Nerea Zusberro Alberro.
Qatarko Munduko Kopa. HARMAILATIK AULKIRA

Gazteen erritmoan

2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Munduko Kopetan arreta gune handienetako bat da izar agertu berria nor izango den jakitea. Lehen jardunaldiko partida guztiak jokatuta, bi izen nabarmendu ditzakegu, gaztetasunagatik eta, batez ere, bere taldearen jokoan izandako eraginagatik.

Zaila da jakitea zertan jokatzen duen Jude Bellinghamek, baina erraza da konturatzea Ingalaterra bere erritmoan dantzatzen dela. Dortmundeko jokalariak erdilari postuan jokatzen du, baina zelaiaren hainbat eremu hartzen ditu testuinguruaren arabera. Lehen zatian, bloke baxuan agertu zen Iran, eta goiko posizioetan kokatu zen Bellingham. Ingalaterrari barruko harrera onak eman zizkion, ondoren kanpoko jokalariekin konektatu ahal izateko; eta, azkenik, errematearen bila area zapaltzeko. Pase guztiak ondo egin zituen, 40 guztira. Bigarrenean, Iranen goi-presioaren aurrean, zentraletatik gertu kokatu zen. Jokalari kopuruan nagusitasuna sortuz, joko-irteera erraztu zuen.

Bestalde, Cody Gakpo aipatzean, gol senaz ari gara. PSVko 23 urteko jokalariak hamahiru gol sartu, eta hamazazpi asistentzia eman ditu hogei partidatan. Herbehereekin, ostera, lau gol eta bi asistentzia bederatzi partidatan, Van Gaalek osatzen duen 5-2-1-2 berezi horretan zelai erdia eta aurrelariak lotzen dituen jokalari bakarra izateak dakarren zailtasuna kontuan izanda. Kontraerasoan, bera da espazioei eraso egiteko potentzia handiena duena.

Biek sartu zuten beren taldearen lehen gola. Jude, 19 urterekin, munduko txapelketa batean gola sartu duten jokalari ingelesetan bigarren gazteena da, Michael Owenen atzetik. Gaur hasiko da bigarren jardunaldia, eta biez gozatzeko aukera izango dugu berriro. Ez itzazue bistatik galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.