#nierebai

Ines Osinaga - Musikaria

2019ko martxoak 13
Bruselaraino heldu da denuntzia. Lau emakumek beraien erditzeetan jasandako tratu txarrak salatu dituzte, eta nazio batuen tribunalaren esku dago orain epaia. Eskerrik asko, barru-barrutik eta nire zulo guztietatik emakume hauei.

Ni ere bortxatu ninduten segurua zela uste nuen gune horretan.

Bai, kamaradak. Hemen ere gertatzen da. Orain gertatzen ari da.

Eta izena duena, bada. Hemen eta orain, biolentzia obstetrikoa egon bada. Existitzen da. Gertatzen da. Gertatzen ari da. Hemen. Eta orain.

Zure herriko jaietako txosnetan bortxatzen gaituzten bezala, nire herriko ospitaleko paritorioetan ere bai.

Eta ez, ez da gure errua. Eta bai, guztion ardura da. Erditze-gelan gertatzen dena ez delako intimoa bakarrik. Eta bada garaia oihu hau ere plazara ateratzeko.

Ez zelako horrela gertatuko erditze gelara goazenak gizonak izango bagina. Eta erditze gelara goazenak gizonak ez garelako gertatzen delako hau. Horregatik da biolentzia matxista biolentzia obstetrikoa ere.

Zure ama, zure alaba, zure ahizpa, zure laguna, zure bizilaguna... bai.

Gu ere bai.

Amak ere bai.

Eta ez, horrelakoak ez direla beti gertatzen, gauzak asko aldatu direla, eta gaur egun errespetatzen gaituzten profesionalak badirela esateko tentazioa baldin baduzu, ez ezazu egin. Ez iezadazu horrelakorik esan. #notallmidwifes

Eta ez, ez nuen zorte txarra izan. Gure erditzean gure gorputzak errespetatzea ezin delako zorte kontua izan. Ezin gara zortedun sentitu gure erditzeak errespetuz artatzen dituztenean. Gure ohekideek gure ohean errespetatzen gaituztenean pribilegiatu sentitu ezin garen bezala.

Baina, nola heldu zinen zu horraino?

Azkenekoz galdetu didatenean katakrak egin dit barruak...

Azkenekoz galdetu didatenean gogoratu naiz zenbatetan galdetu diguten.

Niri galdetu didaten bakoitzean, zuri ere galdetu dizutelako.

Zuri galdetzen dizuten bakoitzean, guri galdetzen digutelako.

Ze, noski, gu, emakume ahaldundu, nola heltzen gara horraino?

Zein puntutan aitortzen diogu guk beste gorputz bati gure gorputzean indarrez jarduteko eskumena? Nola uzten diogu norbaiti guk nahi ez dugun edozer egiten? Noiz uzten diogu guk ez dugula nahi esateari? Noiz jartzen dugu guk zalantzan ezetz esateko gai garela, ezetz esatea zilegi dela, eta baietz ez dena ezetza dela ahaztu? Noiz onartzen ditugu tratu txarrak hain zaurgarri gauden une horretan?

Nola uzten diogu beste gorputz bati gure gorputzean indarrez sartzen?

Nola heltzen gara gu horraino?

Nork du boterea?

Zein usain du beldurrak?

Inori ez zaiolako inporta nire ohean zer gertatzen den, baina nire ohean gertatzen dena denon ardura delako. Ohe guztietan gertatzen dena delako guztion ardura.

Erditze-gela ere politikoa delako.

Ez naiz ondo akordatzen zer gertatu zen, baina ezin dut ahaztu nola sentitu nintzen.

Ez dut ahaztuko etzanda, biluzik, ohe hartan natzala, hotzez, ikaraz... eta ez nuela bertan segitu nahi. Ezin nuela gehiago. Hil egin nahi nuela.

Nik segurutzat neukan leku hartan jarraitu baino, nahiago nuen hil.

Parean neukan erizainari begitara begiratu eta esan nion: lokartu nazazue, mesedez. Hemendik aurrera ez dut ezertaz enteratu nahi. Ez dut hemen jarraitu nahi.

Eta bai, bizirik atera ginen bertatik, biok. Baina ez onik.

Eta ez nago eskertua, ez dudalako ezer eskertzeko.

Ez dut ahazten, eta ez dut barkatuko.

Ni erditzera joan nintzen, eta erditik zabaldu ninduten.

Eta zu?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna