Koronabirusa. Adineko pertsonak

Egoitza barruko babesaz kezkatuta

Zahar etxeetako segurtasun neurriak zorroztu arren, gora egiten ari dira koronabirus kasuak, eta kezka areagotzen ari da senideen artean, arrisku taldea baitira adinekoak. Egoiliarrak eta langileak babesteko materiala falta dela ohartarazi dute.

Iruñeko Erruki Etxea egoitza, egunotan, hesiz itxita. IÑIGO URIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Telefonoan eman ditu azken egunak Iraide Urrizek, zahar etxeetako langileekin eta erabiltzaileen senideekin hizketan. Hain justu, familiek Bizkaian 2016an sortutako Babestu elkarteko bozeramaileetako bat da. Koronabirusak eragindako egoeraren konplexutasunaren jakitun, zuhur mintzatu nahi du, baina aitortu du «urduritasuna» nabari duela senideen artean, are gehiago azken egunetan argitara ateratako albisteen ostean: COVID-19 gaitza hainbat zahar etxetan zabaltzen ari da, eta adinekoak eta langileak kutsatzen ari dira. «Ez dakigu zehazki zer gertatzen ari den egoitzen barruan eta nola dauden gure senideak», adierazi du, kezkatuta.

Lehendik ere oso sektore hauskorra zen adinekoen zaintza: lan gatazketan murgilduta, langileak eta familiak baliabide gehiago eskatzen ari ziren aspalditik; orain, koronabirusaren krisian, eremu zaurgarrienetako bat da, arrisku talde baitira edadetuak, eta egoitzetan oso zaila baita egoiliarrak bakartzea. «Ezinezkoa da», zehaztu du Aitziber Aranberrik, Donostiako Villa Sacramento zahar etxeko gerontologo eta ELA sindikatuko ordezkariak. 130 adineko inguru bizi dira bertan: «Hainbat jarduera zona komunetan egin behar dira. Adibidez, otorduak: erabat ezinezkoa litzateke erabiltzaileei beren gelan jaten ematea; lantaldea bikoiztu beharko litzateke».

Oro har, egoitzak moduluka antolatzen ari dira. «Hartara, egoiliarrek eta langileek zirkuitu itxiak dituzte, ez daitezen mugitu modulu batetik bestera», azaldu du Fernando Viciosak, Eibarko (Gipuzkoa) San Andres egoitzako zerbitzu ikuskatzaile nagusiak. Berrogeialditik egin ditu adierazpenok, koronabirus sintomak baititu —bera da zentroko kasu bakarra—; lankideekiko esker onez mintzatu da, baina kezkatuta, gaitza heda daitekeelako. Onartu du zahar etxeak ez daudela prestatuta gaixoak bakartzeko, eta, gainera, material faltan dabiltzala: «Oso zaila da egoiliar bat guztiz bakartzea: ez dago horretarako ekipamendu medikorik. Eta kasu bat izango bagenu ere, soilik ordu batzuetan artatzeko materiala edukiko genuke; uneotan, norbere babeserako hamar ekipamendu baino ez dauzkagu».

Ez dira bakarrak horrela. Aranberriren lantokian ere ez dute mantalik eta maskararik: «Guk ez dauzkagu, eta dauzkaten zentro batzuetan berrerabili egin behar izaten dituzte». Ulergaitza zaio hori Urrizi: «Premiazkoak dira segurtasun neurri horiek, eta erakundeek bermatu behar lituzkete, agindu duten bezala senideak ez sartzea egoitzetara. Jarraipena egin beharko liokete materialen gaiari». Zahar etxeetan are beharrezkoagoak dira babes ekipamenduak, kontuan hartuta zaintzaileek ezin dutela gorde segurtasun distantzia, Aranberriren hitzetan: «Erabiltzaileak garbitzen ditugu, gosaltzera eraman, botikak eman, batzuei jaten ematen diegu... Ezin dugu hori metro eta erdira egin». Erantsi du adinekoek zona komun asko erabiltzen dituztela: «Eta garbitzaileak ez dira iristen dena garbitzera erabiltzaile batetik bestera».

Egiturazko arazoak

Bat etorri da Urriz: «Garbiketa oso inportantea bada: garbitzaile kopurua handitu beharko litzateke. Baliabide gehiago behar dira: jende gehiago, trebatuta, segurtasun neurriekin. Guk uste dugu lantaldeak bikoiztu beharko liratekeela». Aranberrik gogora ekarri du Gipuzkoan lan gatazka betean dagoela sektorea, baina alarma egoeran bertan behera utzia dute greba; haren ustez, arazoak egiturazkoak direla azaleratzen ari da: «Gu aspalditik ari gara esaten zahar etxeetan ez daukagula baliabide nahikorik; krisi honek izugarri handitu du premia, baina bestela ere gu gaixotasun askorekin aritzen gara lanean. Argi dago: arreta duina emateko, jende gehiago behar da lanean».

Adibide bat jarri du: «Koronabirusarekin kutsatutako adineko bat edukiko bagenu, bakartu beharko genuke, eta segurtasun neurri bereziak hartu hura zaintzeko. Horrek esan nahi du denbora gehiago beharko genukeela pertsona horrekin egoteko, eta guk kronometratuta egiten dugu lan: jarduera bakoitzerako denbora zehaztuta daukagu». Hala ere, informazioa falta zaiela salatu du. Viciosak adierazi du ez dagoela oso argi zer egin beharko luketen adinekoren bat gaixotuz gero: «Kasuaren berri eman behar diegu osasun arduradunei, eta egoera bakoitzaren arabera hartuko dira hortik aurrerako erabakiak. Egoitza batean kasu asko baleude, agian erabaki dezakete zentroa medikalizatzea, eri guztiak ospitalera eraman ordez».

Hori dela eta, adinekoei eta langileei koronabirusaren probak egiteko eskatu du Viciosak: «Kutsatzeak baztertzeko eta babeserako baliabideak eraginkortasun handiagoz erabiltzeko, edo bestela ahalik eta azkarren tratatzen hasteko». Behin gaitza egoitzetara sartuta, azkar zabal daitekeen beldur da Urriz ere: «Proba egin beharko liekete denei. Jende gehiago kutsatzen bada, asko hil egingo dira».

Bisitarik gabe

Ezinegon horri erantsi behar zaio joan den asteburuan segurtasun neurri bereziak ezarri zituztela egoitzetan, eta ordutik bisitarik gabe daudela adinekoak —zentro batzuk salbuespenak egiten ari dira—. Edadetuen egunerokoa nabarmen aldatu da, eta haiek «asko» sumatzen ari direla baieztatu du Aranberrik: «Haien egoera emozionalean dezente nabaritzen da, nahiz eta hori egun gutxi daramaten bisita gabe. Batzuek konturatzeko gaitasuna dute, badakite zer gertatzen ari den, eta ulertzen dute; baina beste batzuek, ez, eta gertukoen bisita ez daukatela nabaritzen dute: urduriago daude, galdetzen dute, denbora oso luze egiten zaie...».

Gertukoentzat ere ez da egoera erraza, Urrizek esplikatu duenez: «Denok dugu gure senideekin egoteko beharra, baina ezin dugu besteen bizia arriskuan jarri. Arduraz jokatu behar dugu». Familia batzuk telefonoz eta bideodei bidez ari dira harremana mantentzen, baina hizlariek diote oso zaila dela halakoak egunero egitea adineko guztiekin, eta, gainera, mendekotasun handiak dituztenekin konplexua dela. Beste bide batzuk ere jorratu behar direla iruditzen zaio Urrizi: «Zentro bakoitzean pertsona bat kontratatu beharko lukete senideei informazioa bideratzeko. Izan ere, langileak gainezka daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.