eta musika: Hofesh Shechter. Argiak: Lee Curran,Tom Visser. Jantziak: Christina Cunnigham, Peter Todd.Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Ekainaren 2a.

Double Murder (Hilketa bikoitza) izeneko egitarau bikoitzarekin itzuli da Bilboko Arriaga antzokira Hofesh Shechter konpainia. Elkarren osagarri izan dira zati biak, eta bietan sakondu du koreografoak giza arimaren izaera konplexuan.

Gaualdiko lehen pieza —Clowns izenekoa— dantzari batek ingeles hutsez emandako hitzaldi hutsal baten ostean hasi da. Zuri eta krema koloreak nagusi izan dira hamar dantzarien jantzietan —Christina Cunninghamem diseinuetan oinarrituta—, eta, haien itxura ikusita, urrunetik etorri zaizkigu gogora Commedia dell'Arte-ren garaiko jantziak, clown eta pailazoetan mendeetan iraun dutenak.

Erritmo ilun baina markatu eta iraunkor batek presiditu du pieza osoa, haren atzean ahots koral lausoak entzuten zirela. Denborak aurrera egin ahala, esan genezake erritmoak aberastasuna eta intentsitatea irabazi dituela, baina ahots koralak erritmoaren gainetik nagusitu direla. Esan genezake, era berean, Lee Curranen argiek rol nabaria jokatu dutela, hasiera batean izaera tenebristarekin —itzalaldi batzuk barne—, eta gero argi-kolpe neurtuekin azpimarratuz koreografiak berarekin zekartzan biolentzia-uneak.

Zeren eta, lehen minutuetan zentzugabea eta desordenatua zirudien mugimenduan ekintza bortitzak hasi dira tartekatzen une batetik aurrera: lepo-mozte bat hemendik, tiro bat lokian hortik... eta atoan hiltzailearen poza, dantza alaien bidez adierazia eta taldean konpartitua. Alde horretatik, aipatzeko modukoa da herri-dantza askoren zantzuak agertu direla lanaren garapenean. Une batean kermesse bateko argitxoak ere agertu dira atzeko teloi gorriaren aurrean —seguruenik Richard Godinen diseinuan—, eta, bitartean, ugaritu egin dira sastakadak, fusilamenduak eta enparauak, hiltzaileen bizipozak beti bezain alai jarraitzen zuela. Maisulan bat izan da, benetan, eta ostera ere frogatu da dantzaren artea ezinbesteko tresna dela gizakion portaera aztertzeko.

The Fix (Konponbidea) aurreko atalaren osagarria izan da. Clowns-en bezala, Shechterrek berak konposatu du soinu banda, oraingo honetan bariazio gutxiko burrunba jarraitu bat izan dena. Tom Visserren argiak hamabi foku zenitaletan oinarritu dira funtsean, eta Peter Todden jantziek dantzarien kaleko normaltasuna irudikatu dute. Zentzurik gabeko dantzarien eboluzioetan oihu desesperatu pare bat tartekatu dira, barne-tentsioen askatze ezinezkoa irudikatu nahian bezala. Lehen piezan baino areago sentitu dugu dantzaren maila mistikoa argiaren, musika inguratzailearen, erabateko gelditasunaren eta mugimendu koordinatuen geldotasunaren bidez eraikitzen zela, baina halako batean bat-bateko etena etorri da: makila luze batekin irudikatu da gitarra elektriko baten giderra, musika ere bide horretatik joan da, eta xederik gabeko ideien dispertsioan murgildu gara. Amaiera gozoaren bilatze horretan, dantzariak ikusleengana hurbildu eta haietariko asko besarkatu ostean, publikoak zutik eskertu dizkie beren ahalegin fisiko itzela eta koreografien sakontasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.