Baionako xingarraren ferian izaniko 40 lagun, elgorriarekin

Akitania Berriko Osasun Agentziak kasuen berri eman du. Ospitalean badira eritutako hainbat lagun. Apirilaren 18tik 21era izan zen azoka

Jendetza Xingarraren ferian, artxiboko irudi batean. ISABELLE MIQUELESTORENA.
arantxa iraola
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
ARS Akitania Berriko Osasun Agentziak baieztatu du berrogei elgorri kasu agertu direla egunotan, eta onartu du gaixo guztiek ezaugarri komun bat dutela: denak egon ziren Baionan apirilaren 18tik 21era egin zen xingarraren azokan. Feria aski jendetsua izaten da; 200.000 lagun inguru batzen ditu festa giroan, eta, hain justu, jendetzak gaixotasunaren zabalkundea erraztu zuela pentsatzen dute osasun agintariek.

Eritasunaren ondorioz, lau lagun Baionako erietxean daudela jakinarazi dute. Ipar Euskal Herrian bezalaxe, departamenduko beste hainbat lekutan ere agertu dira eritutako pertsonak. Kasuon berri eman, eta txertaketaren gaineko garrantziaz ohartarazi du osasun agentziak; izurriak saihesteko erarik onena horixe dela adierazi du. Diagnostikoak egin ahala gaitza hedatzea saihesteko neurriak hartu dituztela ere adierazi dute.

Hego Euskal Herriko osasun agintariak ere hainbat elgorri kasuren berri ematen ari dira azkenaldian. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak onartu du zazpi kasu izan direla urtea hasi denetik. Atzo bertan eman zuten azken kasuaren berri; Araban atzeman dute, baina adierazi zuten pertsona hori ez dela bertan eritu gaitzarekin, beste autonomia erkidego batean baizik, eta,beraz, egiten ari diren zenbaketatik kanpo utzi dutela.

Elgorria gaixotasun infekziosoa da; oso kutsakorra da. Inkubazio epea 8-12 egunekoa da. Sukar handia, eztula eta konjuntibitisa dira gaitzaren lehenengo sintomak. Bi egun geroago, aho barruan lesio batzuk agertzen dira, eta larruazal osoan orbanak hedatzen dira gero. Zenbait kasutan, gaitz larriagoak ekar ditzake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.