Feministek instituzioen arrazakeria salatu dute

Hainbat emakumek protesta egin dute Bilbon, salatzeko sistema «kolonialak» zapaldu egiten dituela. Erakundeei hainbat eskari egin dizkiete

Emakume arrazializatuak protesta egiten Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aaurrean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Bilbo
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
«Sistema kapitalista, kolonialista, arrazista eta heteropatriarkalaren eskutik jasandako» biolentzia salatzeko, emakume arrazializatuek elkarretaratze bat egin dute Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Atzerritartasun Bulegoaren aurrean. Arrazismoaren aurkako Martxoak 8 baten alde leloa erabili dute. Bilbo Feminista Saretzen-en barruko arrazakeriaren aurkako ardatzak antolatu ditu elkarretaratzeak.

Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean batu dira lehenbizi, eta adierazpenak egin dituzte han. «Sistema global eta kolonialista honek gure herrialdeak pobretu eta esplotatu egiten ditu, eta hona heltzen garenean ere esplotazioarekin jarraitzen du: sasoiko langileen eta etxeko langileen kasuan, besteak beste», irakurri du Caren Brunelek. Zortzi emakume jarri dira lehenengo ilaran, eta gorputz osoa estaltzen zien kartoi zati bat zeramaten lepotik zintzilik. Brunelen kartelean honela irakur zitekeen: «Nire paperak eskuratu ahal izateko, bost hilabete daramatzat Atzerritartasun Bulegoaren erantzunaren zain».

«Inor ez da ilegala!» eta «osasuna, duintasuna eta etxebizitza!» oihukatu dute emakumeek. Orotara 30 bat ziren. Maria Juncal da horietako bat, eta Bilbo Feminista Saretzen mugimenduan hartzen du parte. «Badirudi etiketa batekin gatozela, eta emakume izateagatik eta arrazializatuak egoteagatik lan jakin batzuk egitera kondenatuta gaudela. Gure ustez, zaintza lanak dira horiek, eta uste dugu instituzioek bere gain hartu beharreko lanak direla; Bizkaiaren kasuan, foru aldundiak».

Jaurlaritzatik Atzerritartasun Bulegorako bidean espaloitik joan diren arren, manifestazio baten itxura hartu du mobilizazioak, eta gero eta emakume gehiago batu zaizkio. Tamara Nogera ikaslea da Zurbaran institutuan, eta hiru orduko etenaldia egin du mobilizazioetan parte hartu ahal izateko. «Nire institutuan kanpotar asko gaude, baina gaur soilik bi etorri gara. Kontzientzia handia falta dela uste dut», azaldu du Nogerak. «Ni Paraguain jaio nintzen, eta oso pertsonala da niretzat». Ados dago mugimendu feministako kideek egindako aldarri guztiekin, eta emakume atzerritarren egoera ikusarazi behar dela azaldu du.

Afaf El Halouiren Ahizpatasuna emakume marokoarren elkarteko kidea da, eta, duela hamar urtetik hona, feminismoan topatu du babesgune bakarra. Lanbidek emakume arrazializatuak alde batera uzten dituela uste du El Halouik. «Emakumea, arrazializatua, biolentzia matxistaren biktima izandakoa eta ama den batek ez dauka lekurik euskal instituzioetan. Lanbidek ez ditu kontuan izaten zailtasun horiek guztiak, eta beste alde batera begiratzen du».

Arrazismo soziala

Vanesa Fernandezek Emakume ijitoak gara testua duen kartel bat darama eskuan, eta salatu du arrazismo soziala pairatzen duela etengabe, instituzioetan gertatzen diren eskubide urraketez gain. «Denda batera sartzerakoan, ijitoa zarela ikusten dutenean, jarraitu egiten dizute; eta metroan nagoenean, nik ekiditen dut jendearengana hurbiltzea, ez dezaten pentsatu lapurtu egingo diedanik».

Martxoaren 8an kalean egongo direla adierazi dute emakumeek. Hala ere, badakite oso zaila dela emakume arrazializatuak mobilizatzea, pairatzen dituzten zapalkuntzengatik. Atzerritartasun Bulegora heltzerakoan, sarrera oztopatu dute, eta zinta hori-beltza jarri diote ateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.