Goiatz Labandibar.
MELE

Maleta

2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Maleta egitea artea da. Izaten da ohitura pertsonak A eta B kategoriatan banatzekoa: hau egiten dutenak edo ez. Pizza ananarekin gustatzen zaienak eta ez zaienak. Mikel Laboaren zaleak, edo Benito Lertxundirenak. Patata tortilla tipularekin edo gabe jaten dutenak. Iratzargailuak jo orduko jaikitzen direnak edo bost minutuka atzeratzen dutenak esnatzeko momentua. Eta badaude maletak egiten dakitenak, eta ez dakitenak. Bigarren horietakoa naiz ni. Toalla, xira, errekako sandaliak, eguzkitarako krema, Fortasec, tanpoiak... beti ahazten zait eramatea ebidentea eta beharrezkoa den gauzaren bat (abantaila: hurrengoan sartzen dudan lehenengoa horixe izaten da, azkeneko aldian ahaztu nuena; nahiz eta agian, pijama ahaztuko dudan hurrengo horretan).

Maleten arabera nolakoa zaren dioten ikerketak badaude. Baldin badaude izen-abizenen eta lanbidearen arteko loturak aztertu dituzten unibertsitate-ikerketak, nola ez da ba maletei buruzkorik egongo? (Egia berdaderoa da izen-abizen eta lanbideen arteko loturen ikerketarena, AEBtako Wayne Estatuko Unibertsitateak egin zuen). Ikerketa horien arabera, batek daraman maletaren arabera jakin daiteke lehenengoz elkarrekin bidaiatzen duten bikotea diren, abenturazaleak, ohiko bidaiariak, familia osoak…

Nire maleta abiblofobiko batena izan ohi da. Libururik edo irakurgairik gabe geratzeko beldurra da abiblofobia. Larritasuna eta itomena sentitu izan duzue noizbait oporretara eramandako azken liburua geroz eta orrialde gutxiago geratzen direlako bukatzeko? Horregatik, nahigabe hori sentitu baino, nahiago izaten dut maleta liburuz bete —liburu askoz bete— eta batzuk irakurri gabe bueltatu.

(Maleta egiten ari bazarete, gomendio bat: Sergei Dovlatovek idatzi eta Amaia Apalauzak itzulitako Maleta liburua sar ezazue).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.