Aner Euzkitze.
MELE

Burbuila lehertu arte

2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Ez dakit kontzeptu abstraktu handien zelaian jokatu nahi dudan. Ez dut zorionik bilatzen, ez dut maitasunik behar, bakea eskuragaitza zait, askatasuna kezko eta egonkortasuna ezko. Nire tontakeria bertsuak egingo dituen jendearekin pasatu nahi ditut orduak; neure burua barne. Sasi-oporretan ere bai.

Horretara etortzen naiz udalekuetara. Tira, horretara etortzen naiz eta inbidiak zulatzen didan birika zatitxoa betetzera ere bai. Nik ume izan nahi dut, eta sentitu eta ziurtasun osoz jakin niretzat egin duten mundutxo baten parte aktibo naizela, urtean zehar ikusiko ez dudan baina nire oso antzekoa den jende bat existitzen dela, zaletasun bakan berak partekatzen ditugula, zaindua sentiaraziko dugula elkar... eta ja ez didatenez uzten, ba titulua atera nuen Burgosen kutre-kutre, eta begirale etortzen naiz.

Ez daukazue zuek pentsatu beharrik, e. Nik ere badakit asko idealizatzen ditudala udalekuak eta ez dela erreala hori guztia. Gure udalekuetan ere badauzkagu gure mierdak. Baina uste dut garrantzitsua dela, neurri batean, udalekuen magia efimero hori idealizatzea. Udalekuak gune seguru, aske eta zoragarria direla sinesten badugu, desesperanteagoa irudituko zaigu burbuila horretatik kanpoko mundua, baina aldi berean izango da pertinentea guretzat nahiko genukeen mundu horren irudia gogoan izatea, eraiki nahi dugun horrek nolakoa beharko lukeen eta eraikitzen nondik has gintezkeen intuitzeko. Eta batik bat, posible dela (eta posible egin izan dugula) sinesteko. Akaso ez da izango, baina hori da gure jolas-zelaia.

Eta jolasean gabiltzan artean, utz ezazue bakean gure burbuila. Hau gure txiringitoa da, eta ez diogu inori desmuntatzen utziko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.