Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Final-laurdenak. IRITZIA

Barrerak eta hondarrak

2022ko urriaren 11
00:00
Entzun
Heldu gara txapelketako lehenengo mugarrira; egiari zor, asko eman du lehen faseko hirugarren eta azken asteburuak. Donostian eta Lizarran oholtzara igo diren beste hamaika bertsolarien baimenarekin, saio horietan agian zeresan gehien eman duen bertsolari bat aipatzen hasi nahi nuke gaurkoa: Eñaut Martikorena. Bertsolari, letra larriz gainera. Bat-bateko jarduna muturrera eramaten txikitatik izan da abila hernaniarra, baina garai batean bidean galdu egiten zen askotan, edo bere mezua ez zen entzulearengana modu garbian iristen. Edo bi gauzak batera. Berezko talentua urteetan fintzearen ondorio izan zen larunbatean eman zuen erakustaldia. Beti zirtoaren bila, saioak aurrera egin ahala berotzen joan zen, ganbarakoan errealitatea eta fikzioa nahastuz ariketa hunkigarri bat josi arte. «Gizarajuak honetan ere/ topatu baitu barrera», zenbat bizipen eta zailtasun ezkutatzen diren puntu horren atzean. Merezimendu osoz arituko da finalerdietan kantuan. Epaileen, puntuen eta sailkapenen saltsa eroak gogoa lausotzea saihestu eta mamuak uxatzea lortzen badu, txapelketa honetako sentsazioetako bat izateko bidean da. Animo, Eñaut!

Saio beroa izan zen Donostiakoa. Ikusmin handia sorrarazi zuen; sarrerarik ez, eta bertsozaleak Viktoria Eugeniako sabaitik ere zintzilik kasik. Oholtzara igo ziren sei bertsolarietatik bostek kantatuko dute finalerdietan, kontuak atera. Denek utzi zuten gogoratzeko bertsoaldi edo alerik. Aipagarria Jone Uriaren goi mailako saioa: ganbarako lan antologikoarekin borobildu zuen bere jarduna algortarrak. Akatsik gabeko arratsalde dirdiratsu bezain ikusgarria. Esan gabe doa, txapelketa nagusian eskarmentu handia daukan bertsolari bat izanik, zeinek finala ere ez duen oso urrun izan aurreko ekinaldietan, azken saiora heltzeko hautagai sendo baten aurrean gaudela. Finalerdietan tenpleari eusten badio, ez da jomuga horretatik oso urruti ibiliko, bertsoak bata bestearen atzetik kateatzeko makina koipeztatu perfektu baten modukoa baita, arlo teknikoari dagokionez.

Goi mailako une asko izan zituen, edozein kasutan, Donostiako saioak: Onintza Enbeitak puntu erantzunetan egindako lana aipatu daiteke, baita Aitor Etxebarriazarragarekin osatu zuen 10eko txikiko elkarrizketa ederra ere, edo azken honen ganbarako lana, Maddalen Arzallusek eta Eñaut Martikorenak 8ko txikian osatu zuten ofizioa, zein Etxebarriazarragak eta Beñat Iguaranek 8ko nagusian botatako bertsoak. Azken hau puntu oso gutxigatik geratu da sailkapen orokorrean finalerdietatik kanpo, baina egindako lanarekin pozik egoteko moduan da, bere arrastoa utzita amaitu baitzuen saioa.

Donostiako bertsoen oihartzuna artean burutik kendu gabe hartu genuen lur Lizarran igandean. Faseko azken saioa, urduritasunak, bertsolariek zein entzuleek sailkapenak buruan... gisako osagaiekin oso zaila izan ohi da aretoko eltzean saio gustagarri bat egostea, eta halako zerbait gertatu zela esango nuke. Ados, ale onak bai tarteka, bertsoaldi borobilen bat edo beste ere bai, baina koxka bat falta izan zitzaion saioari bezperakoaren mailara heltzeko. Entzuleok ere larunbatetan igandeetan baino aldarte hobearekin ez ote gauden, astelehena gainean sumatzeak gure gogoa apaltzen ez ote duen, alegia... Auskalo.

Edonola ere, Aitor Bizkarrarengan ez zuten halako ustezko faktore etereoek eragin handirik izan, eta sekulako saioa ondu zuen abadiñarrak. Lehen faseko oturuntzaren hondarrak izango omen ziren Lizarrako bertsoak, bere agurra gogoratuz. Ez zen hala izan. Zaila da bere lanen bat besteen gainetik nabarmentzea, maila handikoak izan baitziren denak ere. Bakarka oso dotore eta sinesgarri aritu zen, eta elkarrizketan unean uneko kantukideak bidea itxi eta estuasunean jarri zuenetan ere, jakin zuen, ondo gainera, egoera kudeatu eta sakea bereganatzen, segidan errematea jo eta tantoa poltsikoratzeko. Behin finalerdietan, gutxi du galtzeko Bizkarrak, eta oso kontuan hartu beharreko bertsolaria izango da inolako zalantzarik gabe.

Asier Azpiroz izan zen bigarren Lizarran. Bere jarduna lerro horizontal baten modukoa izan zen: ez zuen nabarmen gora egin ariketen joanean, baina zulora ere ez zen erori. Azterketa gainditzeko zein nota atera behar duen ondo dakien ikaslearen moduan. Pentsatzekoa da behin sailkatzearen urduritasuna uxatuta, bere mailak gora egingo duela finalerdietan. Maialen Akizu barruan ikusten zuten askok saioaren joanean, bereak izan baitziren arratsaldeko ateraldi onenetako batzuk, baina azken txanpan egindako ustezko poto batek kondenatu zuen urretxuarra. Datozen urteetan eman dezakeen mailaren zertzeladak utzi zituen Los Llanos aretoan, hala ere. Imanol Uriak ezin izan zion bere arrebaren bideari segitu, bertsotan patxadatsu eta zuzen jardun bazen ere. Unai Gaztelumendi eta Iñigo Mantzizidor Mantxi-ri dagokienez, eskertzekoa da arratsalde osoan ahozkotasunetik oso gertu dagoen bertsokera txinpartatsua txapelketako oholtza formalera eramateko beste behin egindako ahalegina. Bejondeizuela.

Astebeteko atsedena eta finalerdiak. Egon behar luketen guztiak ez dauden arren, dauden guztiek egon behar dute. Horretan zalantzarik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.