Maialen Berasategi Catalán.
HIRUDIA

Nor ez dagoen

2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Morbo txiki bat, morboxka bat, morboño bat pizten du, aitor dezagun, ingurukoen bestetar miretsiak zein diren jakiteak. Eta (halakoetan ere) zeinen ederra atsekabean lagun ez baizik bestezaletasunean lagun dugun jendea aurkitzea: besteak beste Conrad eta Céline aipatu zituen Jon Alonsok orain dela pare bat aste, eta gogora etorri zait, ezinbestean, nola gozatu dudan haien liburu batzuk leituz, Gauaren muturrerainoko bidaia aldez eta moldez ikaragarria irakurriz batez ere, zeina, segur aski, obra funtsezkoa eta mugarria izan baitzaigu askori esnealdi literariotik esnaldi literariora doan bide beti burutugabean. Ez da nolanahiko liburua, ez eta nolanahiko itzulpena ere, Matías Múgicak guztiz maisuki euskaratu baitzuen, 90eko hamarkadan, bestela ere maisulana zena (Múgica bera ere ez da baitezpada edonolako figura guretar/bestetar bereizketa horretan...). Honatx haren aribide bikainaren adibide bat: «Baina baziren beste batzuk, egonarritsuagoak, uste baitzuten soilik sifilitikoa nintzela, eta batere gezurrik gabe eroa, eta beraz bakea etorri arte giltzapean eduki beharrekoa, [...] zerengatik haiek, beren adimendu osoaren jabe zirenek, hala zioten, zaindu nahi omen ninduten eta bitartean beraiek egingo zuten gerra. Horrexek frogatzen du zentzudun kontsideratua izan nahi baduzu, egundoko azal gogorra izatea dela onena. Azala gogorra baldin baduzu, hori aski izaten da, ia dena libre duzu orduan, maioria alde daukazu, eta maioriak dekretatzen du zer den eroa eta zer ez». (Eta barka digresio erredundantea, baina kexatu dadila inor gero, to/ño, euskara batuak ez duela ez esanindarrik eta ez graziarik batere.)

Halaxe, berdin-berdin, maioriak edo gehiengoak dekretatzen du zer den literatura ona eta zer ez? Alonsok berak egindako galdeari jarraikiz, irakurle gehien duen liburua edo gehien saltzen dena ote da obra ona ofizialki? Idazle batek nahikoa al du «adiskide fidelen kapilla» bat merkatu txikien salmentagabezia berdintzeko eta «arrazoi» duela sinesteko? Egia esan eta egiari zor, egia da: segur aski ez du askorik inporta nork duen benetan arrazoi. Baina inporta du, eta dezente gainera, nork duen ahotsa.

Salbuespenak salbuespen, argazkietan Espainiako monarkiarekin azaltzeko ohorerik izan ez duten idazlez osatuta dago gure sistema, baina horrek ez du esan nahi gure idazleek ez dutenik ez eraginik eta ez ahotsik (eta, oraingoan, ez beza gaizki-usteren batek gaizki pentsa, gure diodanean zentzu zabalean esan nahi dut gure: euskal idazle guztiez ari naiz). Ezer argitaratzen duen orok baitu boza (gero, jakina, bozgorailuaren indarrak ebazten du, hein handi batean, noraino norenganatzen diren ahots jakin bakoitzaren uhinak). Nik neuk, idazle izan gabe ere, modua dut hiru astean behin egunkari honetan literaturaz txor-txor aritzeko. Baina zergatik eman zait ahotsa (hain justu niri)? Zergatik eman zaigu aukera hau, adibidez, hiru hirudikideoi, eta, areago, zergatik onartu dugu (hain justu guk) aukera baliatzea? Zergatik gu bagaude? Ez ote zaie orobat erreparatu behar, ezinbestean, absentziei? Alegia: nor ez dago? Nor ez da ari? Nor ez da ageri (ia) inoiz (ia) inon, ez prentsan, ez argitaletxeen liburu berrien zerrendetan? Eta zergatik? Rikardo Arregik, joan den astean, ohartarazi zigun badela «ukiezina ukitzeagatik» «idazpostua galdu» duenik; bada, horren ifrentzuan, seguru badela «ukitu behar dena» ukitu ez duelako idazpostu bat lortu ez duenik. Edo are: seguru badirela (badaude, bai) inork aukera emanda ere eta barren-barrenean gogo bizia izanda ere idazpostuari uko egin diotenak, beren kabuz, itxuraz inork hartaratu gabe. Ez alferrik, beti esaten da autozentsura dela zentsuramolderik eraginkorrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.