Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

Eskuina zatiturik eta inoiz baino irekiago, hasi da kanpaina

UPNren ustez, Iruñeko Udala lortuta, Nafarroako Gobernuko ituna «askoz zailago» jarriko zaio PSNri. Gobernu «ausarta» aldarrikatu du Geroa Baik

1. UPN. Javier Esparza, Carlos III.aren etorbideko karparen aurrean, eta, atzean, hautagaiak eta Cristina Ibarrola. AITOR KARASATORRE / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Gero eta nekezagoa da bereiztea zehazki noiz hasten den hauteskunde kanpaina bat. Ofizialki, alderdiek atzo arratsean abiatu zuten maiatzaren 28ko helmugara iristeko azken txanpa. Nafarroan, Navarra Sumaren hausturak eta panorama irekiak baldintzatuko dute aurtengo lehia, eta, ondorioz, euren boto emaileak mobilizatu eta ahalik eta indartsuena iristeko helburuarekin ekin diote indar politikoek kanpainari. Guztiek ere Iruñeko erdiguneko kokagune sonatuak aukeratu zituzten abiapuntu gisa.

Atzokoan, plaza publikoan agertu ziren lehenak UPN eta PSN izan ziren, 19:00etan. UPNk entzierroaren monumentua aukeratu zuen, eta sozialistek Gaztelugibeleko gotorlekuko Armen Aretoan eman zioten hasiera. Handik ordu erdira, 19:30ean, Nafarroaren foraltasunaren ikur den Foruen monumentua aukeratu zuen Geroa Baik. 20:00etan, berriz, Gazteluko plazan eman zion hasiera kanpainari Zurekin Nafarroa koalizioak. Ordu berean, PPk hautatutako espazioak ere esanahiko politikoa izan zuen: Konstituzio plaza. Bertan da Baluarte jauregia, eta, 20:30ean, haren hormen barruan indarrez ekitaldi politiko batekin ekin zion azken txanpari EH Bilduk. Hautagaiekin batera, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiaren presentziak irudikatu zuen koalizioarentzat zer dagoen jokoan.

Agertokia irekirik da, eta hurrengo bi asteek baldintzatu dezakete zalantzatien hautua. Atzo bertan kaleratutako CIS inkestaren arabera, UPNk irabaziko lituzke berriz bozak, baina Navarra Sumaren emaitzen aldean galera handia jasan dezake. Gainera, alderdi nagusien artean bizpahiru jarlekuko dantza egon daitekeela aurreratzen du CISek.

UPNk, garaipena helburu

Inkesta horri heldu zion Maria Txibite lehendakarigai sozialistak eta «lehen indarra» izateko helburua egingarria dela azpimarratu zuen. Kanpaina hasi aurretik Europa Press albiste agentziari emandako elkarrizketan egin zituen adierazpen horiek. Txibiteren esanetan, babesa handitu eta kanpoko alderdien menpe egoteari utzi nahi diote. Zehazki, hautagai sozialistak argitu zuen ez dutela nahi EH Bildu Nafarroako Gobernuaren partaide izatea.

Arratsaldean, inaugurazio ekitaldian, alderdiak babes handiagoa lor dezakeela zabaldu zuen: «Denbora askoan lehen aldiz, hain dago sendo PSN hauteskundeak irabaz ditzakegula eta horrek ahalbidetuko du sozialismoak are lidergo indartsuagoa izatea hurrengo gobernuan».

UPNk Carlos III.aren etorbidean karpa bat inauguratu zuen kanpainaren hasiera ekitaldian. Bertan, Cristina Ibarrola Iruñeko alkategaiak salatu zuen sozialistek «akordio lotsagarria» dutela EH Bildurekin, «altxor preziatua den Iruñeko Udala emateko, gobernuko jarlekuen truke». Ibarrolaren arabera, udalean garaipen sendoa lortuz gero «sari bikoitza» lor dezakete: «Iruñean irabazten badugu, askoz ere zailago jartzen diegu itun hori».

Javier Esparza lehendakarigaiaren arabera, euren helburua da gobernua aldatzea «Nafarroa EH Bilduren eskuetan egoteari uzteko». Hautagaiak defenditu zuenegungo Nafarroako Gobernua aldatzeko «alternatiba bakarra» direla. PP aipatu gabe, eskuinaren boto guztiak biltzera dei egin zuen, «ez baitago jokoan nork aginduko duen Espainian».

Geroa Baik foruen monumentuan ekin zion kanpainari. Bere diskurtsoan, Uxue Barkos lehendakarigaiak gogora ekarri zuen duela zortzi urte gertatu zen aldaketa inoiz ez zela posible izango «Geroa Bai gabe». Haren ustez, duela lau urte egungo gobernua ahalbidetu zuten, eta modu horretan PSNren eta UPNren lankidetza gertaberritzeko aukera zaildu zuten.

Orain, berriz, «gobernu ausarta» behar dela aldarrikatu zuen, Madrilgo gobernuaren aurrean Nafarroaren interesak defenditzeko asmoz. «Ez dugu nahi Madrilgo politikaren menpe egongo den Nafarroa bat. Nafarroatik Nafarroarako proposamenak nahi ditugu». Barkosen arabera, legealdi honetan aldaketak «indarra galdu du», eta, horregatik, beharrezkotzat jo du «botoz boto» joera hori iraultzea euren alderdiari botoa emanez. Euskara jarri zuen horren adibide: «Ez dugu egon nahi berriz sozialisten konplexuen uztarripean».

Iragana eta etorkizuna

Baluarten egindako ekitaldian,Laura Aznal zerrendaburuak aldarrikatu zuen ondorengo hauteskunde zikloan Nafarroak asko duela jokoan, iraganeko formula politikoen eta etorkizunekoen artean: «Batzuek iraganera itzuli nahi dute, gutxi batzuen Nafarroa egin nahi dute. Guk aurrera egin nahi dugu, eta etorkizuneko Nafarroa eraiki, bidezkoa eta demokratikoa».

Joseba Asiron Iruñeko alkate izateko apustu handia egin du koalizioak. Baluarteko ekitaldian, lasterketaren azken bihurgune horri «ilusioz, gogotsu eta konfiantzaz» aurre egingo dio. Asironen irudiko, duela zortzi urteko egoerarekin alderatuta, «esperientzia erabakigarria» dute.

Gazteluko plazako kioskoan ilusioz abiatu zuen hauteskundeetako azken txanpa Zurekin Nafarroa koalizioak. Begoña Alfaro hautagaiaren arabera, «lan handia» egin dute egitaraua lantzen, eta gizarte eragileen proposamenak jaso dituzte bertan. Hiru gai nagusi nabarmendu zituen: kalitatezko enplegua, etxebizitza eskubidearen defentsa eta interes pribatizatzaileen aurrean osasun publikoaren aldeko aldarria.

Javier Garcia PPko lehendakarigaiaren arabera, alderdi popularra da Txibiteren gobernua ez errepikatzeko berme bakarra. «PSOE Sanchezen zale sutsuen klub bihurtu da eta horregatik PSOErekin hitzartu nahi duenak ez du ulertu nahi ez dela Txibite edo Sanchezekin elkar ulertzen ari, nazionalismoarekin baizik», aipatu zuen, UPNri erreferentzia argia eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.