Andoni Imaz.
Durangoko 56. Azoka. TXANDA HARTUTA

Eguzkirik gabe

2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Chris Markerren Sans soleil maisulanaren bidez ezagutu nuen Sei Shonagon. Sadako enperatrizaren gorteko dama izan zen X. mendeko Japonian, eta gerora Burkoaren liburua deitu zaion kaier bat josi zuen oharrez eta poemaz. Zerrendak idazteko ohitura zuen; horien izena irakurtzea nahikoa da egungo irakurleari ere mundu berezi baterako atea zabaltzeko.

Gauza dotoreak. Gauza tristeak. Egitea merezi ez duten gauzak. Margotuta okerrera jotzen dutenak: «Krabelinak, gerezi loreak, arrosa horiak. Ipuin erromantikoetan laudatutako gizon-emakumeak». Margotuta hobetzen direnak: «Pinuak. Soroak udazkenean. Mendiko herrixkak eta bidexkak. Kurriloak eta oreinak. Negu hotzeko eszena bat. Udako eszena sapa bat».

Marker gehien aztoratu zuen zerrenda izango da gogoangarriena irakurle askorentzat ere: Bihotz taupadak azkartzen dituzten gauzak: «Txolarreak kumeei jaten ematen. Umeak jolasten diren toki batetik igarotzea. Intsentsua erre den gela batean lo egitea. [...] Gaua da eta bisita bat espero du. Ustekabean harrapatu du haizeak pertsianen aurka jaurtitzen dituen euri tanten soinuak».

Aurten, denbora eta espazioa aldatu dira Landakon. Guneak beste itxura bat hartu du ordu eta erdiko txandekin eta, bereziki, txanda arteko hutsuneekin. Inoiz baino presa handiagoarekin sartu dira bisitari asko, erosketen zerrenda eskuan, lanak lehenbailehen konplitzeko asmoz. Eta salmahaietako langileak, berriz, bisitari arraro bihurtu dira egunean ordu pare batez.

Hobeto, okerrago edo bihotz taupadak azkartzeko moduan, nork margotzen duen.

Komentario ohikoa izan da, lehen azoka egunetan batez ere: aurten egin egin behar zela, pasatu den guztia pasatu eta gero, baina ez zela gai izango parte hartzaile guztiek behar zuten berotasuna emateko: ez barrenean, ez patrikan.

Datorren urteko desiren zerrenda idazten hasita, horixe izan liteke seguruenik nahirik naturalenetako bat, topaguneari segurtasun tarteak kentzea, beroari bere bidea egiten uztea. Nondik eta nola hazi beste kezkarik ez izatea, berriz erortzeko beldurra galduta.

Sans soleil, berriro. Narratzaileak honako hau esaten du pasarte batean: «Gurean, eguzkia ez da guztiz eguzki, baldin eta ez bada distiratsua; iturri bat ez da iturri, gardena ez bada. Hemen, adjektiboak jartzea objektuei prezioaren etiketa ipinita uztea bezain zakarra da. [...] Bada modu bat esateko barku, harri, ihintz, igel, bele, kazkabar, koartza, urrelili, dena jasotzen duena».

Akaso hori da datorren urteko azokari eska dakiokeen gauzarik zintzoena: ez urruneko, ez fisiko, ez tarteko, ez lehengo; adjektiborik gabeko azoka bat izatea, azoka guztiak jasoko dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.