Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kanpaina

«Euskal presoak etxera ekartzera» joan nahi du EH Bilduk Madrilera

«Preso politikorik gabeko jendarte bat» ezarri dute helburutzat. Olanok dei egin die presoak ekartzearen aldekoei «etxean» geldi ez daitezen

EH Bilduko hautagaiak, atzo, Martutenen. BERRIA.
gotzon hermosilla
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
«Euskal presoak ekartzea» da EH Bilduk bere buruari ezarri dion eginkizuna datorren legegintzaldirako, eta ekitaldi bat egin du Martuteneko espetxearen aurrean (Donostia), gogorarazteko horretarako ere joango direla Madrilera: «Urrats garrantzitsuak egin ditzakegu presoak, deportatuak eta iheslari politikoak etxerako bidean jartzeko».

EH Bilduko bi hautagaik hitz egin dute espetxe aurrean eginiko ekitaldian: Juan Mari Olano Gipuzkoako diputatugaiak eta Txusa Etxeandia Bizkaiko senatarigaiak. Haien ustez, «anomalia demokratikoa» da «mendekuan oinarritutako espetxe politikari eustea» oraindik, are gehiago kontuan hartuta ia zortzi urte igaro direla ETAk jarduera armatua bukatutzat eman zuenetik.

«Presoei salbuespeneko neurriak ezartzen dizkiete, eta presoen senide eta lagunak ere urtean milaka kilometro egitera behartzen dituzte», azaldu dute. Haien ustez, horrek erakusten du Espainiako Estatua «etengabeko anomalia demokratikoan» bizi dela, orain «inboluzio antidemokratikoaren haizeak» gogorrago jotzen ari diren arren.

EH Bilduk akordioa egin du ERCrekin, apirilaren 28ko hauteskundeen ostean batera aritzeko Espainiako Gorteetan. Lau xede nagusi ezarri dituzte, eta horietako bat da Euskal Herriko eta Kataluniako presoen afera. EH Bilduko hautagaiek uste dute «preso politikorik gabeko jendarte bat» eraikitzeko bidean erabakigarria izan daitekeela bi indar subiranisten arteko elkarlana.

EH Bilduren arabera, Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialak «makina bat aldiz» adierazi du «elkarbizitza demokratikoan bidea egiteko nahia», baina Espainiako Estatuak «oztopoak» jarri dizkio borondate horri, eta nahiago izan du «mendekuan oinarritutako espetxe politikarekin jarraitzea».

Olanok dei berezia egin die zalantzan daudenei, batez ere gazteei. Gogora ekarri du joan den astean EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak agiri bat plazaratu zuela, eta dei egin zuela EH Bilduren aldeko botoa ematera. Olanok dioenez, «nekez uler daiteke presoen etxeratzea aldarrikatzen duen inork bere botoa etxean uztea», kontuan harturik «kartzelan daudenek horrelako balioa ematen diotela EH Bilduren aldeko botoari abagune historiko honetan».

Altsasuarrak«iraindu»

EH Bilduko Nafarroako zerrendaburu Bel Pozuetak ekitaldi batean parte hartu du Altsasun (Nafarroa), Arnaldo Otegi koalizoko koordinatzaile nagusiarekin batera. Joan den astelehenean TVEn antolatutako eztabaida izan du hizpide, eta esan du eztabaida hartan Altsasu ahotan hartu zutela «altsasuarrak iraintzeko». Han emakumerik ez egotea ere kritikatu du.

Navarra Suma koalizioko kide den Ciudananos alderdiak esandakoa aipatu du Pozuetak: «Nafarroako autogobernua bertan behera utzi nahi dute», adierazi du, eta salatu «Europako alderdirik ustelenak, eskuin muturrak eta betiko frankistek» bat egin dutela.

Pozuetak esan duenez, Nafarroaren etorkizuna «nafarrek» erabakiko dute: «Nafarroa nafarrok nahi duguna izango da, guztion artean erabakitzen duguna», adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.