Olatz Arrieta
AEBetako hauteskundeak. ANALISIA

Estatu batuexit autonomia estrategikoa

2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Europako Batasunaren integrazio proiektuarentzat mesedegarria izan da Donald Trumpen presidentetza. Washingtonen jarrrerak Brusela hainbat arlotan erabakiak hartzera eta autonomoagoa izatera behartu du. Europako Batasuna beti Estatu Batuen mesedetara dagoela urteetan salatu duen asko ia adibiderik gabe geratu da azken hiru urte eta erdian gertatutakoa ikusita. Klima aldaketaren aurkako nazioarteko borrokan lidergo argia hartu du Europako Batasunak, eta Washingtonen arerio nagusia den Txinarekin harremanak estutu ditu arlo honetan. Estatu Batuek Munduko Merkataritza Erakundearen funtzionamendua blokeatu eta gero EB nazioarteko herrialdeen koalizioa antolatu zuen behin-behineko konponbidea lortuz. COVID-19a aitzakia hartuta, Washingtonek Osasunaren Mundu Erakundeari ordainketak eten ondoren Bruselak hartu du nazioarteko lidergoa txertoa unibertsala eta merkea izateko ahaleginetan, eta estatu txiroenentzako hainbat diru bilketa antolatu ditu.

Merkataritzan, Bruselak beldurra galdu du, eta bere merkatua defendatzeko neurri protekzionistak areagotu ditu Estatu Batuen erasoen aurrean. Bide batez, Txinaren kontra ere gogorrago erabiltzeko ausardia izan du, Washingtonek Pekinen kontra hasitako merkataritza liskarren ondoren.

Trumpen presidentetzapean desadostasunez beteta egon dira Estatu Batuen eta Europaren arteko harremanak, baina Estatu Batuei «lagun» deitzen diote oraindik Bruselan, Britainia Handiari bezala. Lagun britainiarrek alde egin dute, eta Estatu Batuak alde egiten hasi dira pixkanaka. Hautagai errepublikanoak berriro irabazten badu, Europaren eta Estatu Batuen arteko distantzia are gehiago handituko da. Joe Bidenek irabazten badu, ez da hausturarik egongo, eta harremanak hobetuko dira, baina hainbat arlotan distantzia mantenduko da, merkataritzan bereziki. Europarekin harremanak askatzeko eta Asiara begira jartzeko joera Obamarekin hasi zen, Trumpekin bultzada handia hartu du, eta joerak hurrengo presidentearekin jarraituko du. Europa iragana da, eta etorkizuna dira Txina eta etxeko gaiak, Estatu Batuetan barruan gertatzen ari diren eraldaketa demografikoak eta politikoak batik bat.

Atlantikoaren bi aldeak estuen lotzen dituen harremana segurtasunarena da, eta arlo honetan Washingtonen eta Bruselaren artean aldaketa txikia izan da Trumpekin. Estatu Batuek NATOtik alde egiteko eta europarrek euren defentsa antolatzeko Donald Trumpek egindako mehatxuak ez dira bete. Angela Merkelek esan du ezin direla estatubatuarrez fidatu kontinentea defendatzeko, baina oso pauso gutxi eman dituzte autonomoagoak izateko. Defentsa bateraturako ekimenak martxan jarri ditu Bruselak, defentsa aurrekontuak indartu dituzte herrialde gehienek Etxe Zuriak horrela eskatuta, baina batez ere Errusiaren jarrera militarra ikusita.

Estatu Batuek NATOn jarraitzen duten bitartean aliantzako kideak seguru sentitzen dira. Estatu Batuekin batera Europan segurtasunarentzako herrialderik garrantzitsuena Errusia da, eta Turkia Europako Batasunarentzat ezinbesteko bazkidea. Nazioarteko gatazkak erabakitzeko mahaian Estatu Batuek utzi dituzten hutsuneak betetzen ari dira Errusia eta Turkia.

Europako Batasunak bere botere ekonomiko eta arautzailearekin beste hainbeste egingo duen ikusteko dago oraindik. Trumpen erabakiek bide horretan beste pauso bat ematen lagundu diote. Beste herrialde batzuekiko hainbat arlotan Europarko Batasunak duen menpekotasunaren eztabaida zaharrari izen berri bat eman dio Bruselak: «Autonomia estrategikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.