Albistea entzun

Banku zentralek merkatuak lasaitu dituzte elkarri likidezia ziurtatuz

Credit Suissek porrot egin ostean adostu dute akordioa, eta banku gehienek kolpea saihestu dute
Credit Suisseren akzioen azken egunetako bilakaera erakusten duen grafikoa, atzo, Zuricheko burtsan.
Credit Suisseren akzioen azken egunetako bilakaera erakusten duen grafikoa, atzo, Zuricheko burtsan. E. L. / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2023ko martxoak 21

Nazioarteko finantza merkatuak ataka estuan daude, eta banku zentral handienek badakite. Iragan astean, AEBetako bi bankuk hondoa jo zuten, eta, herenegun, UBSk, Suitzako bankurik handienak, Credit Suisse bigarrena xurgatu behar izan zuen Suitzako Gobernuak sustaturiko maniobra batean. Anabasa hori beldurra barreiatzeko erregai perfektua da, eta, izu hori eragozteko asmoz, munduko banku zentralik handienetako batzuek akordioa lortu dute elkarri likidezia ziurtatzeko. Are gehiago, beharko balira, elkarren arteko maileguak dolarretan izan daitezela adostu dute, ahalik eta bizkorrena egin ahal izateko.

Europako Banku Zentralak, AEBetako Erreserba Federalak, eta Ingalaterrako, Japoniako eta Suitzako bankuek oharrak kaleratu zituzten atzo goizean. Guztiek gauza bera esaten zuten: elkarri dirua uzteko bideak arinduko dituzte. Salbuespenezko akordioa da, eta astelehenean jarriko dute indarrean. Erabakiari neurria hartzeko: 2008an adostu zuten azkenekoz antzeko babes bat, krisiaren garairik gordinenean.

Credit Suissek hondoa jo izanak argi gorriak piztu zituen, eta erreakzionatzeko premia ikusi zuten. Christine Lagarde EBZko presidenteak jarri zizkion hitzak lasaitasun mezu sinboliko horri: «EBZ ondo hornituta dago finantza sistemari likidezia ziurtatzeko eta diru politikaren transmisioa bermatzeko». Alegia, behar bada dirurik ez dela faltako. Nabarmendu zuen merkatuak etengabe aztertzen ari direla, eta «behar bezala» erantzuteko prest daudela: «Euroguneko bankuek kapital ahalmen handia dute».

Lagarde arratsaldean mintzatu zen, baina banku zentralen akordioa goizean izan zen, eta Europako hainbat bankuren akzioen prezioak egun osoan zer bilakaera izan zuen ikustea baino ez dago ondorioztatzeko neurriak eragina izan zuela. Suitzako krisiak kutsatuta, jaitsiera handiak izan zituzten gehienek goizean, eta, ordu batzuk geroago, positiboan amaitu zuten.

UBS Suitzako banku eroslearen akzioen balioa, esaterako, %13 apaldu zen goizean goiz Zuricheko burtsan. Arratsalderako, aldiz, ostiralean baino %1,2 gehiago balio zuten. Deutsche Bank eta Commerzbank Alemaniako bankuek ere bestondo handia izan zuten: %10eko eta %8 jaitsierak, hurrenez hurren. Arratsalderako, baina, bien akzioak ostiraleko prezio bertsuan ziren. Italiako eta Frantziako bankuek antzeko bilakaera izan zuten. BNP Paribasek, esaterako, %6,4ko galera izan zuen goizean, eta %1,5eko igoerarekin amaitu zuen. Datuak, dena den, tentuz hartu behar dira, iragan astea beltza izan baitzen bankuentzat.

Erreskate pribatua

Credit Suissek berak ere gora egin zuen egunak aurrera egin ahala, baina harentzat ez zegoen hondamendia eragotziko zuen neurririk. Goizean, akzioen balioa %64 apaldu zen ostiralekoarekin konparatuz; amaieran, %57 inguru. Iragan ostiralean 1,86 euro balio zuten akzioak 0,76 euroan erosi zituen herenegun UBSk. Atzo goizean, berriz, 0,67 euro balio zuten, eta, arratsaldean, 0,81 euro.

Credit Suissek hondoa jo zuen iragan ostiralean, eta Suitzako Gobernuak asteburu osoan jo eta su lan egin zuen herrialdeko bankurik handienetan bigarrena desager ez zedin. Azkenean, UBSrekin akordio bat lortu zuen, hark eros zezan. 8.000 milioi euro balio zuen Credit Suissek, eta UBSk 3.300 milioi euroan erosi du. Horren truke, gobernuak 9.000 milioi euro emango dizkio aktiborik arriskutsuenekin izan dezakeen galerari aurre egiteko, eta Suitzako Bankuak 100.000 milioi euroko likidezia lerro bat hitzeman dio. UBSko buruek jada iragarri dute kaleratzeak egingo dituztela Credit Suissen. Xurgatutako bankuak 50.000 langile ditu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Akziodunen batzarrera joandako pertsona bat, ezkerrean, kanpoan protestan zuedenekin hizketan ©Maialen Andres (Foku)

CAFek %60 handitu nahi ditu bere salmentak hiru urtean

Jokin Sagarzazu

Akziodunen batzarrean, taldeko buruek adierazi dute trenen negozioan «merkatu aurreikuspenen gainetik» aritzea espero dutela. Taldeak Israelen dituen egitasmoen aurka protesta egin dute Amnesty Internationalek eta beste eragile batzuek

Langileak protestan, joan den astelehenean. ©DAVID AGUILAR / EFE

Gaur hirugarrenez daude grebara deituta Gasteizko Michelineko beharginak

Aitor Biain

Gasteizko fabrikako lan gatazkak beste taxu bat har dezake datozen egunetan. Orain arteko grebek ekoizpena guztiz geratzea lortu dute

Elkarretaratzea Ascobi patronalaren egoitzaren aurrean, Bilbon, ELAk deituta. ©Monika del Valle / FOKU

Sakabanatua baina arrakastatsua izan da Bizkaiko eraikuntzako lehen protesta eguna

Maddi Iztueta Olano

CCOOren arabera, lantaldearen %80k hartu du parte bost orduko etenaldian. ELAk egun osoko grebara deitu du. Mobilizazioekin jarraitzeko deia egin dute, KPIaren araberako soldata bermatu arte.

LKS Nexten eraikina. ©Mondragon Korporazioa

LKS Next aholkularitza taldeak 53 milioi fakturatu ditu 2022an

Maddi Iztueta Olano

Mondragon kooperatibako taldearen salmentak %28,8 handitu dira hiru urtean, eta ia berrehun langile gehiago ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.