Albistea entzun

MELE

Frikikeria

Oihana Arana -

2022ko abuztuak 13

Uste dut denok dakigula, eta nik ere badakit: zerbait egiteko grina izan eta horretan buru-belarri aritu ahal izatea da, zalantza handiegirik gabe, plazeraren gorengo puntua. Neure burua ez ezik, ingurukoak ere hala ikustean dar-dar egiten dit barruan zerbaitek.

Ines Osinagari aditu nion behin gauzak egiteko bi manera daudela: gauzak egin daitezke ondo, ala egin daitezke benetan. Eta, akaso, benetan egiten direnean bakarrik egiten dira ondo.

Norbera asebetetzea beste helbururik ez dutela diruditen gauzen apologia egitera nator gaur; norbera asebetetzeaz gaindiko funtzioak betetzen dituztelako sarri.

Horren adibidetzat dakart Lokatz Loreak taldea: bertsozalegoa Navarra Arenako sarrerak konbultsiboki erosten zegoen bitartean sortu duten ekimenak zeharo nauka liluratuta. Haiei interesgarri zaizkien gaien inguruan kantari jarriko dituzte haiek erabakitako hainbat bertsolari. Gaur aurreneko laurak, Zornotzan. Ikusi nahi ala ez, hedonismo hutsa baino gehiago dago honen guztiaren atzean: diskurtso eta gorputz batzuei autoritatea aitortzea eta, beraz, beste batzuei ez; plazara jauzi egitear dagoen belaunaldi baten akuilu izatea; sorkuntza kolektiboaren aldeko aldarria; diziplinartekotasunaren aldekoa... Zaintza, zaintza eta zaintza. Ez da bertso sistema irauliko duen ekintza izango, baina ai, zeinen ederra den arrakala zaharrei kimu berriak jaiotzen ari zaizkiela ikustea.

Badut, ordea, kezka bat. Friki saio deitu diete saioei, eta haiek «friki» lez izendatzen ere aditu izan dut nor edo nor. Ohiko, «berezko» denetik at nahi dugunari buruz nahi dugunekin aritzeko tartea hartzeari frikikeria deitu behar izatea ez ote den sistema egonkortuegi dagoen seinale...

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...