KRITIKA. Zinema

Leialtasuna eta indarkeria

Gontzal Agote.
2018ko azaroaren 22a
00:00
Entzun

'Dogman'

Zuzendaria: Matteo Garrone. Aktoreak: Maurizio Braucci, Ugo Chiti, Matteo Garrone, Massimo Gaudioso. Herrialdea: Italia. Iraupena: 102 minutu.

Bere ibilbide zinematografikoaren azken etapan, Sam Fullerrek Romain Garyren eleberri baten egokitzapena egin zuen, White Dog. Ahaztutako harribitxi horrek pertsona beltzei erasotzen dien txakur baten istorioa kontatzen zuen, gordinkeriaz zein errealismo handiz.

Kasualitatea ala ez, Mateo Garroneren azken filma kamerari begiratzen dion txakur handi beldurgarri batekin hasiko da. Dogman-ek ez du arrazakeriarekin zerikusirik, baina Fullerengan askotan aurkitzen genuen estilo lehor horren oinordeko zuzena da filma.

Horri errealismo berriarekin duen lotura garbia gehitu behar zaio. Izan ere, itsas ondoko aldiri-paisaia ikusita —ederrak zein desolatuak, aldi berean—, ezinbestean Pasoliniren Accatone etorriko da gogora. Eta ez bakarrik pasaiarengatik, protagonistaren —baita inguruan dituen pertsonaien— itxurak eta aurpegiak erreferentzia zuzena egiten diote Italian horren garrantzi handikoa izan zen mugimendu zinematografikoari.

Ikuslearentzat deserosoa da Dogman, indarkeria lehen minututik dago presente eta eztanda noiz etorriko den itxarotea da egin ahal duen bakarra. Alde horretatik, ezin beltzagoa da Garronek eginen duen deskribapena: egunerokoan indarkeriaz inguratuta bizi gara, eta ez dago lekurik ez ahulentzat ez onberentzat.

Giro horretan murgilduta, konfiantza, leialtasuna, adiskidetasuna eta gisako balioek ez dute gehiegi balio. Esperantzarik gabeko mezua da Dogman-ek dakarrena, basapiztia bihurtutako egungo gizartearen erradiografia gupidagabea, zehatza eta argigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.