Euskadiko Orkesstra
Zuzendaria: Christoph-Mathias Mueller. Biolina: Frank Peter Zimmermann. Egitaraua: L. V. Beethovenen Fidelio obertura, A. Vepriken Bi poema eta E. Elgarren Biolina eta orkestrarako kontzertua op.61. Lekua: Donostia, Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Apirilak 21.Euskadiko Orkestra bere abonu denboraldiaren zortzigarren programa aurkezten ari da egunotan, aspaldiko lagunak eta eszenatokietan berriki berreskuratu den obra bat biltzen dituena, Robert Treviño zuzendari titularrak hain ezagunak ez diren piezak interpretatzeko ezarri duen ereduari eutsiz.
Ludwig van Beethovenek idatzitako opera bakarraren oberturak ireki zuen kontzertua, arrazoi politikoak direla-eta espetxeratutako gizon baten askapena kontatzen duen istorioa. Lehen konpasetan desoreka eta doitasun falta apur bat sumatu baziren ere, batez ere metalen sekzioan, gerora soinua finkatu egin zen, obertura honetan kondentsatzen diren indarra eta bultzada hedatuz.
Berritasuna, aldiz, Alexander Veprik errusiarraren obran zetzan. Irakasle eta konpositore garrantzitsua izan zen XX. mendearen lehen erdian, eta harremana izan zuen Europako abangoardiarekin; baina Sobietar Batasunaren garaian ere bere erro juduen musika erabili izanagatik espetxeratu, eta gulagera bidali zuten. Handik lau urtera askatu zuten, egoera deitoragarrian. Garai hartan idatzi zuen, besteak beste, Bi poema diptiko sinfonikoa, gerora ahaztu zena. Hain zuzen ere, Christoph-Mathias Muellerrek ekarri zuen gogora duela urte gutxi, lehen grabaketa zuzendu baitzuen. Hala, Euskadiko Orkestrak ezohiko aukera zabaldu digu obra honetaz gozatzeko, egoera tamalgarriak sortutako malenkoniaren pean nahasten diren emozio eta koloreak deskubritzeko. Flauta zein biolin bakarlariak fin, baxuak tentsio ederrean eta haizeak distiratsu bigarren mugimenduaren allegro vivace-an. Veprik gehiago entzuteko pizgarria.
Frank Peter Zimmermannek hartu zuen kontzertuaren bigarren zatiaren zama, Muellerren gidaritza ziurra lagun. Exijentzia handiko kontzertua da Elgarrena, bizia eta trinkoa. Baina bereziki luzitzen da alemaniarraren eskuetan, kadentzian zein allegro-aren ñabardura anitzetan bezalaxe, azken urteotan gure orkestrarekin ehundu duen konplizitatea erakutsiz. Izan daitezela gehiago.