Europako Parlamenturako hauteskundeak

'Spitzenkandidat', gatazka sortzen duen figura politikoa

Europako Batasuneko erakundeak, berriz ere, ez daude ados zer prozesu erabili behar den Europako Batzordeko presidentea hautatzeko. Weber eta Timmermans dira Juncker ordezkatzeko faborito nagusiak.

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea prentsaurreko batean, hil honetan, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE.
ander perez zala
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun

Europako Batasunaren (EB) barnean dago borroka, erakundeen eta ordezkari politikoen artean: spitzenkandidat (hautagai nagusia) sistema berriz erabili ala ez. Historikoki, 1958tik, estatu kideetako estatuburuek eta gobernuburuek hautatu dute Europako Batzordeko presidentea, baina 2014ko hauteskundeetan beste sistema bat erabili zuten; talde politiko bakoitzak bere zerrendaburua hautatu zuen, eta agintariek horren eta emaitzen araberako hautua egin zuten. Bozen emaitza errespetatu zuten, eztabaida handien ostean: Europako Alderdi Popularrak (EAP) bildu zuen boto gehien, eta haren zerrendaburu Jean-Claude Juncker proposatu zuten batzordeko presidente izateko. Gerora, europarlamentuak baiezkoa eman zion.

Bost urteren ostean, eztabaida berriz itzuli da EBra. Europako Batzordeak eta Parlamentuak sistema horri eutsi nahi diote, argudiatuta hautesleekiko konexioa indartzen duela, eta izendatuaren zilegitasuna sendotzen duela. Estatuetako agintari gorenek osatzen duten Europar Kontseiluak, ordea, ez du begi onez ikusten prozesua berriz erabiltzea, eta presio egiten ari da betikora itzultzeko; Emmanuel Macron Frantziako presidentea dago agintari horien artean, eta jarrera hori hartu du batez ere nahi duelako Junckerren ondorengoa frantsesa izatea.

2014an erabilitako sistemarekin kritiko diren agintariek argudiatu dute zerrendaburuak «urrun» daudela herritarren errealitateetatik eta egunerokotik; horren adibide, Luxenburgoko lehen ministro Xavier Bettelek esandakoa: «Nire hautesleek ez dute ideiarik ere zeintzuk diren alderdien spitzenkandidat-ak».

Testuinguru horretan, beraz, erakunde bakoitzaren presioek eta interesek erabakiko dute zer-nolako hautaketa sistema gailenduko den. Lehen hitzordua datorren astearterako finkatu dute estatuburuek eta gobernuburuek, parlamenturako hauteskundeak egin eta bi egunera: orduan hasiko dira negoziatzen eta adosten EBko kargu garrantzitsuenak. Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak ekain amaierarako nahi du adostasuna, eurodiputatuak uztailaren 2an baitira eserlekuak hartzekoak.

Hautaketa sistemaz ezer argitu ez duten arren, talde politikoek prozesua jarraitu dute, eta hautatuak dituzte jada euren zerrendaburuak. EAPko Manfred Weberrek eta Sozialista Europarren Alderdiko (SEA) Frans Timmermansek —Europako Batzordeko presidenteordeak— dute aukerarik handiena kargu preziatua lortzeko. Inkesten arabera, EAPk lortuko du diputatu gehien eta, beraz, Weberrek luke presidente bilakatzeko aukera handiena; baina ikusteko dago demokristauen presidentegaia estatuburuen eta gobernuburuen gustukoa den, eta horiek spitzenkandidat sistema errespetatuko duten.

Igandeko bozen ostean, litekeena da lehenengoz demokristauen eta sozialdemokraten batura gehiengo osora ez iristea, Europarlamentua inoiz baino zatituago egongo delako. Beraz, Weberrek zein Timmermansek behar adina babes ez izatea inbestidurarako. Liberalengana jo lezakete, baina talde hori, bozen ostean Macronekin bat egingo duena, spitzenkandidat prozesuaren aurka agertu da, eta horregatik aurkeztu du zazpi kideko taldea, eta ez hautagai bakarra.

Horiek horrela, zerrendaburu batek aldeko gehiengorik ez izateak mesede egingo lieke 2014ko sistemaren aurka dauden agintariei, eta balioko lieke euren hautagaia aurkezteko, 2014ra arte egin bezala. Lasterketa horretan, Michel Barnier frantsesa litzateke faboritoa, EBren brexit-erako negoziatzaile burua.

2014koa nola amaitu zen

Duela bost urte, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa izan ziren spitzenkandidat-aren aurkako ahots garrantzitsuenak, baina, azkenean, presio politikoen eta mediatikoen ondorioz, Merkelek onartu egin zuen sistema hori lehenestea, eta Cameron bakarrik geratu zen. Izan ere, zerrendaburuaren oinarrizko ideia haren alde Batasun Kristau-Demokratak (CDU) egin zuen, eta, horretaz jakitun, negoziazioen asteetan oihartzun handia izan zuten Rolf-Dieter Krause kazetariaren hitzek.

Zuzeneko konexio batean, ARD Alemaniako telebista publikoaren Bruselako berriemaileak honako hau adierazi zuen: «Merkel andrea pentsatzen ari da lotsarik gabeko iruzur bat egitea; ez hitzaren zentzu penalean, zentzu politikoan baizik. Hautesleak engainatzeko aukera du buruan. Hainbat hamarkadatan, eskatu digute Europakoetan [hauteskundeetan] bozkatzeko. Zerrendaburuak izatea haren promesa politiko bat izan zen. Hausten badu, ez da harritzekoa herritarrek bizkarra ematea Europari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.