Egoitz Urrutikoetxea kartzelan ez sartzeko eskatu du prokuradoreak

Lau urteko kartzela zigorra eskatu du, betetzeko beharrik gabe. Errugabetzat jotzea galdegin du defentsak. Epaitegiak azaroaren 17an emanen du erabakia

Egoitz Urrutikoetxea, 2020ko uztailean, Josu Urrutikoetxea La Santeko presondegitik ateratzear zela. FERNANDO PEREZ / EFE.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Paris
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Terrorismoaren kontrako Frantziako Fiskaltzako prokuradoreak adierazi du ez diola «zentzurik ikusten» Egoitz Urrutikoetxea kartzelan sartzeari. Herenegun eta atzo epaitu zuten, Parisko Zigor Auzitegian, 2003an eta 2005ean ETAko kide izatea eta «helburu terroristak» zituen gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta. Bere kontrako akusazioak funtsatuak direla kontsideratuta, prokuradoreak lau urteko kartzela zigorra eskatu du Urrutikoetxearen kontra, baina betetzeko beharrik gabe. Ez du eskatu espetxeratu dezatela, beraz. Horrez gain, Fijait arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan izendatzeko eskatu du. Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinacce defentsako abokatuen hitzetan, aurkeztutako elementuak «ezdeusak» dira, eta ez dago «inolako zantzurik» frogatzeko etakide izan zela eta gaizkile elkarteko kide izan zela; Urrutikoetxea errugabetzeko eskatu dute. Azaroaren 17an emanen du erabakia auzitegiak.

Auzipetuari galdeketa luzea egin zioten herenegun. Atzo, lekukoen txanda izan zen: Josu Urrutikoetxea —auzipetuaren aita—, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Monique Elgoihen Lexantzüko auzapeza (Zuberoa), eta Alain Tellier polizia ohia deitu zituen defentsak. Akusazioak ez zuen inor aurkeztu.

Saioa hasi aurretik, Urrutikoetxeari sostengua agertu zion EH Baiko Xabi Larraldek. Halako auziak «guztiz jokoz kanpo» ikusten dituztela adierazi zuen, eta Aieteko Konferentziaren hamargarren urteurrena dela gogoratu. Urrutikoetxea aske uzteko eskatu zuen, eta Parisi eta Madrili galdegin zien Euskal Herrian zabalduriko fasearekin bat datozen neurriak hartzea.

Euskal Herriko egoeraz

Saioa hasi eta berehala, Alain Tellier polizia ohiak hartu zuen hitza, bideokonferentziaz. 1989tik 2015era arte Baionako Polizia judizialeko burua izan zen; «euskal arazoaz» arduratzen zen. Hark 2005eko irailean idatziriko dokumentu bati buruz galdetu zion epaileak, non idatzi baitzuen auzipetua 2003ko udazkenetik sartu zela klandestinitatean. Urrutikoetxeak manifestazio publikoetan parte hartzeari utzi ziola erran zuen, eta ez zegoela «ezagutzen» zizkioten etxebizitzetan: «Garai hartan, klandestinitatean sartzea erran nahi zuen horrek; edo, gutxienez, bizitza publikotik erretiratzeko borondate bat». Prokuradorearen galderei erantzunez, berretsi zuen ez zutela inolako ideiarik ere non zegoen: «Asko harritu ginen desagertu zela ikustean».

Urrutikoetxearen defentsak estu hartu zuen polizia ohia, gutxienez 2005 hasierara arte auzipetuak jarduera publikoa zuela frogatua dagoela erranez. «Nola idatzi dezakezu 2003tik aitzina klandestinitatean zela?». Polizia ohia: «Harritua naiz». Abokatua: «Ni ere bai. Nola idatzi dezakezu halakorik?». Gogor ekin zion: «Ez da seriosa egin duzuna, eta jakin nahi dugu zer helbururekin egin duzun». Hainbat aldiz galdetu zion inork eskatu ote zion hura idazteko. Poliziak ezetz esan zuen, dar-dar bat ahotsean.

Jean Rene Etxegaraik 1960tik aitzina «bere belaunaldiak» bizitakoa azaldu zuen. «Herri honen historiaren bilakaeraren lekuko izan naiz. Sufrimenduarena ere bai. Bi aldeetako biktimena, presoena, edo bilatuak izan direnena». Gizarte zibilari esker gatazka hori bukaerara iritsi dela erran zuen. «Horren parte naiz. Ez naiz engaiamendu nazionalista batean». Zentro-eskuineko politikari frantses gisa aurkeztu zuen bere burua. Duela hamar urteko Aieteko Konferentziatik gertatua aipatu zuen: jarduera armatuaren bukaera, Espainiako eta Frantziako Estatuek prozesuan parte hartzeari uko egin izana, armagabetzea... Eta konponbide prozesua bururaino eramateko beharra nabarmendu zuen. «Zauri horiek txikitatik ezagutu ditut. ETAren bortizkeria, GALena ere bai... Noski, justiziak bere bidea egin behar du. Erabaki bat hartuko duzue, eta erabaki egokia izanen da. Baina justizia ezin da desegin lurraldeen errealitatetik». Haren hitzetan, egoera «bakean» dago orain : «Baina bakea ez da sekula behin betikoa». Erradikaltasun formak itzul daitezkeela iradoki zuen. «Belarria luzatu dezagun gertatu denari buruz. Prozesu judizialak berretsi dezala Euskal Herrian gertatzen ari dena».

Kanala Espainiarekin

Josu Urrutikoetxea auzipetuaren aitak kontatu du 2000ko hamarkadan Espainiako justiziatik ihes egitea erabaki ondotik negoziazioaren bidez gatazkatik ateratzeko lan egin zuela, ETAko kide gisa: «Arnasa luzeko lana izan zen niretzat. Lehenik, mugimendu barruan; Euskal Herriko gizarteko eragileekin; baita nazioarteko eragileekin ere». Horren bidez iritsi zen 2005eko ekainean Genevan (Suitza) osatu zen mahaia.

Semearengan «konfiantza itsua» duela erran zuen. Espainiako Gobernura PSOE iristean, zuzeneko mezu trukea izateko kanal bat irekitzen saiatzeko eskatu zion. Nafarroa Behereko apez batekin egin zuen kontaktua Egoitz Urrutikoetxeak, eta, haren bidez, Frantziako Alderdi Sozialistako hautetsi batekin. «Nik bezala, uste osoa zuen aterabide negoziatu bat behar zela».

Herrian eragile

Monique Elgoihen Lexantzüko auzapezak Egoitz Urrutikoetxeak herriko jardueretan duen parte hartzea azpimarratu zuen, bai hautetsi gisa, bai kulturalki, baina baita herriko eguneroko bizian ere. Urrutikoetxearen alabak aipatuz bukatu zuen: «Elkartasun eta tolerantzia balioekin heziak izan diren bi neskato».

Egoitz Urrutikoetxeak hartu zuen hitza azkenik, bezperan erranak berretsiz. «Euskal arazoaren konplexutasuna aipatu du lehen Tellierek; dosier osoan hori ez da ageri», salatu zuen. «Garaia da kontuan hartzeko. Eta ez hori bakarrik: bi aldeetako sufrimendua ere bai. Euskal gizartea zauritu du, Espainiako eta Frantziakoa ere bai». Euskal Herriaren «aspirazio zilegiak» aipatu zituen. «Espainia eta Frantzia ezpata kolpez eraiki ziren. Agian akatsa izan da pentsatzea aspirazio zilegi horiek indar harreman batean eraikitzen ahal zirela». Helburua eta bidea aipatu zituen. «Anitzetan, bideak helburuak ezkutatzen ditu. Estatuek hori erabili dute, dena terrorismoaren atzean gordetzeko». Euskal Herria «emantzipazio bidean» dela erran zuen. «Gure apustua da bide horretan segitzea, bortizkeriarik gabe. Eta uste dut lortzen ari garela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.