Donostiako 71. Zinemaldia. Horizontes Latinos. kritika. Horizontes Latinos

Itsu-itsuan

Uxue Arzelus Lasa.
2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'El viento que arrasa'

Zuzendaria Paula Hernandez. Herrialdea: Argentina-Uruguai. Iraupena: 94 minutu.

Pearson jauna herriz herri doa jainkoaren mezua zabaltzen. Edozein txoko nahikoa zaio antzerkitik asko duen sermoia egiteko. Jendea laguntzea da bere helburua, pertsonen arimak salbatzea, eta itsu-itsuan sinesten du bere bizitza misio ebanjelikoari eskaini behar diola. Bere alaba Lenik laguntzen dio egiteko horretan: sermoiak kaseteetan grabatzen ditu ondoren herritarrei banatzeko, diskurtsoak berridazten ditu sinesgarritasuna eman nahian, eta zenbaitetan manager batenak diruditen eginkizunak betetzen ditu.

Pearsonek badu haize zakarraren antza. Tratuan oso goxoa da, besteen oinazearekin kezkatuta bizi da, eta laguntzeko nahi sutsua du. Baina bere funtzioa argi du, eta lagundu nahi horretan ez du ikusten ingurukoengan izan dezakeen eragina. Gizona aurrera doa, eta bidetik botatzen dituenak ez dira bere misioaren parte.

Haize zurrunbilo horretan dago Leni: 19 urteko gazte baten bizitzatik dezente urruntzen den bidea egiten. Interesgarria da Paula Hernandez zuzendariak nola eraiki duen aita-alabaren arteko harremana. Hasiera batean kosta egiten da ulertzea zein den haien lotura, eta istorioak aurrera egin ahala, arazoa hori bera dela ikusiko dugu: Lenik aita bat behar du, eta aita lanpetuta dago arimak salbatzen.

Hernandezen filma zenbaitetan Pearsonen haize boladan galtzen dela dirudi. Leniren pertsonaiak duen garapena da kontakizunari indarra ematen diona: gertukoa sentitzen dugu, haren ezinegona uler dezakegu, eta gehiago ezagutu nahi dugu. Baina aitaren grina zabal hedatzen da, eta istorioaren zirrikituetan sartzen da, benetako protagonistari bere lekua izan dezan eragotziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.